Ekain-en lehen hiztegia: 50 hitz
Orain pare bat hilabete hasi zen hizketan. Baina hasieran ez genion tutik ere ulertzen.
Haurtzaindegiko ikasturte bukaeran "notak" ekarri zituen Ekainek Elgoibarko Ikastolatik. Informea edo nahi duzuen izena izango du, baina zer demonio, notak azken batean. Bere autonomiari buruzko ezaugarriak, ikaskideekin harremanak eta abarren berri ematen da bertan. Gurasook pozik irakurtzen ditugu horrelakoak, eta maiz gu ohartu gabe geunden kontuak jakiten ditugu. Oraingo honetan atentzio deitu zigun Ekainek 50 hitz esaten zekizkiela jartzen baizuen notetan. Hasieran harrituta geratu ginen.
Irailean (Arrate bezperan!) bi urte egingo ditu, eta hasita dago zenbait hitz esaten, baina dozena bat edo pentsatzen genuen. Beraz, oporretan esaten dituen hitzak kontatzeari ekin diogu. Egia da egunetik egunera hitz berriak ikasi eta esaten dituela, eta batez ere Izarrek (bere arrebak) edo bere ingurukook esaten ditugunak errepikatzen ditu loritoak bezala. Baina, errepikapena izan gabe, berak bere kabuz esandakoak apuntatzen hasi gara. Uste baino azkarrago egin ditugu 50. Hitz batzuk gehiago esaten ditu, baina hauek izan daitezke gehien erabiltzen dituenak.
Fonema batzuk, 'r', 'z' edo 'l' adibidez, ez ditu ahoskatzen, eta ondorioz maiz lanak izaten ditugu zer esan nahi digun ulertzeko. Ondorioz, baditu hitz batzuk ulertzen ez dizkiogunak eta beraz, horiek ezin jaso hiztegira. Hau berri xamarra da guretzat, izan ere, Izar hizketan azkarrago hasteaz gainera, hasieratik oso garbi hitzegiten zuen, eta 'rr'-a salbu, ia soinu guztiak oso ondo ahoskatzen zituen.
Nagusiki hitz solteak erabiltzen ditu, baina hasi da lokuzio eta esaldi labur batzuk josten. Hala ere, horiek ere gehienetan hitz bakarra bailiran botatzen ditu: “e-tu-nai” [ez dut nahi]. Denak unitate bakar moduan jaso dizkiogu, berak halaxe erabiltzen dituela iruditu zaigu eta.
Atxagaren trikuak (Ruper Ordorikak zein Jabier Muguruzak kantatzen dutenak) 27 hitz baino ez zekizkien, eta horrek galbidera eraman omen zuen. Errepidea eta kotxeak ez dakizki izendatzen Ekainek, baina badaki hor arriskua dagoela eta bere 50 hitzekin bere behar gehienak asetzen ditu oraingoz.
Ekain-en lehen hiztegia (50 hitz)
1.Ama
2.Aita
3.Amama
4.Aitita
5.Tia
6.Pete [txupete]
7.Uaa [ura]
8.Oia [ogia]
9.Aputu ia [apurtu egin da]
10.jauzi ia [jauzi egin da]
11.Neria a [nerea da]
12.Bapo
13.Etao [ez dago]
14.Bai
15.Et [ez]
16.Titar [Izar]
17.Tita [gallletita]
18.Aur [agur]
19.Aia [hola]
20.Kaito [kaixo]
21.Hau
22.Hoi [hori]
23.Bei [berriz]
24.Goa [gora]
25.Bea [behera]
26.E tu nai [ez dut nahi]
27.Eia? [zer da?]
28.koketa [kroketa]
29.Uauau [txakurra]
30.Miau [katua]
31.Txoia [txoria]
32.Ekai [Ekain]
33.Tetena [zezena]
34.Eme [hemen]
35.Bibio [biberon]
36.A txiia [hartz txikia]
37.Pii [Pirritx]
38.Poo [Porrotx]
39.Baoia [baloia]
40.Baua [beroa]
41.Okta [hotza]
42.Aia [argia]
43.Euia [euria]
44.Etoi [etorri]
45.Tikia [txikia]
46.Auia [handia]
47.Tikina [zikina]
48.Pue [pure]
49.Apitxi [eseri]
50.Bae [bale]
A gripea daukat
Gure txikienak ekarri zuen gripea etxera. Berehala konturatu ginen besteok ere laster harrapatuko gintuela eta halaxe izan da. Ni ia astebetez libratu naiz, baina harrapatu nau neu ere. Umeari sukarrak gogor jo zion (39tik gora) baina nire gripea suabe, suabe su-su-suabe joan da orain artean.
Horra nire A gripearen egunerokoa:
1. Eguna. Gorputzaldi txarra izaten hasi naiz. Eztula eta ondoeza, baina ez gehiegi. Gripea badator, hau abisua da.
2. Eguna. Jota altxatu naiz, jipoitu egin izan banindute bezala, gorputz osoa minduta. Sukarra izan dut baina ez asko, 38tik behera.
3. Eguna. Medikura joan naiz. "A gripea izango da ziuraski" esan dit, nik baietz erantzun diot, sumatzen nuela. Flemak ze kolorekoak ditudan jakin nahian tematu da. "Txuriak edo...". "Eta etxeko besteek?", "Pfff.. deituko dut etxera?" "Bai, deituizu". "Medikuan nago. Zure flemak ze koloretakoak dira??", "Berdeak". Bekokia zimurtu du medikuak, "Antibiotikoa jarriko dizut. Eta termalgina ondoeza eta sukarrarentzat. Dena den, gripe bat da eta gripe guztiak bezala pasatu beharra dago, likido asko eta pazientziarekin".
4. Eguna. Doministikuka hasi naiz eta ezin geratu. Begietan hazkure handia daukat. Gainontzean ondo sentitzen naiz. Okerrena etxean zigortuta egon beharra. Familiakin egoteko maskarilla jarri dut. Orain bai, orain badaukat "infektatu" itxura! Bufff, itomena eragiten du maskarillak, airea mesedez!
5. Eguna. Gauean sukarra izan dut berriz, 38tik behera hala ere. Burukomin apur batekin altxatu naiz, eta gorputzaldia ez dut onenean, baina hain gaizki ere ez nago. Lukuren "Euskal Kultura" irakurtzen ari naiz. Okerrago dago panorama kulturala.
Badirudi bosgarren egunetik aurrera dagoeneko ez naizela kutsatzaile arriskutsu bat, beraz, bihar ondo egongo naizenez, kuarentena bukatu, familiakin elkartu eta oporrekin hasiko naiz. Bihartik aurrera ez dago astirik ez gripe ez ipuinetarako. Oporrak disfrutatzera!
