Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Teknosexua: Robotak laster robokumeak egiten

Eneko Astigarraga 2005/02/02 20:46

Atzo, Garik teknosexua izeneko bloga ireki zuen, igandean Andu Lertxundik teknosexualen sexu birtualarekin kezkatuta zebilenean aitzakia eman ziolako.

Gaur, gaiaren inguruan Guardianek albistea argitaratu du eta Robotics edo we make money not art blogek erreferentzia dakarte:

Hego-Koreako Intelligent Robot Research Lab delakoan Kim Jong-Hwan bezalako koreanoek, robotei futbolean jolasten irakasteaz aparte, kromosoma artifizialak ezarriko dizkiete izaera propioa eta sentimenduak izan ditzaten (gozea, logura, haserrea, poza, beldurra, ...).

Horien artean, ezaugarri sexualak jarriko dizkiete robotei, kromosoma ezberdinak alegia, eta etorkizunean, nahi badute, robokumeak (?) egiteko prest izango dira.

Momentuz ez dute argitu roboten artean kromosomak trukatzeko beharko den pendrivearen tamaina minimoa, baina laborategi koreanoetan zurrumurrua dabil: tamaina ez omen da izango erabakikorra ...

Munduko Unibertsitate onenak

Eneko Astigarraga 2005/02/02 00:21

Shanghai Jiao Tong University-ko Institute of Higher Education delakoak munduko 500 unibertsitate onenen zerrenda argitaratu du .

Ez dakit nolako fidagarritasuna duen, baina sailkapena egiteko metodologia agerian dute: Nobel sarien kopurua ikasle izandakoen artean, berdin gaur egun irakasle edo ikertzaile direnen artean, artikulu akademikoen kopuru eta kalitatea, etabar.

Ondorioz, 500 onenen zerrenda egin dute, eta erabilitako kriteriaren arabera, munduko 10 unibertsitate onenak hauek dira:

  • Harvard University
  • Stanford University
  • Cambridge University
  • University of California, Berkeley
  • Massachusetts Inst Tech
  • California Inst Tech
  • Princeton University
  • Oxford University
  • Columbia University
  • University of Chicago

Beste hiru zerrenda ageri dira, Amerika, Europa eta Asiako 100 unibertsitate onenekin.

Ez dago unibertsitate euskaldunik Europako 100 unibertsitate onenen artean. Tokiko edo inguruko eraginkortasuna dute helburu eta estrategiatzat hemengo unibertsitateak eta ez, ordea, estrategia globala. Inportantea da tokiari ondo lotua izatea, erroak ondo sustraituak izatea, baina gaur egun gero eta globalagoak dira Unibertsitateak.

Esate baterako, azken bi urteetan Michael Porter Harvard-eko irakasleak zuzenduta Competitividad Empresarial y Desarrollo Regional izeneko ikastaroa eman da ESTEn. Zenbait klase bideokonferentziaren bitartez jarraitzen direlarik. Etorkizunean joera hau areagotu egingo da.

Europako Top 100 zerrenda horretan, oso atzean, baina ageri dira, estatu espainoleko bi unibertsitate: Universidad Autonoma de Madrid eta Universitat de Barcelona eta askoz aurrerago sailkatuta Frantziako hamairu unibertsitate: Paris 06, Paris 11, Universite Strasbourg 1, Ecole Normale Superieur de Paris, Paris 07, College de France, Universite Grenoble 1 , Universite Montpellier 2, Paris ondoan dagoen Palaiseau-ko Ecole Polytechnique, Universite Lyon 1, Paris 11, eta sailkapen honetan gertuen ditugunak Universite Bordeaux 1 (www.u-bordeaux1.fr2 ) eta Universite Paul Sabatier - Toulouse 3 (www.ups-tlse.fr).

Sostengu eta prestakuntza gutxi

Eneko Astigarraga 2005/02/01 08:21

Garagoittiko Orakuluak Linuxari agur esan dion egunean eta azkenean Gari Linuxeroak Teknosexua Geek euskaldun baten memoriak bloga aurkeztu duen egunean, Porto Alegreko Foro Sozialean itzulpengintzan soft librearen erabilera goraipatzen dela irakurtzen diot Roland Piquepaille-ri bere How new technologies are modifying our way of life blogean.

Eremu honetan, itzulpengintzan, software libreko itzulpen automatikorako sistema iragarri dute duela gutxi. CodeSyntaxen ere software librean garatu ditugu itzulpengintzarako , itzulpen memorietarako, lagungarri izan daitezken tresnak.

Beraz, argi dago software libreak etorkizuna duela. Esate baterako Firefox 1.0, Plone 2.0-Zope , Linux 2.6 , ... 2004 urteko produkturik onenak (Top Products of 2004) izendatu ditu eWeek bezalako aldizkari batek. Milaka produktu eta aplikazio daude.

Kode irekiak garapen teknologiko endogenoa bideratzen du, ezagueraren teknologikoaren zabalkundea, gehitzea eta biderkatzea azkartzen du. Beraz, administrazioak bultzatu beharko luke eta ez oztopatu .

Normalean, CodeSyntaxen Software librearekin lan egiten dugu: Zope, Coreblog, OpenGroupware, Tumatxa eta beste aplikazio askorekin, baina arrazoia du Oierrek soporte gutxi eta formazio gutxi dagoela esaten duenean: Linux sistema eragilliaren tripak aztertzen genduzen, eta... nik ez najuan hori nahi. Nik Windowseko ordenadore bat erabiltzen ikastea besain azalpen errezak nahi najittuan. Neri Linuxa zelan funtzionatzen daben ez zestan ardura; ni zelan erabiltzen zan nahi najuan jakin bakarrik.

Bada, bai software libreko aplikazioak zelan erabili irakasteko ikastaro gutxi daude: Openoffice - word, excel eta accesen ordez - nola erabili, Linuxeko lau gauza nola egin, eta horrelakoak behar dira, baina KZ-etan edo eskoletako informatika orduetan ez dira irakasten. Behin eta berriro, Microsoft aplikazioak erakusten dira, hori ezagutzen dugu eta horregatik Oierrentzat eta gehienontzat hori da naturala.

Noizbait aldatu beharko dugu.

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.