Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)

Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)

Oier Araolaza 2012/11/02 12:12
Bazetorren, urtero urrats bat aurrera emanez zetorren, eta aurten erabateko desenbarkoa gertatu da, aurten Halloween Resurrection ikusi ahal izan dugu gure herriko kaleetan.

Eta orain bai, orain hasi gara horren inguruan hitz egiten, eta eztabaida txiki bat ere sortu dela dirudi, batzuk kontra yankia delako, beste batzuk alde, jatorrian zelta zelako, paganoa zelako edo dibertigarria delako.

Orain bost urte, Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen, saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait". Hortik aurrera, interes handiz jarraitu dut festa honen bilakaera Euskal Herrian.

Gaba Beltza

Halloween-en inguruan apur bat irakurtzen hasi eta berehala ohartu nintzen Europa osoan Erdi Arotik gutxienez ospatzen diren Neguko Festen (San Martin, San Nikolas, Olentzero, inauteriak,...) beste aldaera bat baino ez dela.


Kuestazioa San Nikolas-en aitzakian. Argazkia: Nicolas Ardanaz (1959).

Eta horretan nenbilela, harridura kolpe handiena etxetik etorri zitzaidan, horri buruz ari nintzela aitak esan zidanean berak ere ospatzen zuela Halloween, gaztetxoa zenean, Zizurkilen, 1950eko hamarkadan.

Hariari tira egin gabe bakarrik joan da askatzen. Aian, Berrizen, Eibarren, Arabako Errioxan, Oiartzunen... bila joan gabe agertzen joan dira testigantzak: kalabazak baratzetan lapurtu, hustu, kandelak jarri eta bide bazterretan eta toki ilunetan (garai horretan gehienak) jartzen zituzten nerabeek.

Halloween euskal festa zen beraz. Ez zitzaion Halloween deituko, ez? Ba bai, Halloween zuen izena, baina euskaraz, noski: Animen Eguna edo Animen Gaua. Izan ere, horixe esan nahi du Halloween-ek: "anima guztien gaua". Mutrikun orain hamabost urte berreskuratu zuten eta izen propioarekin gainera: Gaba Beltza.

2012 honetan ikusi duguna erabateko Halloween Resurrection bat izan da. Azken urteetan ari zen festa bidea egiten, mozorro eta bazar erako denden eta taberna eta diskote batzuen ekimenez. Baina aurtengo zabaltze izugarri honen atzean merkataritza industria dago, nire ustez.

Merkataritza

Halloween-eko mozorroen, maskaren eta plastikozko kalabazen industriak denda txiki eta merkatal zentru handietan sarrera indartsua egin du, eta emaitza izugarria izan da. Eibarko El Corte Inglesek eremu oso-oso bat omen zegoen (ez du nik neuk ikusi, baina hala esan didate) Halloween-en mozorro eta abarrekin. Azken bi urteetan bezala Halloween mozorroen festa antolatu du dendaren atarian, eta kiroldegiko dantza moderno eskolako ikasleek Halloween tankerako (Thriller e.a.) hainbat dantza eskaini dituzte.

Halloween Eroski Eibar

Eibarko Eroski hipermerkatu handian ere apalategi oso bat zegoen Halloweeni zuzenduta, eta denda sarreran, umeei Halloweeni buruzko marrazkiak egin eta Halloween marrazki lehiaketan parte hartzera gonbidatzen zituzten umeak.

Halloween Eroski Eibar

Zer esanik ez Bazar txinatarretan, dena euro bakarrean iragartzen duten horietan, jostailu eta mozorro dendetan, e.a. Halloween-en merkatari-industria saltoki tamaina guztietara iritsi da aurten.

Ostalaritza

Taberna, pub eta gaueko festa guneak larri dabiltza krisiarekin, eta argi dute edozein aitzakia ona dela festa egiteko. Hor ere Halloween festen eztanda ezagutu dugu: tabernak girotuta, zerbitzariak mozorrotuta, lehen tragoa dohain mozorrotuta zetorrenari, e.a. Dena den, esango nuke taberna giroan oraindik ez duela kale giroan hartu duen indarra hartu Halloweeen-ek. Zergatik? Festazaleen adinagatik. Halloween invasion honi erantzun zabala eman diotenak umeak (6-12) eta nerabe gazteenak (12-16)  direla iruditu zait, eta horiek ez dira tabernetako bezero.

Aisialdia

Merkataritza eta ostalaritzarena ikusten zen bazetorrela. Baina sorpresa handiena aisialdian hartu dut. Ez dakit zenbateraino zabaldu den kontu hau aisialdian, baina Eibarren, Gaztelekuaren dinamizazioaz arduratzen den Astixa enpresak (euskalgintzarekin lotutakoa) Halloween maskara eta mozorroak egiteko tallerra antolatu zuela ikusi nuenean zur eta lur geratu nintzen. Arduradunek beraien kezka aitortu zidaten, baina nerabeengana "iristeko" dituzten zailtasunak ere bai, alegia, haien intereseko jarduera proposamenekin asmatzeko zailtasunak. Horregatik, Halloween-ekin interesa antzeman zietelako gazteei antolatu zuten jarduera.

Ekonomia, ergela, ekonomia


Niri gai hau asko interesatzen zait, herri kulturako adierazpenak, folklorea deitzen den hori, nola eraldatzen, berritzen, galtzen eta berpizten den erakusten digulako, eta orain eta hemen, gure begien aurrean gertatzen ari delako. Iruditzen zait folklore ikertzaile eta antropologoentzat aukera zoragarria dela, gure aurrean gertatzen ari den gauza bat aztertu  eta ikertzeko. Normalean iraganean gertatu izan diren prozesuak ikertzen dira, eta horiek askoz zailago dira behar bezala ulertzeko. Hau gure mutur aurrean gertatzen ari den fenomenoa da, eta beraz, aukera bikaina.

Orain gutxi hil berri den Eric Hobsbawm-ekin akordatzen naiz. Tradizioak nola sortu eta eraldatzen diren frogatzeko duela hainbat urteko adibideak (Eskoziarren kilt-a, e.a.) erabili behar izan zituen. Gaur egungo gertatzen direnak ezagutzeak, lehengoak nola gertatu ote ziren asmatzeko laguntza handia eskaintzen digulakoan nago. Eta gaur egun, ekonomiak festa eta tradizioen heriotza eta berpiztean duen eragina ezagututa, nork dio orain mende batzuetakoetan ez zuela hainbestekoa edo gehiagokoa izango?

Heriotza eta berpiztearen zapore mingotsa

Aldaketa kultural harrigarri baten testigu izateko aukera pozgarria da, baina aldaketa horren xehetasunek zapore mingotsa, nahiko mingotsa uzten didate niri. Argi daukat Halloween-en olatu honen aurka ezin dudala borrokatu. Baina horrek ez du esan nahi gertatzen ari dena gustatzen ari zaidanik. Zer ez zait gustatzen?

Hasteko, ez zait gustatzen gure buruaz esaten diguna. Ziur aski bi mila urtez, gutxienez, ospatu da Euskal Herrian animen gaua. Aurretik ere bai, baina, gutxienez milurte bat. Belaunaldiz belaunaldi, hizkuntza eta kultura oso baten barruan transmititu da festa. Aldaketak izango ziren noski, eta kalabazak ere auskalo noiz sartuko ziren festan. Baina festa izango zen. Eta noiz eten da katea? Orain 30-40 urte. Gure gurasoak izan dira azken belaunaldia. Bale, gizartea aldatu da, kultura aldatu da, eta gertatzen dira horrelako gauzak.

Baina ahaztura? Gure gurasoek ospatzen zutela ez ezagutzea, belaunaldi bakarrean festa desagertu eta erabat ahaztea, eta orain, amerikarra, irlandarra, zelta edo paganoa dela pentsatuta itsu-itsuan geureganatzea... Horrek gutaz, gure kulturaz esaten duena kezkatzekoa iruditzen zait.

Festa soil bat?

