Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Dantza 2004 urtean

oier_a 2004/12/31 00:00

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiak 30. ekitaldia izan du aurten. Hiru hamarkadatan lan eskerga egin du jaialdiak folklorearen alorrean. Ehunka eskualdetako dantzak eta tradizioak ikusteko aukera eskaini digu eta irekitako bidea joan-etorriko norabideetan erabiliz, nazioarteko hamaika bazterretan erakutsi dituzte euskal dantza tradizionalak.

Baina Ibaizabalen ezkerraldeko taldeak egindako ekarpenen artean kudeaketari dagokiona nabarmendu nahiko nuke. Folklorearen eta dantza tradizionalaren alorrean ez-ohikoa den kudeaketa egitura sendoa eraikitzeko gaitasuna erakutsi dute Elai-Alaikoek. Kudeaketa profesionala eta amateurra indarra artikulatuz, proiektuak bideragarri egiteko eskamentua dutela erakutsi dute. Ikusleen arreta, eta enpresen eta erakundeen aurrean sinesgarritasun eskuratu dute eta euskal dantzak duen egiturarik sendoenetakoa osatu dute. Mesfidantza, konpetentzia eta inbidiak alde batera utzita, bada garaia dantza taldeontzat Portugaletekoa ikasteko eredua eta elkarlanerako esparru bikaina dela onartzekoa.

2004an itzulerak aipatzeko modukoak dira. Urtzi Aranburu dantzari donostiarrak Bilbon dantzatu du Nederlands Dans Theater konpainiarekin. Bazen garaia. Holandako konpainian ibilbide bikaina burutzen ari da Urtzi eta munduan barrena hamaika antzokitan arrakasta eskuratu ondoren berriz ere etxean dantzan ikusteko aukera izan dugu. Urtzik bisita azkarra egin digu, baina beste dantzari handi bat gure artean geratzera etorri da. Gerra zibiletik ihesi Ingalaterrara bidali zuten umetan, dantzari urte onenak Royal Ballet-ean eman zituen, Margot Fontaine berarekin dantza egitera iritsi zen, eta 40 urtez Portugalen jardun du dantzariak hezitzen. Erretiroa hartuta Zarautzen dugu berriz Pirmin Treku. Horiek itzulerak. Itzuliak ere aipatzekoak dira, Kukai eta Aukeran taldeenak. AEBtan barrena ibili dira Kukaikoak eta Filipinetan, Manilan, berriz Aukeran-ekoak, euskal dantza tradizionaletatik abiatuta egin daitezkeen ikuskizunak atzerrian erakutsiz.

Badira motzean besterik ez bada aipatzerik merezi duten nobedadeak ere. Adibidez, Juan Antonio Urbeltz Unesco-ren Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu dutela eta ikertzailea Grezian izan dela bere ekarpenak aurkezten. Beste bat, Filgi Claverie izango dela Miarritzeko Maitaldiko zuzendaria aurrerantzean, Thierry Malandainek nahiko lan baitu gero eta sendoagoa den Ballet Biarritz-en ibilbidea gidatzen. Eta plana noski. Eusko Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Plana plazaratu du. Dantzaren alorrari dagokizkion egitasmoak ere badira hor, baina abiatu berri denez, datorren urtean ikusi beharko ditugu horren emaitzak.

Navarra: Las cuatro estaciones

oier_a 2004/12/29 19:12

1970-1971 urte bitartean Caro Baroja anaiek, Pio eta Juliok grabatu zuten Navarra: Las cuatro estaciones pelikula. Orain DVD formatuan berrargitaratu du Nafarroako Gobernuak. Urtaroen erritmora Nafarroako bizimodu tradizionalen hainbat irudi bildu zituzten Caro Baroja anaiek. Inauteriak, erromeriak, artisau-lanak, dantzak, jaiak eta prozesioak agertzen dira bata bestearen atzean. Dantzen artean aipatzekoak dira Lantzeko inauteria, Otsagabiako dantzak, Lesakakoak, Lizarrakoak, e.a.

DVDa oso interesgarria da dantza horiek orain 30 urte nola egiten ziren ikusteko aukera ematen baitu. Benetan ederra Lantzen adineko gizon talde batek dantzatzen duen zortzikoa. Otsagabiko dantzen irudiek ere interes handia dute niretzat. Jakina da dantza gehienak aldatzen joaten direla urteen poderioz, nahiz eta maiz dantzariek inolako aldaketarik egin dutenik ukatu. Baina errealitatea (eta polita gainera) da dantzak bizirik daudela eta nahita ala nahigabe dantzak beti ari direla aldatzen, bizirik baitaude. Batzuetan aldaketa horiek agerikoak izaten dira eta adibide politak eskaintzen dituzte.

Otsagabiako dantzena da aldaketen testigantza utzi digun horietako bat. Rosa Villafranca eta Angel M. Aldaia-ren Danzas de Ochagavia. 300 años de historia liburu ederrean irakur daiteke horren berri. 1974an Francisco Arrarás folklore ikertzaile iruindarrak hainbat aldaketa egin zituen Otsagabiako dantzetan. Jantzietan eta modorro dantzan egindako aldaketak izan ziren nabarmenenak. Praka beltzak eta zapatilla beltzak jarri zizkien Arrarasek. Modorron dantzariek makilak lurrean kolpatzen dituen mugimendua bira bakarra eginez dantzatzen zuten ordurarte Otsagabian. Arrarasek bikoiztu egin zuen mugimendua, makilak lurrean kolpatuz bi bira eginaraziz, bat alde bakoitzera. Jantzien aldaketak hiru urte iraun zituen eta 1977an lehengora itzuli ziren. Modorron egindako aldaketak gaurdaino iraun du.

Guk adibidez Argia dantzari taldearen bidez ikasi ditugu Otsagabiako dantzak, eta Urbeltz eta konpainia 1966an izan ziren Otsagabian bertako dantzak ikasten, hau da Arrarasek aldaketak egin aurretik. Beraz, guk buelta bakarrarekin ikasi dugu modorro eta halaxe dantzatzen dugu gaur ere. Beti izaten da pello-ren bat "hori ez da horrela, gaizki egiten duzue" esanez hasten dena, eta egia da gaur egungo Otsagabiko dantzariek ez dutela horrela egiten, bi bueltarekin baizik. Baina niri iruditzen zait aberatsa eta interesagarria dela modu hori gordetzea, bi bueltarekin egiten duten dantza taldeak nahi beste baitaude Otsagabia bertakoez gain, eta buelta bakarrarekin egiten jarraitzea, dantza eder horien historiaren zati bat gordetzea bezalakoa baita. DVD hau 1970-71 bitartean grabatu zenez Musikaldako ermita ondoan Otsagiko dantzariak modorroa buelta bakarrarekin egiten ikusteko aukera eskaintzen digu.

Zorionak eta 2005 urte berri on!

oier_a 2004/12/27 16:09

Aurtengo gabonetan gure etxeak atera dituen postalak.

Hau Izarrena

Beste hau Andonirena

Eta azkenik biak batera

Iratzarri dantza lokartu hori

oier_a 2004/12/17 13:26

Euskal dantzaren pattal aldiaz eta alor honen iratzartzeaz idatzi du berriki Jose Inazio Ansorenak ARGIAren orriotan. Hoberako aldaketak gertatzen ari direla antzeman du Ansorenak. Zenbait dantzari eta emanaldiren kalitatea, eta egoera aztertzeko ekimenak ditu irudipen horren oinarri.

Azaroko azken asteburuan Oiartzunen, Herri Musikaren Txokoaren babesean, herri musika eta dantza hezkuntza sarean izan dugu aztergai. Bertaratutakoen artean ez nuen antzeman aldarte itxaropentsurik. Gaia alorraren artikulaziorako estrategikoa zen, baina horretan interes handiena beharko luketenak falta ziren han: dantza taldeetako ordezkariak. Interesik ez? Dena ondo? Arazorik ez? Bejondeizuela! Niri oso interesgarriak gertatu zitzaizkidan jardunaldiak, nahiz eta ondoriotzat aldez aurretik ondotxo genekiena berretsi: euskal dantza tradizionalak ez duela aurreikusitako tokirik euskal hezkuntza sare arautuan. Hortik aurrera, zenbaitetan har dezake txokotxo bat tokian tokiko eta unean uneko irakasle eta arduradunen sentsibilitate, interes eta ahalmenaren arabera.

Gauzak, oro har, horrela badira ere, beti izaten dira salbuespenak. Hamabost urte dira musika eskola batzuetan dantza tradizionaleko eskolak ematen hasi zirela. Elgoibar eta Errenteriakoak izan dira horretan aitzindarietakoak, eta atzetik etorri dira beste dozena erdi bat gutxienez. Futboleko entrenatzaile izateko ere titulua eskatzen den honetan ataka bitxian daude dantza tradizionaleko irakaslea kontratatu nahi duten musika eskolak. Ez baitago euskal dantza tradizionaleko irakasle titulurik.

Orain 8-9 urte Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak dantzaren egoera aztertu eta jorratu beharreko bideak erabakitzeko dantzaren alorra hizketan jarri zuen. Ordukoan ez zuen Kulturaren Euskal Planaren moduko izen ponpoxorik izan, baina dantzari dagokionez oraingo honetan baino askoz ere partehartze zabalagoa eta irekiagoa izan zen. Dantza tradizionalekook gure arazoen berri eman genuen, eta lehentasunen artean dantza maisu titulazio bat sortu beharra azpimarratu zen. Dantza tradizionalaren alorreko dozena bat ordezkari bildu ginen mahai baten inguruan ûez da errepikatu horrelako aniztasuna duen quorumik berrizû eta asteburua eman genuen titulazio hark izan beharreko edukiak eta egiteko moduak adosten. Emaitza Lakuako kutxaren batean egongo da lo, ordutik.

Dantzaren munduaren ustezko iratzartze une hau soka-dantza bultzatzeko baliatzea proposatu du Ansorenak. Ez dut argi euskal dantza iratzartzen ari ote den, baina, dudarik gabe, bat egiten dut soka-dantza bultzatzeko egiten duen deiarekin. Badira gutxienez hamar urte Juan Antonio Urbeltzek soka-dantzak berpiztu eta sustatzearen aldeko kanpaina egin zuela. Hamaika hitzaldi eman zituen soka-dantzaren inguruan han eta hemen, eta Goierriko soka-dantzen gaineko irakurketa interesgarriak egin zituen. Dei horri erantzunez 1994an berreskuratu genuen Eibarren 25 urte lokarturik zeramatzan San Joan eguneko soka-dantza. Alkatea buru dela eta zinegotziak eta dantzariak sokan egin ohi dugu soka-dantza Eibarren. Su-etenaren aurreko eta ondoko urteetan, politikariak erabat muturtuta ikusi ditugun urteetan ere, San Joan egunez kolore guztietakoak, PP eta HBkoak barne, eskutik emanda ikusi ditugu plazaratzen. Inongo mahaitan lortu gabekoak bideratu dira dantzaren bidez.

Euskal dantzak ez dakit, baina soka-dantzak behintzat loraldia bizi du. Prentsaren jarraipena eginez bakarrik 2003an 41 herritan egindako soka-dantzen inguruko datuak bildu ditut. Askoz gehiago izango dira, dudarik gabe. Eta oraindik iratzarri behar ditugunak. Iratzarri, iratzarri dantza lokartu hori!

Felipe Manterola, XX. mende hasierako argazkiak

oier_a 2004/12/13 20:54

Aitortzen dut, argazki zaharren liburuek galdu egiten naute. Orduak eman ditzaket XX. mende hasierako argazki eder horiei begira. Egunotan Durangoko azokan aurkitutako argazki liburu batekin liluratuta nabil. Felipe Manterola. Baserri giroko gizarte argazkilaria liburua, Josu Bilbao Fullaondo-k apailatu du argazki bilduma.

Felipe Manterola 1885-1977 bitartean bizi izan zen Zeanuriko argazkilaria da. XX. mendeko euskal nekazarien erretratuekin 1000 argazki baino gehiago dituen ondarea utzi zuen.

Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburu ederrean ere agertzen da Felipe Manterola: Feliperen kamerak bai ikusi zituen, ama eta semea, eta erabaki zuen eszena gogorra zela hura, agur eta agur, eta erretratatu egin behar zuela. Egia esan, gurago zituen baserrietako eszenak. Baserrietan ez zen hainbeste kikiltzen.

Felipe ez, baina ni bai kikiltzen naizela baserrietako eszena horiekin. Tontotuta nabil BBKak argitaratu duen liburu honekin. Azala ikutu, argazkiak banan-bana gozatu, barruko pertsonaiekin liluratuta egoten naiz begira.

Nahita aipatu dut BBKak argitaratu duela liburua, izan ere nabarmena da aurrekontu arazo handirik gabeko editoreak argitaratu duela liburua. Azal gogorrak, papera ederra, inpresioa bikaina,... Bankuko akziodunei eta bezero bikainei oparitu ohi zaizkien liburu eder horietakoa da. Kontu korronte ederrik ez dugunak normalean ez gara enteratu ere egiten horrelako perletaz. Durangoko azokari esker ezagutu dut nik. Azokan 30 Euro balio zituen, baina, merezi zituen, dudarik gabe.

Aldaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak

oier_a 2004/12/08 19:52

Durangoko azokak dantzaren aldetik ekarri duen nobedadeetako bat Adaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak liburu eta DVDa da. Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratu du Ramon Santxez-ek prestatutako Gipuzkoako dantzen sailkapena, eta Jon Maya, Aiert Beobide, Aritz Salamanka eta Nagore Indakoetxea dantzariek egindako urratsak biltzen dituen DVDa.

Ramon Santxez-ek urratsen zerrendatze batetik haratago urrats horien sailkapen bat egin du. muriskak-zorrotzak, albokoak, oin gorakoak, gurpilak, zapateatuak eta sentziloak dira Ramonek prestatu dituen multzoak, eta horietan sartu ditu Gipuzkoako urratsak. Horrelako lanak beharrezkoak eta garrantzitsuak dira, baina nire ustez proposamen bezala hartu beharrekoak dira, eta ez arau bezala. Ramon Santxez-ek garbi agertzen du bere helburua: Gaur egun egiten diren urratsetan, eta Iztuetak deskribatu zituenetan oinarrituta, urratsen sailkapen eta izendapen bat proposatzea da lan honen helburua. Dantza tradizionalean dugun arazo larrienetako bat proposamenak dogma bezala hartzen ditugula da, eta horretan erantzunkizun handia du Euskal Dantzarien Biltzarrak. Ea ideia horren transmisioan asmatzen dugun.

Bai aurkeztutako sailkatze irizpidea, sailkapena bera, eta bai hainbat urrats egiteko proposatzen den modua eztabaidagarriak iruditu zaizkit niri, bai Iztuetaren irakurketan eta baita tradizioan oinarrituta ere. Tarte bat hartzen dudanean saiatuko naiz liburu eta DVDaren irakurketa kritiko bat egiten. Oraingoan adibide bat baino ez dut jarriko.

Har dezagun txingoa, Ramon Santxez-ek ondo dioen bezala Gipuzkoako dantzen oinarrizko osagai dena. Behin baino gehiagotan entzun ditut txingoari buruzko eztabaidak, oina lurretik ez dela altxatu behar eta horrelakoak. Orpoa bakarrik altxatu eta punta beti lurrean mantentzea erabat funtzionala den urrats bat apaingarri gisa erabiltzea iruditzen zait. Ba Ramon Santxez-ek txingoa elementu dekoratibo bezala jarraitzen du aurkezten, nahiz eta salbuespenak aitortzen dituen: Gehienetan txingoa orpoa bakarrik altxatuz egiten da, eta gutxitan (sentziloan esaterako) oin guztia altxatuz da txingoa egiteko.

DVDa hartu, txingoa begiratu eta txingo dekoratiboa erakusten dute. Orpoa baino altxatzen ez duena. Bale, horrela erabaki dute eta aurrera. Baina zer gertatzen da dantzan hasten direnean? Urratsen bideoak begiratzen hasi eta hanka gora altxatzekoa begiratu dut lehenengo (Oin gorakoa izendatzen du Ramonek). Jon Maya ageri da urrats hori egiten, eta txintxo txintxo egiten du "txingo dekoratiboa". Baina dantzak osorik ageri diren atalera joanez gero sorpresa! Desagertu dira txingo apaingarriak. Jon Maya eta Aiert Beobide desafioa dantzatzen ageri diren bideoa ikustea besterik ez dago. Oina aurrera altxatzea tokatzen zaienean biek ere oin osoa altxatu dute lurretik eta urrats eder bat ematen dute aurrerantz oina ahalik eta goren eta indartsuen altxatzeko. Ez dira bakarrak, dantza guztietan berdin gertatzen da. Aritz Salamankak Abarketetan, Aiert Beobidek Agurra egiterakoan, Nagore Indakoetxeak Erribera egiterakoan. Denek oin osoa altxatzen dute lurretik eta urrats bat aurrera emanda indarrez jeisten dute beste hanka gora gora altxatzeko. Ez dago salbuespenik. Eta horiek dira Aurresku txapelketan lehen hiru postuetan sailkatu ohi diren dantzariak. Beraz, dantzari bikain horiek ez badute txingoa orpoa bakarrik altxatuta egiten, nork egin behar du modu horretan? Nik ez behintzat. Nahikoa lan bestela ere hanka altxatzen horretarako lagungarri den urratsari funtzioa kendu eta apaingarri bihurtzeko.

Izan ere, horixe da nire ustez txingoarekin egiten ari garen akats nabarmenena. Erabat funtzionala den urratsa apaingarri bihurtu nahi izatea. Eta erabat funtzionala da txingoa erabili egiten dugulako, batzuetan hanka ahalik eta goren altxatzen laguntzeko, eta oro har, inertzia hausteko.

Uste dut aukera ona zela liburu-dvd hau dantzarioi txingoa funtzionala dela gogorarazteko eta oin osoa lurretik konplexurik gabe altxatu dezakegula esateko. Galdutako aukera nire ustez, eta berriz ere ia inork ere errespetatuko ez duen (errespetatzen duena alper lanean ariko da) proposamena egiteko. Txingoarena adibide bat besterik ez da. Lan horretan proposamen eztabaidagarri asko daudela esateko adibidea. Esan bezala, tartea hartzen dudanean egingo dut liburu-dvd honen irakurketa kritiko bat eta konpartituko dut, denon iritziak jaso eta eztabaidatzeko.

Horregatik azpimarratu dut hasieran honelako lanak proposamen bezala aurkeztearen garrantzia. Dantzari askok arautzat hartuko ditu horko esanak eta beste hainbat urtetan ganorazko txingo bat egin eta gaizki egin duzu bezalako pellokeria talibanak entzuten jarraitu beharko dugu.

Bukatzeko aipatu nahi dut bai liburuaren eta bai dvdaren edizioa nahiko kaskarra dela. Hau da, liburua pobre samarra da formato, paper, maketa eta ilustrazio aldetik, eta DVDa berriz, oso traketsa da erabiltzeko, hasierako sarrera saihesteko modurik ez du eskaintzen (lehenengoan ikusteko ondo dago, baina urrats bakar bat konsultatzera joan nahi duzun bakoitzean beti txapa hori ikusi beharrak ez du zentzurik), nabigazioa nahiko deserosoa da, eta dantzarien irudi batzuk oso kalitate txarra dute (planoak erreta, e.a.). Hala ere, poztekoa horrelako lan bat plazaratu izana eta noski denok erosi beharrekoa, ikusteko, ikasteko, aztertzeko eta kritikoki erabiltzeko.

Argitalpenen azalak eskaneatzen ditudanean (Durangotik poltsak beteta etorri ginen eta denbora beharko dugu dena prozesatzen joateko) jarriko dut fitxa dantzan.com-en argitalepenetan.

Bitartean, hemen duzue argitarapenari buruz DVk ateratakoa: Gipuzkoako dantzen urrats guztiak liburu eta DVD banatan bildu dira lehenengo aldiz

San Andres eguzkitsua

oier_a 2004/11/30 21:40

San Andres eguna eguzkitsua izatea notizia baino gehiago milagroa da azken urteotakoak ikusita. Euria, hotza, haizea eta elur-ura izan ditugu urte mordoska batean. Gaur eguzkia egin du, eguna fresko, baina eguzkitsua, eta herria jendez gainezka izan da. Ikusi Untzaga plaza.

Orain hamar urte abiatutako ohiturari jarraituz Plazara Dantzara erromeria ospatu dugu Kezka Dantza taldekook.

Musika Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eskutik iritsi da.

Eguna eguzkitsua, baina freskoa zenez gustora jardun dugu dantzan, berotuta.

Familiako argazkia eta datorren urterarte.

Kultura Saila eta Athletic

oier_a 2004/11/29 23:24

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Athletic-i eman behar dizkion 360.000 euroen kontua irentsi ezinda nago. Ostiral arratsaldean entzun nuen irratian eta sutu egin nintzen. Ahazten saiatu naiz, baina ezin, larunbatean Oiartzunera, Herri Musikaren txokora iritsi, eta Xabier Etxabe lagunak berehala atera zuen gaia erabat asaldatuta. Guri bosta ajola zaigu Athleticen zaleen polemika, propaganda jarri ala ez. Dantzarentzat direnean xentimoak banan bana kontatzen dituen Kultura Sailak, dantzaren inguruko ekimenak sustatzeko laguntza eskatzen den bakoitzian erantzuntzat aurrekontu murritzak aipatzen dituen erakunde berak, soldata miloietan kobratzen dituzten foballistei bi partidatan paparrean "Euskadi" jarrita eramateagatik 60 miloi pta ematea ez da gure buruan kabitzen.

Ni tonto konpletoa izango naiz, baina ez dut ulertzen zein zerikusi duen horrek Kulturarekin eta zein mesede ekar diezaiokeen euskal kulturari. Euskadiren propaganda egitea bazen asmoa Turismo sailari zegokion kontua ez?

Eibartarrak zerrendan galdetu dut eta albistea ematen duten zenbait iturri eman dizkit Luistxok. Eitb.com-en Miren Azkaraten hitzak jaso dituzte eta bertan dionez lehen Alaves eta Tau-rekin egindako errepikatu dute orain Athletic-kin. Kontsuelo ederra.

Uztarria Azpeitiko ataiye-n bidez Berrian argitaratutako pare bat erreakzioren berri izan dut. Batetik Anjel Lertxundik bere egunerokoa eskaini dio gaiari larunbateko bere zutabean:

Plataforma

Anjel Lertxundi

Ez ote nion gehiegi eman afal garaiko ardoari? Tentsioak eragina ote zen zorabioa? Amesgaiztoren bat ote nuen amarru? Kontua da begiak arranpalo eta belarriak bi talo utzi zizkidala Teleberriko albisteak: Kultura Sailak hirurehun eta hirurogei mila euro (360.000 euro!) emango omen dizkio Athletic futbol taldeari UEFAko ez dakit zenbat partidetan Euskadi izena eramateagatik kamisetetan.

Pako Aristirekin gogoratu nintzen, azken boladan sarritan aipatu baitu politikariak enpresariekin joaten direla kanpora, sekula ez idazleekin. Eta nago egokiera baliatu beharko genukeela idazle eta artisten plataforma bat sortzeko, esanez prest gaudela hemendik kanpoko gure hitzaldi/erakusketetan Euskadi edo Gora gu! edo horrelako zernahi dioen kamisetekin agertzeko.Futbolariena baino askoz ere merkeago aterako litzaioke gainera Kultur Sailari, kontu segurua da.

Bestetik, Amagoia Iban-ek ere hitzegin du horretaz berean:

Hitza, balioa

Amagoia Iban

Zenbat hitz sartzen dira euskarazko informazio orokorreko aldizkari batean? Horrelako zenbat aldizkari betetzen dira euskaraz gurean? Bost lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo jardunagatik, eta 700.000 euro banatu ditu bosten artean. Zenbat balio du, beraz, paper horietan herritarren eskura utzitako hitz bakoitzak? Xemeiko baten ehunena, milarena, hamarmilarena?

Galdera berak herri aldizkariei egokituz gero, are merkeago ateratzen da hitza, 2004ko lanagatik 392.708 euro banatu baitituzte Gasteiztik. Zientzia eta kultur aldizkarien kasuan, aldiz, garestitu egiten da: 387.152 euro partitu ditu Jaurlaritzak bosten artean.

