Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Urri gorri hura

oier_a 2005/09/27 16:21

Larunbatean Ortuella-ra goaz dantzara. Badakit Bizkaiko mendebaldean dagoela Ortuella, Barakaldotik haratago, baina egia esan hortik aurrera gauza gutxi dakit Ortuellari buruz. Hala ere Ortuella trajediarekin lotuta dago nire oroimenean. Umetako oroitzapenen artean urri gorri bat daukat iltzatuta eta bertan ume mordoska bat ageri dira hilda, Ortuellan. Begira hasi naiz eta baita topatu ere. Urriaren 23a da egun gorri hori. Orain badakit zergatik gogoratzen ditudan orduko kontuak horren argi. Egun horretan nire osaba bat tirokatu eta akatu zuten Elgoibarren. Goiz hartan bertan gas-eztanda bat gertatu zen Ortuellako eskola batean. 51 pertsona hil ziren, horietatik 49 umeak. 1980ko urriaren 23 gorrian izan zen hori guztia. Orain 25 urte. Osabarena ez dut ahazteko nik. Eta Ortuellan ere ez dute ahazteko izango orain 25 urteko urri gorri hura.

Aurreskuaren ohorea

oier_a 2005/09/23 10:02

Honek ez dauka neurririk. Oraintxe bertan jaso dut eskaera gure herriko udaletik. Herri malkartsua da gurea, mendiari lapurtutako aldapetan bizi gara, eta orain Corte Inglesean bezala ibiltzen gara gora eta behera, eskailera mekanikoetan. Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.

Ezetz esan genezake noski. Saiatu gaitezke eskailera mekaniko batzuei dantza egitearen absurdua azaltzen. Baina ulertuko al dute? Izan ere, edozein toki eta baldintzatan, edozein ospakizun, protokolo, inaugurazio eta xelebrekeriatan aurreskua ikustera ohitu gara, eta orain, "zertara datoz hauek beren eskrupuluekin?". Omenaldiak, agintariei harrerak, eraikinen inaugurazioak, presoen etorrerak, ezteiak, sari-emateak, errepide eta errotonden irekitzeak... Nire lagun Enrikek esaten du itzal handiko omendu baten aurrean dantza egitea dantzariarentzat berarentzat izaten dela ohore. Baina horrelakoak gutxi izaten dira. Oso gutxi. Eta bestelakoak gehiegi.

Edozer eta dena loratzen da gaur ditxosozko aurreskuarekin. Aurreskuaren booma bizi dugu. Aurreskuaren inguruan dagoen nahasmenak ere ez du asko laguntzen. Soka-dantzak izendatzeko erabili izan da aurreskua batzuetan. Soka-dantzaren buru egiten duena, alegia, lehen dantzaria, aurreskua edo aurreskularia da ere. Gaur egun edozein funtzio publikotan dantzari bakar batek egiten duen dantza da aurreskua gehienentzat.

Soka-dantzatik kanpo dantza hori bestelako funtzioetan eskaintzeko ohitura ez dirudi oso zaharra denik. XIX. mende bukaeran aurreskulari txapelketen bidez hasi zen ezagutarazten aurreskua sokatik kanpo, baina XX. mendearen bigarren erdian hasiko da protokolo funtzioetarako zabaltzen. Azken hamarkadetako aurresku inflazioak dantzariak egoera xelebreenetan jartzeaz gain erabat debaluatu du dantza bera.

Ezkongaiek ezteiak gogoangarriak izateko baldintzen artean jarri dute aurreskua: soinekoa polita izan dadila, bazkari ederra eta aurresku hunkigarria. Koadrilako lehenengoak ezkontzeko asmoa agertu eta berehala poz-pozik etorri zitzaidan: "Aurreskua egingo didak ezta?". Purrustada prest neukan, "Ni dantzan ikustera inoiz ez haizenez etorri, pentsatu diat ez haizela oso dantza zalea izango, eta beraz, ez haut nire dantza kontuekin aspertu nahi hire bizitzako egunik pozgarrienean". Ez zuen ezer ulertu noski. "Primeran! Osaba bat txistularia izandakoa duk. Idoia izugarri poztuko duk".

Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait. Ba horrelako makina bat eginda gaude. Erakundeetako ordezkariak ere beti prest ditugu aurreskua "jasotzeko". Inaugurazio-zinta prestatu eta ez dira ba politikari eta enpresariak zintaren aurrean jartzen aurreskuarekin "ohoratuak izateko" prest? Baina zer meritu dute horiek egunero zazpi aurresku jasotzeko? Gure diruak kudeatzeko hautatzen ditugu, ez beren buruaren gurtze-ekitaldiak antolatzeko.

Eta asteburuan eskailera mekanikoen zazpigarren fasea... Ulertuko al du udaleko ordezkariak aurreskuaren kontzientzia-eragozle naizela esaten badiot?

Ez dago gastauta!

oier_a 2005/09/19 11:54

Egualdixakin entretenimientua euki dogu aurten Arraten. Batek Ama Birjiñari eguzkirik ez ote gentsaun eskatu preguntatzen eban, baiña segiduan entzun eban Felixen erantzuna: Amabirjiñia lagaizue pakian! Eskatu eta eskatuta, gastauta darabigu barren! Bateko Eibarrek irabazi deixala, hurrenguan Arratia salbau dadilla, gastauta darabigu, koitxadia! Eta bixen bitxartian, eurixa goitxik behera. Akabo gure dantza barrixak! –pentsau genduan guk danok. Ein biharrekuak baiña, azkenera, ixixa pentsauta moduan juan ziran —prozesiñua penia!— eta aterrune bat aprobetxauta, zelaira urten eta, kontuz-kontuz, ezpata-dantzia osua eta makil txikixena eiñ ahal izan genduazen. Pozik. Ez, Arrateko Ama ez dago gastauta ondiokan.

Ezpata-dantzako paseua eitxeruzkuan, solemne-solemne, ezpata luziok hartuta, komeni da norbere burua haretxetara eukitzia, baiña iñoiz, igual, libre eskapauko jatzu beste zirrikitxo batzuetatik eta guri behintzat, eibartar sentitziaren alkartasunera ein zeskun gozo-gozo, bete-betian. Batzuetan horixe dakar gustora egotiak, zer eingo detsazu ba!

Eskerrak emotia falta dogu Arrateko Amaren Kofradixa guztiari, Aiuntamientuari eta Usartza txistulari bandakueri. Eskerrak etxekueri, Kezka dantza talde osuari, dantzari gonbidatueri, JSM-i...eta laguntzen izan ditxugun dan-daneri. Datorren urtian dantza gehixago izango dira eta Ama Birjiñia bera be, igual, ojala, jai hartuta egualdi zeregiñetatik...

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter