Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

Oier Araolaza 2013/12/09 15:05
Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi.

Aritz Ibañez-ek idatzitako Maridomingi Go Home! sarrerari erantzuten hasi naiz, baina gehiegi luzatu eta azkenean blogera ekarri dut. Mari Domingirekin egiten ari garen hankasartzearen salaketan sakontzera nator.

Olentzerotik Bizar Zurira

Ezin da ulertu Mari Domingiren sorrera eta hedapena, Olentzero beraren bilakaera eta transformazioa kontuan hartu gabe. 1950eko hamarkadan Olentzero Lesakatik Iruñera eraman eta ondoko hamarkadan Ikastolek Euskal Herri osora hedatu zuten. Orain zazpi urte idatzitako "Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?" artikuluan salatu nuenez, Olentzero pertsonaia zarpail, desatsegin eta mozkortia, papa-noelizatu egin dugu. Sinkretismo horren ondorioz, orain Bizar Zuri iragartzen digutenean ez gara gai jakiteko Santa Klaus edo Olentzerotaz ari zaizkigun. Total, ba al dago alderik?

Olentzeroren liftinean kultura popular bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria hezur-muinetaraino sartu digu merkataritza industria ipar-amerikarrak. Euskaldunok asmatu genuen Gabonetako iruditeria ñoño eta otzanari iskin eginez, erakarmena eta beldurra batera pizten zituen pertsonaia zakar eta misteriotsua festa mengelaren erdian ezartzen. Baina ez gara gai izan Eguberri globalizatuen homogeneizazio erauntsiari aurre egiteko. Olentzero Santa Klausekin fusionatu zaigu.

Festaren infantilizazioarekin, gero eta umeagoentzat, gero eta produktu txepelagoak nola ekoizten ditugun ederki salatu zuen Xabier Etxabek Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa? artikuluan, eta Olentzeroren transformazioa horren adibide garbia da. Festak umeentzat eraldatzeak ez die ez umeei ez gizarteari mesederik egiten. Ustez umeen hobe beharrez egiten den guztia ez da umeen onerako gertatzen. 

Mari Domingi

Eta berdintasunaren izenean egindako guztia ez da berdintasunarentzat mesedegarri gertatzen. Mari Domingiren asmakuntza, Olentzeroren alboan, emakumezko erreferente bat eskaintzeko egin da. Baina Aritz Ibañezek salatu bezala, "bilatzen diren baloreen kontrako" ondorioak ditu honek. Olentzerori bikotea asmatu diogun unean bertan, Olentzeroren beraren genero marka finkatu dugu.

Domingi eta Olentzeroren artean sortu den familia eredu tradizionalak ere sortzen du kezka. Leire Narbaizak eibartarrak zerrendan esanak: "Mari Domingin Fuera!!!! Olentzero seguru mutilzaharra dala!!! Mari Domingin asmatziak ez dau bikote tradizionalan alde egitten? Olentzero ezin da promiskuoa izan, edo bakartixa, edo......homosexuala?"

Bai, nire ustez Olentzero mutil-zaharra, ezkondua, banandua, ezkondu gabe elkartua zein alarguna, lagun-zalea zein bakartia izan daiteke, heterosexuala zein homosexuala, gaya zein lesbiana...  Bai, lesbiana ere bai. Orain bost urte eibartarrak posta zerrendan idatzi nuen "lehenago edo beranduago Mari Domingik aldarrikatuko du berak ere baduela Olentzero izateko eskubidea".Orduan ez neukan Leitzako Orantzaroaren berri. Leitzako Orantzaroa.2010eko abenduan Leitzako Kultur Taldeak Orantzaroaren inguruko hitzaldia antolatu zuen, eta bertan, garai batean Orantzaroa emakumezkoa ere izaten zela azaleratu zuten. Alegia, Mari Domingi Olentzero izan daitekeela, ez daukala bere laguna izan beharrik.

Irudian: Orantzaroa, Leitzako Kultur Taldea.

Mari Domingi, izan zaitez Olentzero!

Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi. Ez daukazu bizarrik jarri beharrik, baina ez daukazu XVI. mendeko emakumeen soinekorik jantzi beharrik ere. Ez daukazu gizona izan beharrik, eta ez daukazu emakumea izan beharrik ere. Baina ez zaitez izan Olentzeroren laguna! Izan zaitez nahi duzuna, izan zaitez Olentzero, izan zaitez gure Queer-Olentzero! 

 

Erreferentziak:

 

    Iruzkina gehitu

    Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

    Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
    Erantzuna:
    Aurkezpena

    Dantzing

    Hitzen eta gorputzen dantza

    Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

    Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

    twitter