Euskarazko egunkari nazional bakarrean argitaratutako hitzaren prezioari buruz, hobe zenbakiekin ez erotzea. Aurtengo hitz eskaintzagatik 1.450.191 euro jasoko ditu, atera kontuak.

Datorren urterako, baina, gauzak aldatzekoak dira euskarazko informazio egokia eta lan baldintza duinak uztartu nahi dituzten profesionalentzat. Jaurlaritzak 180.000 euroko prezioa jarri dio hitz bakarrari: Euskadi.Ez dakit Athleticek merezi ote zuen. Guk, behintzat, ez.

Amagoiak egindako konparaketa bera dantzarekin egiten saiatu naiz. Kulturaren Euskal Planean jasotako diru kontuetan begiratu dut, eta han jartzen duenez Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak, denak batera, urtean 470.000 Euro bideratzen dituzte dantzaren alorrera. Ez dakit zenbat izan daitekeen diputazioetakoa, baina gutxi gora behera bi partida horietan Euskadiren propaganda egiteko emango dutenaren parekoa izan daiteke Jaurlaritzak urte osoan dantzara bideratzen duen diru kopurua.

Harzkumia

oier_a 2004/11/29 11:28

...eta kitto aldizkaritik proposatu ziguten zutabe bat idaztea aldian behin. Enrike, nik edo kezkako norbaitek idatz zezala. Beste bolondresik ez zegoenez, Enrike eta biok batera egitea erabaki genuen. Tratua ona izan da. Lehenengoa argitaratu dugu eta nik momentuz argazkirako aurpegia eta sinadura bakarrik jarri behar izan ditut. Ea horrela jarraitzen duen.

Luzeegia zela eta mozten jardun zuen Enrikek, beraz, nik moztu aurrekoa jarriko dut hemen.

...eta kitto, 2004-11-26

Harzkumia

Oiñ urtetxo gitxi batzuek, itxuria, hantxe, Zuberoko mendialdian, personia hartzaren ondokua dala siñistuta bizi ei ziran ondiokan. Zera, batzuek buztiñ argaletik eta beste batzuek tximiñuen aurrerabidetik sortutakuak garala diñuen moduen, Santa Engrazin mantentzen ei zeben hartza dogula kristauaren —eta gorrixen— aurreko senidia. Egixa esatera, Zuberuan ezeze, hartza inguruan ezagututako beste kultura antxiñako askotan, antzerakua kontau izan dabe: harek fristixak narrua erantzi eban behiñ eta azpixan gizaki ulebakua agertu ei zeban. Horri ipoiñari harixa segiduta, eziñ ukatu harzkume titulua, beste barik, onartu biharrekua gendukiala dan-danok be. Euskal dantzetan be badago Bizar-dantza izeneko parodixa bat, idazleren batek horrekin mudatziorrekin lotu nahi izan dabana.

Aurreko baten bestela, egunkarixan-eta irakorri dogu Pirineuetan libre gelditzen zan bertako hartz eme bakarra, garbitxu ein dabala bere buruari kazari etiketia ipini etsan gizakume gaizto, madarikatu batek. Eta guk kopixatzia eitxen dogu bakarrik, Toribio Etxebarriak diño: Madarikatua izan deilla betiko, gurasua jo dabelako. Ama hill eta hillabetietako kumia kondenau! Harzkumia galdu erain basakuaren aldian bape gizalege bariko beste harzkume batek! Holantxe gabiz mundua mundu danetik, urkuaren eta, behiñ horretara, geure buruaren kontra.

Egunokaz baiña, beste harzkume batzuek jaixoko dira, han eta hamen: Pirineuetan —laga daixuegun jaixo eta euren bidia eitxen— eta Eibarko kanpaipian. Hamengotxiak Eneko, Jon, Olatz, Ainhoa, Ibai, Pablo, Izar…izango dira. Argitxasuna eraingo al deskue etzi baiño bixar hobe!

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Izar jaio da

oier_a 2004/11/10 11:08

Izar jaio da gaur, azaroaren 10ean, goizeko ordubata aldean. Izar primeran dago eta amatxo Ainhoa ere ondo dago, nekatuta baina pozik.

Jaiotzean 3,3 Kg pisatu ditu Izar Araolaza Larrañagak.

Aitatxo ere poz-pozik.

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter