Paris, Elgeta: Blogs & Beers

Elgetan bezala, apirila honetan Parisen blogeatzen dabiltzatenak Paris Blogue-t-il? izeneko Blogs & Beers batean biltzera doaz gaur.
Parisek 11,5 miloi biztanle ditu eta 210 blogari apuntatu dira. E-gorrek bezala, konparaketak egiten hasita, 600 mila hiztun baino ez dituen herri honetan, Parisko proportzio berdina izateko, Elgetan 11 blogista biltzea behar dugu.
Parisen 11.500.000 biztanle ----> 210 blogari Parisen
EHan 600.000 euskaldun ----> 11 blogari Elgetan
Baina, seguru gehiago batzen garela! Ni behinik behin han izango naiz.
Bide batez, ez dakit zer dioten marketinean espertoak direnak, baina oso tradizionala iruditzen zait Parisen prestatu duten kartela hain moderno dirudien blogeatze honetarako :-)
Hala ere, ideia on bezala, argazki lehiaketa antolatu dute Les fenetres de la blogosphere : blogosferaren lehioak.
Software agenteak info-digestiorako

New Scientist aldizkariak Corpora Software aipatzen du bere artikulu batean : Software agents give out PR advice
Beste batzuk bezala, Corpora Software enpresak Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan (LNP) erabiltzen diren algoritmoak erabiliz, zelatarako, ezaguera agertarazteko eta kudeaketarako softwarea garatzen ditu.
Adibidez, artikulu edo albiste baten zentzua aztertzeko - funtsean positiboa, negatiboa edo neutroa den automatikoki jakiteko -, software produktua daukate eta merkatuan harreman publikoetan izan ditzakeen aplikazioak aztertzen ari dira. Nolabait dokumentu elektronikoen "tonua" aztertzen ari dira.
Zentzu berean, IFTF -en diote blogek kontsumitzaileengan duten eragina eta kontsumitzaileek "erosteko erabakia" nola hartzen duten aztertzen ibili dira.
Ailegatu diren ondorioetariko bat: irakurtzeko larregi dago eta gero eta gehiago izango da, beraz informazio fluxuak eta edukien azterketa egiteko sistema automatizatuen premina gero eta handiagoa izango dugu.
Ba ez, agente horiek ez dira txarto etorriko irentsi behar dugun informazio guztia digeritzeko eta, Cornella-k zioen bezala, infoxikatuak ez bukatzeko
Irratiaren amaiera, Al Gore eta etorkizuneko Telebista

Gaurko Irratia.com saioa entzuten, Wired aldizkariaren The End of Radio alearen, irratiaren etorkizunari buruzko zenbakiaren, berri izan dut.
Gainetik begiratuta, beti bezala, Wired-en alea interesgarria dirudi.
Podcasting-ari buruz ari dira une honetan Jabi Zabala eta Patxi Gaztelumendi . Gure artean beraiek dira aitzindariak, baina nonbait irakurri dut Bideo-blogging-ak podcasting-a gaindituko duela: 2005 : Le video-blogging va-t-il surpasser le podcasting ?
Izan ere, gaur goizean entzun dut AEB-etako hauteskundeetara aurkeztu zen Al Gore jaunak gazteei zuzenduta eta bideo-blogging-arekin zerikusia duen Telebista proiektu berri batean sartu dela. BBC News dixit: Al Gore launches youth TV channel . Al Gore hor badago ez da izango txantxetako kontua. Etorkizuneko telebista, blogak bezala gu geuk egina.
Ekonomi Gerizan. Hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna

Gehienetan bezala, txosten interesgarriak Aurrezki Kutxen Federazioaren Ekonomi Gerizan argitalpean. Joan zen astean, zenbaki berria plazaratu zen. Ekarpen asko eta mamitsuak, eta ekarpenen laburpenak irakurrita ideia ona har dezakegu txostenetan aurkituko dugunaren inguruan.
Ostegunean kaleratu zen zenbaki berriak 19 txosten edo ikerketa dakar, hiru ataletan sailkatuak:
- Lehen atalak Epe luzerako hazkunde ekonomikoa: ikuspegi orokorra du izenburutzat
- Hazkunde ekonomikoan eragiten duten faktoreen analisia da bigarren atalaren ardatza.
- Hazkunde ekonomikoa: zenbait ebidentzia enpirikoren analisia da azken kapituluaren izenburua.
Mikel Navarro-ren Lehiakortasunaren analisia EAE eta Nafarroan edo La Competitividad del Pais Vasco y Navarra frente a los nuevos paises miembros de la UE. Las falacias de la competitividad aipatu nahi nuke hemen. Alde batetik ESTE -ko irakaslea delako baina, batez ere, fundamentu askorik gabe EAE-ren bilakaera ekonomikoari buruzko iritzi eta artikuluak idazten diren garai hauetan, datu zehatzetan oinarritutako analisi sakonak eskaintzen dituelako Mikel Navarrok.
Askok ukatu arren, azken urteotan per capitako errenta mailen eboluzio ikusgarria izan da, bai EAE-n bai Nafarroan. Baina etorkizunari begira kezkagarria da hobekuntza okupazio tasetatik etorri delako eta ez, ordea, produktibitate-tasaren gehikuntzetatik.
Aztertutako produktibitate faktoreetan (langilegoaren kualifikazioa, kapital-zuzkidura, I+G gastua, sektore egitura), azken urteetan asko hobetu arren, nahiko atzean gabiltzala dio Mikel Navarro irakasleak. Espainaren gainetik, bai, baina Europako eta AEBetako bataz bestekoen oso-oso azpitik!
Mikel Navarroren ustetan, lehiakortasunari dagokionez, Euskal enpresentzat mehatxua ez dago, askotan pentsatzen den bezala, Europa Batasunaren ekialdeko estatu berrietan zeuden enpresetan, baizik eta herrialde horietan kokatutako kapital atzerritarreko konpainietan. Konpainia horiek geuriek duten antzeko produktibitate, edo kasu askotan hobea, dute, baina lan-kostu urriagoak dituzte, eta horietan dago mehatxua lehiakurtasunaren ikuspegitik.
Txostena, .pdf formatoan, hemendik deskargatu daiteke. (Adi 335 KB. Erregistroa beharrezkoa, baina doan da)
