Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Munduko dantzak

oier_a 2006/05/25 12:20

Asteburu honetan Mundumira jaialdia ospatuko da Oñatin. Munduko Kulturen Festa da jaialdi honi antolatzaileek jarritako leloa, eta egitarau oso potentea du. Txangoak, musika, janariak, azokak, eta musika emanaldi aukera izugarria: Amparanoia, Mal de Ojo, Nino Galissa, Terrafolk, Justin Vali (Madagascar), Mariem Hassan (Errepublika Saharauia), Tenzin Choegyal (Tibet), Juan Mari Beltrán (Euskal Herria) eta Paulinho Lêmos (Angola/Brasil) besteak beste.

Egitarau erraldoi horretan hauxe irakur daiteke: 12.00h. Munduko tradiziozko dantzak

Atentzioa deitzen dit zein erraztasun dugun dantzariok etiketa handi baten itzalean geratzeko. Askotan tokatzen zait jai egitarau bat hartu eta horrelakoak ikustea: 18.00etan dantzak. Besterik ez, dantzak. Oraingoan hiru aldiz zehatzagoak izan dira: Munduko tradiziozko dantzak. Munduko kulturen aniztasuna aldarrikatzen duen jaialdian gertatzen da hori. Musikariak jatorrizko labela eta izen-abizenekin iristen dira kultur topaketen eskenatokira, eta dantzariek ordea, badirudi ez dutela inolako etiketarik behar.

Ondo dago Munduko dantzak izango direla jakitea. Horri esker badakigu ez direla Marteko dantzariak. Hortik aurrera Munduko dantzak horrek zer adierazten duen misterio bat da. Programa eta jaialdiaren berri ematen duen aldizkari ederra goitik behera arakatu dut eta ez dut inon aurkitu Munduko dantza horiek zehazkiagoa nongoak izango diren, Euskal Herriko dantzarik izango ote den, ez ezer ere. Badirudi Munduko tradiziozko dantzak hiru hitz horiekin dena esana dagoela.

Txapelkeriak

oier_a 2006/05/23 17:43

Iñigo Manuel aurreskularia da. Iñigo Manuelek zazpi aldiz irabazi du aurresku txapelketa . Bere garaian Mikel Sarriegik, eta oraintsu Jon Mayak Gipuzkoan egin duten balentria bera. Baina gasteiztarra da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, haren lorpenak ez du oihartzunik izan, ez aurreko sei urteetan eta ezta zazpigarren txapela buruan jarri duenean ere. Txapelketa Gipuzkoan irabazi izan balu beste kontu bat litzateke. Han eta hemen izango genuke Iñigo Manuelen garaipenaren berri. Baina Estibalitzen jokatu da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, ez dakigu nor den Iñigo Manuel.

Txapelketak dantza sustatzeko eratuko zituzten akaso, baina praktikan, gaur eta hemen jokatzen diren txapelketek gipuzkoarren dantza nagusitasuna behin eta berriz frogatu eta aldarrikatzeko zepo maltzurrak dirudite. “Arabako aurresku txapelketa” Arabako txapelketa da, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina hara, Gipuzkoako aurresku txapelketa Euskadiko txapelketa dela sinestarazi nahi digute. Hori bai, Euskadiko txapeldun tituloa irabazteko gipuzkoar erara jokatu behar da. Hogeitabost urtean ez da ezagutu Pasaian Gipuzkoakoa ez den txapeldunik, eta parte hartzaileak ere, Gipuzkoako bospasei herritik haratago inor gutxi.

Txapelketek funtzio bat jokatzen baldin badute hori ereduak sortu eta zabaltzea da. Pasaiako aurresku txapelketaren bidez aurreskua dantzatzeko eredu jakin bat finkatu, hedatu eta sustraitzea lortu da. Orain urte batzuk Tolosako dantzari talde bat saiatu zen beren herriko aurreskua txapelketan sustatzen ari zena bezain baliotsua zela erakusten. Ez zituzten aintzat hartu. Hogeitabost urteren buruan, antolatzaileak ohartu dira eredu bakar horretara horrenbeste makurtzearen ondorioz tokian-tokiko hainbat dantzakera baliotsu eta horiei eutsi dieten dantzari apurrak baztertuta geratu direla.

Beste horrenbeste gertatzen da dantza solteko txapelketekin. Seguran jokatzen denari Euskal Herriko Dantza Txapelketa jarri diote izena, baina funtsean, Segurako dantza solte txapelketa baino ez da. Dantza soltean egiteko modu berezi bat garatu da txapelketa horietan. Eredu gimnastiko, tente eta lerdena da, eta abiadura, teknika eta simetriaren bikaintasunean jotzen omen du gailurra. Erromeria eta plazako dantza soltearekin zerikusi gutxi du eredu horrek, baina inork txapelketan aukerarik izan nahi badu, modu horretan aritu beharko du. Bestelako dantza-ereduak oso ongi hartuak izaten dira, bai, aniztasunaren izenean, eta garrantzitsua parte hartzea delako. Baina txapela… hori gipuzkoarren kontua da.

Urtea joan urtea etorri temati jarraitzen dute zenbaitzuk Gipuzkoatik kanpoko bikoteak Segurako segadara eramateko ahaleginetan. Euskal Herriko tituloa jarrita, lotsagarri gertatzen da 15 bikotetik 14 gipuzkoarrak izatea, eta beraz, ahaleginaren ahaleginez urtero lortzen dute Araba edo Nafarroako bikoteren bat zepoan erortzea. Saiatu saiatzen dira estiloa imitatzen, eta kontsolazio saria ere jasotzen dute: finalerako pasea bikote exotikoa izateagatik. Noski, irabazi, beti berdinek irabazten dute, txorimaloak bezain tente eta eskuekin ilargia ikutu nahian dabiltzan Gipuzkoako txapelketa espezialistek. Baina besteek bete dute beren funtzioa, txapelketa Euskal Herrikoa dela egiaztatu eta Gipuzkoako bikoteen eta beraien dantza eredu txapelketeroaren nagusitasuna berretsi.

Euskal Telebista da Segurako txapelketa Euskal Herrikoa izan dadin bultzada erabakiorra eskaintzen duena. Telebistan agertzeak bihurtzen ditu irabazleak ezagun eta beraien dantza moldea eredugarri. Eta Gipuzkoako dantza eredu horren alde ETB egiten ari den lana kontuan hartzekoa da. Segurako txapelketa ematen du urtero, Gipuzkoako dantzarien emanaldiak izaten ditugu gabonetan Olentzeroren Begi Gorriaren aitzakitan, eta aurten Pasaiako txapelketa ere telebistaz emateko mehatxua egin du. Deskuidoan, Iñigo Manuel ere eramango dute telebistara, gipuzkoarren soroan periferiaren lekukotasun exotikoa utz dezan.

Etapa bat

oier_a 2006/05/23 10:43

Maiatzean etapa bat bukatu den sentsazioa daukat. Luzaroan ordu asko, eta pentsamendu gehiago, hartu dizkidaten bi proiektuk argia ikusi dute maiatzeko lehen egunetan.

Orain lau urte, 2002an, Portugaleteko Elai-Alai taldetik proposamen bat iritsi zitzaigun Elgoibarko Haritz Dantzari Taldera. Bizkaiko dantzekin egina zuten bezala, Gipuzkoako dantzekin webgune bat egin nahi zuten, urratsak eta dantzak, azalpen, argazki eta bideoen bidez agertuz. Ilusioz sartu ginen lan horretan, eta lan handia izango zela bagenekien ere, ez genuen espero hain luze joko zuenik erremateak.

Bideo grabazioak gogorrak gertatu ziren. Bideoa inbento ederra da dantzariontzat, baina, grabatu beharrekoa norbera denean bideoa traidore hutsa da. Emanaldi arrunt batean oharkabean pasatzen diren hainbat akats txiki eta gabezia tekniko agerian jartzen ditu bideo madarikatuak, eta grabazio sesioak tortura sesio bihur daitezke dantzarientzat. Eskerrak dantzari bikainekin egin genuen lan. Gogoan ditut Mikel eta Garikoitzekin egindako lehen grabazioak. Haien iraupen fisikoa eta pazientzia aproban jarri genituen.

Taldekako grabazioak ere ez ziren goxoak gertatu. Nahikoa zen bakar baten akatsa gainontzeko guztien lana pikutara bidaltzeko. Dantzarientzat ere irakaspen ona, gogorra baina aberasgarria, izan zela uste dut.

Bideoek eman diguten laneri erreperatu diot batipat goiko lerroetan, baina argazkiak, musikak, testuek eta abarrek ere nahikoa entretenimendu eman digute. Deskantsu ederra hartu dugu 2006ko maiatzaren 9an, Gipuzkoako dantzak webgunea aurkeztu dugunean. Bazen ordua!

Maiatzean argia ikusi duen beste proiektua dantzan.com-en berritze lana izan da. Talde txikiagoan aritu gara hori egiten, eta alde horretatik erosoago izan da (ez zegon bideorik grabatu beharrik!). Baina aurrekoaren aldean, bigarren proiektu honi jaten eman behar zaio egunero, eta beraz, honekin ez dago deskantsurik!

Orain proiektu berrietan sartzeko garaia da.

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter