Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Oier Araolaza 2009/11/09 15:49
Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Gaia atera denean testigantzak agertzen hasi zaizkit eta Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertzen ari zaizkidan testingantza horiek blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

Iñaki
Iñaki
2012/10/31 16:06
Gure amak, 1942, Igeldo eta Antigua aldean kalabaza hustu, begiak eta ahorako zuloak egin eta barruan kandela piztutzen zutela ere txikitan kontatzen zigun.
Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/10/31 16:08
Mila esker Iñaki! Uste dut mereziko lukeela gai honen inguruko testingatza bilketa sistematiko bat egitea!
Gari
Gari
2012/11/01 23:01
Hara, Asturiasen ere antzera dabiltzala:

ALBERTO ÁLVAREZ PEÑA. INVESTIGADOR ETNOGRÁFICO Y ESCRITOR
«Halloween nos devuelve mitos, pero muy adulterados»

http://www.elcomercio.es/[…]/halloween-devuelve-mitos-pero-20121031.html
Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/11/01 23:35
Oso interesgarria, eskerrikasko!
Jon Martin
Jon Martin
2012/11/11 23:21
Nire amonak ere (oiartzuarra bera)baieztatu dit kalabaza kandeladunak erabiltzen zituztela jendea beldurtzeko.
Euskallowenaren inguruko lantxo bat egiten ari naiz, Oier. Datorren urterako festa berritu bat sortu nahi nuke. Ezer berririk asmatzen baduzu, jakinarazi mesedez!
Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/11/12 15:13
Eskerrik asko Jon! Ezer berririk asmatu? Nik nahikoa lan dut asmatzen diren berriei markajea egiten... kar, kar.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar gehi lau? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin dut lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter
Azken erantzunak
Mila esker Gerardo! Oier, 2013/01/30 12:16
Zorionak! merezi zenuten eta. Gerardo, 2013/01/29 18:40
Kaixo Anonymous! Mila esker zure mezuarengatik. ... Oier Araolaza, 2012/12/19 16:12
Kaixo Oier! oso interesgarria bildutako ... , 2012/12/19 14:20
Bat nator esaten dituzunekin Inaki. Funtsezkoa ... Oier Araolaza, 2012/11/20 17:15
Azkeneko paragrafoaz konfimazio bat eta iritzi ... Inaki Irazabalbeitia, 2012/11/20 16:54
Eskerrik asko Jon! Ezer berririk asmatu? Nik ... Oier Araolaza, 2012/11/12 15:13
Nire amonak ere (oiartzuarra bera)baieztatu dit ... Jon Martin, 2012/11/11 23:21
Eskerrikasko Txopi! Oier Araolaza, 2012/11/06 12:28
Aupa Oier: Artikulu ederra idatzi duzu. ... Txopi, 2012/11/05 18:11