Zenbaitek esaten didazue festa bat baino ez dela, ez emateko horrenbeste garrantziarik. Niretzat ez da festa soil bat, baizik eta funtzionatzeko modu bat da. Hori berori gure hizkuntzarekin, edo orain gure kulturaren oinarrizko ezaugarritzat ditugun beste adierazpen batzuekin egingo bagenu, balorazio desberdina  jasoko lukeela iruditzen zait. Adibidez, imajinatzen bertsolaritza hiltzen utzi izan bagenu (animen gauarekin batera, hortxe-hortxe izan zen) eta orain rap-era erabat emango bagina?

Gau beltzetik Halloweenera

Festa bera da, bai, baina ospatzeko moduan hainbat aldaketa gertatu dira, eta esango nuke, hor galtzen atera garela nabarmen. Zertan? Bi adibide:

1. Birziklatzea vs kontsumismoa. Animen gauaren euskal ospakizunean ez zegoen plastikozko mozorro, maskara eta kalabazarik erosi beharrik. Inauterietan bezala, mozorroaren helburu nagusia, gure burua ezkutatzea, inork ez ezagutzea, aurpegia estaltzea zen, eta horretarako nahikoa ziren oihal zahar bat.



Kalabazak ere baratzetan harrapatu (lapurtu gogortxoa egiten da orain esateko, baina halaxe zen) eta kitto. Grazia handirik ez zien egingo baserritarrei, baina urteroko kontua zenez, ziur aski batzuk nahita utziko zituzten kalabaza batzuk baratzean jaso gabe, gazte harraparien zain.

Jakina, Halloween berria merkataritza-industriak bultzatu du, eta helburua mozorroak eta maskarak saltzea da, beraz, horretan ziri ederra sartu digute, eta gainera, festak egiteko modu merke eta jasangarriagoa baztertu dugu.



2. Truco-o-trato vs aginaldoa. Neguko festen ezaugarri nagusietakoa etxez-etxeko (eta atez-ateko!) kuestazio erronda da (edo izan da). Gazte taldeek baserriz-baserri eta etxez-etxeko jira egiten dute, mozorrotuta (inauterietan) edo kantuan (Santa Eskean, Olentzerotan,...) eta jakiak, dirua edo goxokiak biltzen.

Europa osoan ospatzen dira mota honetako neguko festank, eta Halloween horixe da funtsean. Eta eskatzeko hamaika formula desberdin erabiltzen dira, adibidez: "Aginaldo, aginaldo, urdaia bota ta ixilduko!" edo "emongo bozu emoizu, bestela ezetz esaizu, ate osteko haiziak hartzen amak ez gaitu bialdu!". Mutrikun, Gaba Beltzean, kalabazak atarietan jarri, eta esakera polita kantatzen zuten: "Xesteron kontra, animen alde...". Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena omen zen.

Orain truco-o-trato da formula (ez dut uste trick-or-treat erabili dutenik gure gazteek), eta horrek ere pena ematen dit, euskaraz eske-kantu eta esakera oso politak izanik, inglesetik gaztelerara itzulitakoa nagusitzea.

Akulturazioa

Azken batean, Animen Gauaren heriotza eta Halloween-en berpiztea, akulturazio eta homogeneizazio prozesuen adibide ikusgarri bat da. Atzo twitterren idatzi nuen indio-oilar bat erostera nindoala laster dugulako ate joka Thanksgiving day. Artikulu honetan irakurri dut Dia de Accion de Gracias festa yankia ez dugula Halloween bezala irentsiko, bata festa dibertigarria delako eta indiolarra berriz jateko lehorra dela.

Ziur aski arrazoia izango du eta ez dugu Thanksgivin day ospatuko epe motzean, baina ez indiolarra lehorra delako, baizik eta indio-oilarren industriak oraindik ez duelako gure eremu hau bere merkatu berriak zabaltzeko bere plan estrategikoan sartu. Baina hasi gaitezke indiolarra jateko errezeta on bat edo saltsa egoki bat aurkitzen, ze Corte Ingles-ek eta Eroskik indioilar eszedente bat Euskal Herrian merkaturatzea komeni zaiela erabakitzen duten egunean...


Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2012/11/02 13:21
Oso artikulu politta Oier. Badago barruan ar bat esaten dostana ezetz, festa modu hau ez dala guria. Eta hoixe ezetz, holan ez da guria baiña atzeratxuago begiratuta GURE dogu. Ahalegin barri bat egin bihar... Datorren urterako plastikuari gerra, gerra beti!
Luistxo
Luistxo dio:
2012/11/02 14:57
zuek badakizue zer den truco-o-trato? azalpen bat eskatuko nuke ze neure umeek ere ez dakite (!!!) eta 14 eta 9 urte dituzte.
ana morales
ana morales dio:
2012/11/02 15:26
Niri irakiten jartzen zait odola "truco o trato" entzuten dudanean. Erdaraz oso itzulpen tristea iruditzen zait, nire ustez zabaldu zena Harrison Forden film baten bidez (ala Kevin Costner zen?), amishen herri batean infiltratzen zen tipo batena... Erdaraz oso itzulpen txarra, diot, fonetikari gehiegi begiratu diona eta esangura aldetik nahiko opako suertatzen dena, baina euskaldunok ere "truco o trato" esatea, erronda eta eske bertso eta kantuen hain ondare oparoa dugunean!!! Guztiz bat nator zurekin , Oier. Eta Thanksgiving ba igual ez dugu berdin-berdin ospatuko, ze uste dut larregi litzatekeela ospatzea indioekin nola "adiskidetu" ginen, baina agian beste modu batera inportatu liteke. Izan ere, Gabonak "familia" afaria dira (horregatik deseroso eta tragu txarra askorentzat, ze nork esan du familia definizioz harmoniotsua denik), baina Thanksgiving ez da erlijiosoa eta ez nahitaez familiari lotua, eta horregatik estatubatuarrei (behintzat NYtar askori) gabonak baino askoz gehiago gustatzen zaie, eta lagunekin ospatzen dute: adiskideen jai ez erlijioso bat. Ezaugarri horiek dituelako igual helduko da azkenean. Bestela ez, ze familia afarietarako guk baditugu gabonak.
Martintxo
Martintxo dio:
2012/11/02 16:21
Kalabazaren historia hori Altsasun (Nafarroa) ere ezagutzen zen... baina ez ziren kalabazak erabilzen (hemendik ez zirelako jartzen baratzetan lehen) arbiak baizik. Nere aita txikitan nintzenenan (orain dela 30 urte edo) erakutsi zidan nola egiten ziren arbiekin kaskezurrak: arbiaren punta (lurrean dagoenenan beheko partea) kendu eta handik arbiaren barrukoa atera, gero egin ahoa, sudurra eta begiak, eta kendu dugun punta honetan zenbait zulo, kandelaren kea ateratzeko. Gero barruan kandela puxka bat jartzen zen, eta goiko punta tapa bezala jarri. Listo !!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/02 18:54
Eskerrikasko Iban. Gerra hau be galtzeko danak dakaguz, baina letxe, egoskorkeriak biziarazten gaitu.

Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/02 19:08
Luistxo, nik uste dut ingelesezkoari begiratu behar zaiola esan nahia ezagutzeko, gaztelerazko itzulpena nahasgarria da eta. "Trick or treat" horrekin etxeko atea jo duen mozorrotuak goxoki, jaki edo diru apur bat lortzea du helburu. Trick gaztelerara "truco" moduan itzuli da, baina nik uste dut kasu honetan ez duela esan nahi hori. Freedictionary ematen dituen lehen adiera hauek uste dut argigarriak direla: "Trick: 1. An act or procedure intended to achieve an end by deceptive or fraudulent means. 2. A mischievous action; a prank. 3. A stupid, disgraceful, or childish act or performance." Alegia, gaztelerazko "truco" baino nik "amarru", edo "trikimailu" esango nuke. "Treat" berriz, tratua, akordioa litzateke, alegia, mozorrotuak eskatzen duenari amore ematea, goxokiak. Beraz, etxeko jaun edo andereak ez badu goxokorik edo dirurik ematen, "trick" hori hautatu, eta beraz, mozorrotuaren haserrea eta mendekua sofritu beharko omen ditu. Ez dakit, ezer argitzea lortu dudan.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/03 09:43
Ana, nik gogoratzen dut Kevin Kostnerren filme bat ume batekin, halloween mozorroarekin ageri dena. Un mundo perfecto (A Perfect World) zen izenburua. Ez nekien pelikula horrek ekarri zuenik itzulpena? Bai, ote? Ikusten denez itzulpenean antzeko sonoritatea lehenetsi dute, eta zerbait ulerkaitza geratu da. Wikipedian sartu, eta hara, azalpen oso txukuna ematen du, zer den eta zer gertatu den:"e ha generalizado la traducción libre «truco o trato»1 o «treta o trato» de «trick or treat», basada en establecer un juego fonético al estilo del original, al igual que se ha hecho en otras lenguas2 . En realidad, en el "trick-or-treating" no se trata de un truco propiamente dicho, sino más bien de un susto, una broma o una travesura. Tampoco se plantea hacer ningún "trato", sino que se pide "un regalo" ("a treat"), normalmente un dulce o una golosina. Por lo tanto, una traducción más literal, basada en su sentido, sería «travesura o dulce», «susto o dulce», «broma o dulce», «susto o golosina»..., pero se trata de un juego de palabras en inglés que admite diferentes traducciones, ninguna de ellas realmente fiel al original, ni en sentido ni en fonética." http://es.wikipedia.org/wiki/Dulce_o_truco

 RAEren twitt bat ere erakusten du wikipediako sarrerak, "truco o trato" formula ematen, baina ikusten denez wikipediako testua egin duena ez dago konforme eta "Dulce o truco" jarri dio izenburua sarrerari.
https://twitter.com/RAEinforma/status/263862361629290496

Thanksgiving-a? Nik ere espero dut ez asmatzea horretan, baina esan nahi dudana da merkataritza-industriak erabakitzen duen doinura dantza egiten dugula, eta orain sinestezin zaiguna urte gutxitan kontsumitzen bukatu dezakegula. Orain hamar urte inork ez zuen sinistiuko halloween horrelako indarrarekin hedatuko zenik hemen, baina gertatu da.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/03 09:59
Oso polita Martintxo! Eta arrazoi guztia duzu, hemen gehiago erabili izan dira arbiak kalabazak baino. Itxura denez, festa Europatik Ameriketara iritsi zenean, han arbi gutxi eta kalabaza asko zegoen, eta horregatik joan zen aldatzen arbitik kalabazara, baina jatorrian arbiak erabiltzen omen ziren.

Bide batez, Halloween inguruan badago ele zahar multzo bat, "Jack O'Lantern" izeneko anima beltz-beltz bat protagonista duena, eta hiltzean ez dutena onartzen ez zeruan ez infernuan, eta horren ordez, betirako munduko bideetan alderrai ibiltzera kondenatua, bidea argitzeko barruan kandela bat daukan arbi bat eskuan duela. Hori omen da arbi-kalabazare ohituraren abiapuntua, eta hortik aurrera arbiak (eta kalabazak) hildako animen bidea argitzeko eta anima gaiztoak uxatzeko erabili izan direla diote ele zaharrek.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/04 19:45
Baternain-en, Domu Santu egunaren inguruko egunetan, umeek kuestazioa egiten zutela jaso zuen Joxe Miel Bidador zenak, eta goxoki-kuestazio horretan, oso esaldi polita erabiltzen zuten: "Xanduli Manduli, Kikirriki..... echeme usted nueces por aquí!!"
Txopi
Txopi dio:
2012/11/05 18:11
Aupa Oier:

Artikulu ederra idatzi duzu. Lekeition, orain dela zazpi bat urte, "Katu baltz" eguna ospatzen da. Bere jatorria ez dakit zein den baina Halloween arrotza ospatu orduko, nahiago herriko kondaira bat jatorri duen jai berri hau.

Esteka batzuk:
* http://olinpiada.elhuyar.org/[…]/katu-baltz-eguna
* https://maialenbeitia.wordpress.com/[…]/
* http://www.aisiahoteles.com/noticia.asp?ID=98
* http://rebelion.org/noticia.php?id=75384 (bukaeran kondaira azaltzen du gaztelaniaz)
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/06 12:28
Eskerrikasko Txopi!
Anonimoak dio:
2012/12/19 14:20
Kaixo Oier!
oso interesgarria bildutako informazioa! "Hitza"ren bitartez aurkitu zaitut eta Olentzeroaz hizketan bada kontu interesgarri bat Leitzan. Bertan, Orantzaroa ospatzen da, Orantza-aroa (legamiaren aroa-edo itzul daiteke, aro oparoa), Leitzako kultur taldeak egindako lanketa batean biltzen da Orantzaroa Leitzan ez zela pertsonaia mitologiko bezala ezagutzen gerra zibil aurretik. Aro bat bezala, garai bat bezala. Hau da, eguna luzatzen hasten zela ospatzen zen horrek atzetik daukan guztiarekin eta hau modu sinbolikoan irudikatzeko panpin bat jartzen omen zen etxeetako ataurreetan. Askotan, panpin hau, emakumezkoa ere jartzen omen zen, baita EHra bueltatutako emigranteen gizon eleganteak, gizon-emakumeak etxeko lanak egiten... nolabaiteko garai oparoa irudikatuko zuen figura bat jartzen omen zen. Gerra zibilaz geroztik, lotsagarria izaten omen zen emakumezkoa jartzea eta ordutik pixkanaka-pixkanaka gaur egungora arte eraldatuz joan zen.
Hemen informazio gehiago: http://leitzakultura.net/content/view/299/1/

Informazioa interesgarri zaizuelakoan!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/12/19 16:12
Kaixo Anonymous!
Mila esker zure mezuarengatik. Olentzero hitzaren inguruan aldaera eta etimologia ugari dago. Aldaeren artean zuk aipatzen duzun Orantzaroaz gain beste hauek aipa daitezke: Olentzero, Olentzaro, Olenzaro, Onentzero, Onentzaro, Onantzaro, Onontzaro, Orentzaro, Gomentzago(!),... Esan nahiari buruz ere, hainbat buru hainbat aburu, eta azalpen desberdinak eman dira: Gauza edo gau onen aroa > Onen(tz)aroa (Isasti, Larramendi, Azkue), Noel > Olen > Gabonak (Altube, Lekuona), O de Noel > les oleries > O-en garaia > Olentzaro (Caro Baroja), Oles aro (Satrustegi). "Legamiaren aroa" proposamen hori ez nuen ezagutzen. Aipatzen duzun emakumezko panpinarena ere oso interesgarria da, Olentzerori egotzi zaion genero marka eta ondorioz haren bikote Mari Domingi asmatzearen zentzugabekeria nabarian uzten baitu. Zorionak Leitzaldian egiten diharduzuen lanagatik eta mila esker hemen horren berri emateagatik!
Paul Estonba
Paul Estonba dio:
2013/11/01 15:04
Oso webgune interesgarria. Irungoa naiz eta hiri españolista honetan haurrak beti gazteleraz dabiltza eskean eta nazkaturik nago eta zuk aipatutako esapidetatik zein den egokiena jakin nahiko nuke.
Jakes LAFITTE
Jakes LAFITTE dio:
2014/10/30 18:59
Hasieran Haloween besta irlandesa zen, beraz zeltikoa. Irlanar asko Eustatu Batuetara emigratu dutenez ber, herri honetan kokatu da, eta zabaldu da, merkataritza handi bat bihurtuz. Munduan pixkanaka AEB etako bizimodua zabaltzen den ber, Halloween sartzen da ere. Lehengo aldiz Halloween eri buruz jakin nuelarik 1981 an zen Santo Domingon, hau baita Amerikar kulturaren menpean bizi den herri batean; eredu honi jarraituz herri honetan, baita Hego Ameriketako askotan ere "Thanks giving day" ospatzen da.
Euskal Herrian Irlanda bezala, sorginak izan dira, eta garaiko agintariek izugarri zapaltu zituzten. Hortaz Halloween bezalako sorgin festa asko egiteko aukera badu Euskal Herriak: bai Senperen baita Zugarramurdin ere eta hainbat tokitan. Zergaitik ez besta horieri lotu eta kanpokoak ez asimilatu, edo kanpokoek asimilatirik izatea?
Jakes LAFITTE
Jakes LAFITTE dio:
2014/10/31 19:29
Ez zait oso argi santueeri edo sorgineri loturik dagoen Halloween, bainan etimologiari begiratzen badiogu, "santu guztien eguna" santuekiko lotura nabarmenak baditu, eta gainera Omniasantuen bezperan egiten da. Nire lurrean (Okzitania) ere egun hartan, bainan ez niz oso seguru, kalabaza zulatuetan kandelak jarriaz, hezurburu bildugarriak egiten genituen. Ohitura hori baita Euskal Herriko herri batzuetan egiten zen amana eta aitona askok diotenez. Beraz bertako ohitura zen, itxura edo izen berdinaz egin arren. Bainan politagoa litzateke nire ustez, bertako ohituratik abaitzea eta ez merkataritza berri batek eraginik, Amriketako ohitura baten kopiatzea. Hobe da bertako ohitura zaharrak gaurkotzea, kontsumismo arazo batengatik kanpoko ohiturak kopiatzea baino. Bainan horrengatik guztiengatik Halloween zale guztieri Besta On esaten diet.
Agustin Mendizabal
Agustin Mendizabal dio:
2014/11/01 14:11
Kaixo.
Nik Pasai San Pedron eta Donibanen horrelako lekukotza ditut. Gainera, Donibanekoa uste baino gazteagoa da (55en bat urte izango ditu). Funtsean gauza bera: baratzetatik kalabazak lapurtu, hustu, eta barrenean kandelak sartu, argi gutxi zegoen tokietara eraman eta jendea izutzeko.
Gai hau orain dela 2 urte jorratu zenuen, baina espero dut oraindik baliagarria izate.
Ongi izan,
Agustin
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2014/11/03 12:12
Paul: Nik aurten seme-alabei hauxe proposatu diet: "Xanduli, manguli, kikirriki, eman goxogiak guri!". Baternain-en domu santu egunean gaztainak eskatzeko erabiltzen zen formulan oinarrituta dago.

Jakes: Nik ez dut sorginen konturik antzematen ospakizun honetan. Halloween eta Animen gaua festa bera dira jatorrian, eta bai, Animen gaua ia-desagertu zaigu eta Halloween-ek inbaditu gaitu. Ezaugarri beretsuak ditu, baina bidean bertako eske-formulak galdu eta trick-or-treat edo truco-o-trato (hegoaldean) sartu digute, eta batez ere merkataritza industriaren negozioa da orain irentsi duguna. Ez dugu erraza horri aurre egitea, baina saiatu beharko ginateke gure kulturaren zipriztinen bat gehitzea erauntsi horri.

Agustin: Mila esker zure lekukotzagatik. Bat dator han eta hemen jasotzen ari garen testigantzekin. Zenbait tokitan 80ko hamarkadararte ospatu da Arimen gaua, aipatzen duzun modu horretan.
nekane martiarena
nekane martiarena dio:
2014/11/12 10:15
kaixo: Oiartzundik idazten dut. gu herrian baserrietan eta herritarrekin izan gara gai hau dela eta.Bereziki 80 urtetik gorakoak gogoratzen dute ospakizun hau. Esan digutenez helburua jendea beldurtzea zen. Kalabazak hartu, hustu, kandelak sartu eta bidegurutzetan edo etxe sarreretan jarri. Batek esan digu, txorimalo handi bat ikusi zuela berak behin zelai baten erdian eta burua kalabaza kandelarekin. Beste batek esan digu sorgina zela esaten zuten emakumeari jartzen omen zitzaion kalabaza, horrela sorginkeriak uxatzeko edo.
Guk ludotekako haurrekin gai hau landu eta festa eder bat antolatu genuen urriak 31 ean, hona hemen bideoa.

http://youtu.be/PbWN4TtZn88
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2014/11/12 14:23
Mila esker Nekane! Oso interesgarria eta zorionak egindako lanagatik!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter