Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Euskaltelen wifi sare berriaz

Euskaltelen wifi sare berriaz

Gari Araolaza 2015/03/17 15:15
Azken egunotan irakurri dugu nola Euskaltelek WIFI bidezko sare bat sortu duen etxe bakoitzeko routerrak erabiliz.

Zer den sare berri hau

Hemendik aurrera, Euskaltelen bezeroen etxeetako wifi routerrak aparteko sare bat emango du, Euskaltelen edozein bezerorentzat erabilgarri izango dena.

Sistema honekin, nik Eibarren Euskaltelen konexioa baldin badut, Bilboko kale batean beste norbaiten etxeko wifia erabili ahal izango dut, bere etxe parean jartzen banaiz adibidez.

Ideia ez da originala

Ideia ez da berria. Martin Varsavskyk 2005-ean sortu zuen FON enpresa, eta hori zen bere ideia. Kontua da sare hau oso poliki hazi dela, eta toki askotan gutxira ere joan da. Horregatik, FONen estrategia azken urteetan operadoreekin tratuak egitea izan da.

Horrela lortu dituzte sare zabalak hainbat herrialdetan, Frantzian adibidez: SFR enpresarekin tratua egin eta SFR-ren wifiak bi sarerekin konfiguratuta bidali dituzte etxeetara. Sare bat norberarena, pribatua, eta bestea FON-ena, pasahitz batekin harpidetutako edonork erabiltzeko moduan.

Wifia konpartitzearen alde nago

Ni ekimen hauen alde nago printzipioz. Internet konexioaren kapazitatearen ehuneko oso txikian erabiltzen dugu. Orduan, zergatik ez partekatu beste batzuekin?

Gorroto dut "wifia lapurtu" entzuten dudanean. Nire sarea norbaitek erabiltzen badu eta niri ez badit enbarazu egiten, zergatik ez diot utziko erabiltzen?

Routerra ez da zurea (normalean)

Bestalde, askori irakurri diot "nire routerra ez dut utziko" eta horrelako hainbat. Bada, normalean router hori ez da zurea. Nik Pepephoneren ADSL dut etxean, eta kasu horretan bai, routerra nirea da, nik eskuratu dut eta nik konfiguratu dut nahi nuen moduan. Hor nik erabakitzen dut.

Euskaltelen kasuan, beste sare hori baldin badaukazu, uste dut routerra ez dela zurea, Euskaltelena da, aizu. Euskaltelek zuri Internet zerbitzua ematen dizu, eta ematen jarraituko du.

Gainera, ez bazaizu ideia gustatzen (beste arrazoi pertsonalen batengatik, wifiaren radiazioen beldur bazara adibidez), deitu Euskaltelera eta blokeatzeko eskatu. Akabo arazoa.

Segurtasun eta abiadura kontuak

Ez dut uste sare berri bat jartzeak segurtasun arazo gehigarririk sortuko duenik. Sistema konplexuagoa denez, agian arazo puntualen bat egon daiteke egoera egonkortu arte, baina besterik ez litzateke egon behar.

Abiadurari buruz, printzipioz kable bidezko konexioak direnez abiadura gehigarria handitzeko aukera gehiago izango dute, ADSL batekin gertatzen ez dena.

Euskaltelen papera

Euskaltelek ez du behar den bezala komunikatu (historikoki Euskaltelen komunikazioa oso txarra iruditu izan zait, kasu honetan ere antzera). Agian zabalkunde honek zer ikusia du burtsako operazioekin (ideiarik ez nuen, oraintxe enteratu naiz), baina niretzat 2005. urtean ideia ona zen eta jarraitzen du ona izaten.

etiketak: fon, euskaltel, wifi
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon