Garizumaren ziabogan
Argia, 2007-04-01
Zumarragara ezpata-dantza egitera azkenekoz gonbidatu zutenean, 61 urte zituen. Azkenekoz diot, baina ez dakit aurretik gonbidatu ote zuten, dakidana da gehiago ez zutela gonbidatzerik izan. Jose Antonio Olanok Antioko baselizan egin zuen bere azken dantza saioa. Iztuetaren ikasle izana, gaztetan airean bi buelta egiteko gai omen zen. Ezpata-dantza egin eta Olanok berak izan zuen soka-dantzan bakarlari aritzeko ohorea. Parean Francisco Olaran zuen, dantzari bikaina eta… bera baino dezente gazteagoa. Aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioan bere onenak eman zituen Olanok. Barruak hausteraino itxura denez. Dantza bukatu eta gaizki sentitu zen, etxera joan, ohean sartu eta bederatzi egunen buruan, 1882ko uztailaren 11n hil zen Jose Antonio Olano.
Marc Hanssens Antwerpenen bizi da. Ondare historiko-artistiko aberatsa, portu erraldoiaren inguruko merkataritza eta modako azken joerak biltzen dituen hiri ederrean hiritar arrunta da Marc Hanssens, baina badu ohitura berezi bat.
Urtero, garizuma erdian izaten da. 1971n egin zuen estraineko saioa, eta ordutik 36 urtetan ez du kalerik egin Der Antwerpener Schwerttanz delakoan. Orain egun batzuk egin du berriz. Inauteri eta Aste Santu bitartean, garizumaren ziabogan izaten da data.
Marc Hanssens eta beste 24 lagun alkondara eta praka zuriz jantzi dira, belaun azpian kaskabiloak zintzilikatu dituzte, ezpata bana hartu eta goizeko lehen orduan elizaren aurrean elkartu dira. Ezpatak elkarri eman eta danborraren erritmora dantzan hasi dira; goiz osoa eman dute Antwerpen hiri zaharraren kaleetan gora eta behera, ezpata-dantzan. Markina izan zitekeen. Edo Deba, edo Zumarraga, edo Lesaka... Baina Anberes da, eta eliza baino katedrala da aurrean dutena. Gutxienez XV. mendetik dantzatu dira ezpata-dantzak Flandesen. Euskal Herrian ere hor ingurukoak ditugu datu zaharrenak. Estrofa zahar batean jaso zuen norbaitek: “Carlos quintoren baratzan Aquerrac espata dantzan”.
Antzekotasun izugarriak dituzte Flandeseko eta Euskal Herriko ezpata-dantzek. Jantzi zuriak, gerriko eta apaingarri koloretsuak, txintxarriak belaunazpian, eta ezpatak eskuan. Ezpatak elkarri emanez taldea osatzeko modua ere antzekoa da. Flandesen eta Euskal Herrian egiten dira mota horretako ezpata-dantzak, baita Kantabrian, Galizian, Alsazian, Tirolen, Txekian, Silesian, Transilvanian, Gaztelan, Katalunian, Valentzian, Portugalen, Eskozian eta Ingalaterran ere.
Marc Hanssens-ek harrotasunez kontatzen ditu
garizuma erdiko ospakizunean ezpata-dantza eginez daramatzan urteak. Bera da egungo taldeko beteranoena, eta hori ohoretzat du. Gazteek begirunez ikusten dituzte adineko ezpata-dantzariak. Ez dute gazteen sasoirik, baina gazteek badakite beteranoekin asko dutela ikasteko.
XX. mende hasieran izan ziren aguretzen hasitako aurreskularien norgehiagoka batzuk. 1912an, Zarauzko Euskal Jaietan, Manuel Txapartegi Amuña atera zen plaza erdira bere dantzari trebetasunak erakustera. 70 urte zituen. Iurretan, bost urtetik behin egiten den Urrijena jaian, plazerra izaten da 50 eta 60 urtetik gorako gizonak dantzari-dantza eta erregelak egiten ikustea. Ez dut ahazteko orain urte batzuk Garaiko adineko gizon talde bat dantzan ikusi nuenekoa. Eta aldian behin, hunkigarria izaten da 70 urteak urruti ez dituen Kepa Artetxe galdakaorra dantza soltean ikustea. Gatza eta piperra zer den erakusten du aititek. Nik 35 urte bete ditut oraintsu. Nire garizumaren ziabogan ote nago? Badauzkat urte batzuk aurretik dantzan hobetzen eta gozatzen jarraitzeko.
Dantzen bilakera desberdinak
Argentinako euskal etxeetan hainbat euskal dantza egiteko molde desberdinak darabiltzate. Gerra Zibilaren ondoren iritsi ziren dantza eredu batzuk bertara, eta eredu haiekin jarraitu dute lanean gaurdaino. Euskal Herrian ordea dezente aldatu ziren kontuak 60-70ko hamarkadetan, dantzen sustraietara jo eta tradizioak zorrotz jasotzeko ahaleginak zabaldu ziren, eta beraz, XX. mende hasieran dantzei eragindako "eraldaketa" batzuk baztertu egin ziren.
Aritz Ibañez-ek Argentinako Cordobako semana nacional vascan egindako dantza agerraldi baten bideoak lokalizatu ditu YouTuben eta merezi dute ikustea. Euskal Herrian garai batean dantzatu izan den modura hurbiltzeko aukera ematen digu Euskal Herritik begiratzen dugunoi, euskal dantzaren historiaren garai bat piskat gehiago ezagutzeko, eta testuinguruaren arabera dantzek bilakaera desberdinak izaten dituztela frogatzeko
Adibidez, ezaguna da Markina Xemeingo ezpata-dantzaren aldaera berri bat sortu zuela Segundo Olaetak, bi aurrendarien arteko dantza, bien arteko borroka bezala irudikatu zuen, eta parrilla gainera igotzen zen maisu-zaharra, San Migel izan zitekeela pentsatuz, dantzaren bukaeran aurrendarien arteko borrokan parte hartu eta bietako bat hiltzera jaisten zen. Hori guzti hori (eta gehiago) antzezten zen Xemeingo ezpata-dantzaren bertsio horretan. Gero Xemeinen bertan molde zaharrera itzultzea erabaki zuten, eta poliki-poliki galtzen joan zen Segundo Olaetak sortutako bertsioa (izango da talderen bat oraindik horrela egiten duean, baina gutxi). Argentinan ordea bizi-bizirik mantentzen da Xemeingo ezpata-dantzaren aldaera bitxi hori.
Beste hainbat dantzarekin ere berdin gertatzen da. Jakina da XX. mende hasieran EAJk Durangaldeko dantzari-dantza hautatu zuela dantza nazional izateko. Dantza horren bertsio bat prestatu zuen, gauzatxo batzuk aldatu, eta Euskal Herri osoko batzokietan erakutsi zuten. Durangaldeko zenbait herritan bertako ereduari eutsi zioten, adibidez Berrizen. 60ko hamarkadan Argia dantza taldeak Berrizko dantzari-dantza ikasi zuen eta poliki-poliki eredu zaharra berreskuratzen joan ziren taldeak. Gaur egun Iurreta, Berriz edo Garai dira dantzari-dantza egiteko ereduak, eta albo batera geratu dira gerra aurrean nagusitu ziren dantzakerak. Baina Argentinan batzokietarako prestatu zen eredu harrek jarraitzen du indarrean. Adibidez, banangoaren urratsa egiterakoan "salto eta buelta" egiten dute. Batzuk gainera muriskak egiteko dohain bikainak dituztela erakusten dute, bai saltoan, eta baita bueltan ere egiten dituztelako muriskak (muriska jirakoak beraz).
Ez dut asmatzen youtubeko bideoak hemen agertarazten beraz...
Argentinako 2006ko Semana Nacional Vasca-ko dantza bideo gehiago hemen:
- Dantzari-dantzako makil-dantza
- Arku-dantza
- Arku-dantza neska-mutilek. (Gipuzkoako uztai txikienaren parekoa?)
