Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Datak eta datuak

xme 2006/06/05 13:48

Berrogeita bi urte bete ditut udaberri honetan. Era berean, hogei urte dira nire lehenengo liburua kaleratu zela: "Sei ipuin amodiozko". Geroztik, liburu-mordoxka etorri da, berrogeitik gora.

Orain dela bi urte hasi nintzen sareko txoko honetan idazten, 2004ko uztailaren 16an, eta geroztik egunero-egunero kontatu dut zerbait, jaiegunetan salbu; guztira, 500 artikulutik gertu. Iaz, urtea bete nuenean, maiztasun laxoagoz aritzea pentsatu nuen, baina erritmo berean jarraitu nuen azkenean, zeresana eta gogoa agortu ez zitzaizkidan seinale.

Orain, berriz, gogo hori ahitzen sumatu dut, eta nahikoa gauza egin behar izaten dugu bestela ere gogorik gabe, borondatezkoetan ere behartuta jarduteko. Hortaz, uztea erabaki dut. Bigarren urteurrena betetakoan? Horixe izan zen nire lehenengo burutazioa, baina asteburu honetan hala esan diot neure buruari: eta zertarako itxaron data biribila iritsi arte? Utzi eta kito.

Halaxe ba. Mila esker urte pare honetan irakurle izan zaituztedan guztioi, noizbait erantzunen bat utzi duzuenoi, kalean topo eginda animozko hitzen bat esan didazuenoi. Muxuak denontzat.

Doblea pagatu behar liekete

xme 2006/06/02 13:40

Gure herriko festak ari dira ospatzen, ni ez naiz asko ibili baina. Agorafobiko samarra bihurtzen ari ote naizen... Aurreko batean salbuespena egin nuen, ordea, eta lanetik itzuli eta gero bertsolariak entzutera joan nintzen. Goizetik egina zuten beste saio bat, eta labur samarra izan zen arratsaldekoa.

Zenbait lekutan alfer fama omen dute bertsolariek baina, haien tokian jarri eta niri behintzat gogorra iruditzen zait erabiltzen duten martxa: goizean autoa hartu, joan behar duten lekura iritsi, lagunak eta antolatzaileak agurtu, kafe bat edo beste zer edo zer hartu kontu-kontari ordua iritsi arte, eta hasi bertsotan; gero baxoerdi batzuk, batari eta besteari kasu eginez; ondotik bazkaria udaletxeko arduradunekin-eta; bazkalondo luzean bertso gehiago, talde txikian; atzetik, zuritoren bat han edo hemen, jendearen agur, eupada eta abarrak jasoz; arrastirian berriro oholtzara, bertso gehiago botatzera; handik jaitsitakoan, berriz, trago bat behinik, agur esan aurretik, eta hor ere inguruko fan eta kapar guztiak jasan behar, batzuk jatorrak eta beste batzuk gogaikarri hutsak. Dabilenak jakingo du baina ez da tratu gozoa, gorputzarentzat nahiz arimarentzat.

Ez dakit ni ere txaplata aspergarri horietakoa ote naizen baina aitortu behar dut zurito bat hartzera joan nintzela bertsolariekin saioa amaitu eta gero. Eta nire herritarrez lotsarazi ninduen ikuskizunaren lekuko izan nintzela ere bai: edanaz ase samarrik zegoen azkar usteko bat bertsolari bizkaitarrari alamena ematen, haien euskara zela eta ez zela, "bentanie" eta horrelako adibide orijinalekin gainera. Esatea bakarrik izan balitz, baina han eduki zuen ordu laurden inguru, eta zakar famako bertsolariak aurpegi ona jarri behar, porkulo hartzera bidali ordez.

Horregatik bakarrik doblea pagatu behar liekete.

Patxi Iturregi: “Zenbaitetan pentsatzen dut idazlea baino areago medium bat naizela”

xme 2006/06/01 09:00

Patxi Iturregi (Laudio, 1952), bere hirugarren ipuin-liburuarekin datorkigu: "Dioramak", 66 istorio laburrez osaturiko bilduma, gai, ahots eta gertalekuen aniztasun harrigarria erakusten diguna. Egileak ezagun du pozik dagoela emaitzarekin.

"Dioramak": izen bitxi samar bat izenburutarako. Argitu iezaguzu zer den diorama bat.

Begira, nola-halako definizio bat emango dizut. Eszena erreal bat irudikatzen duen hiru dimentsioko eraikuntza eskalakoa da diorama. Esaterako, modelogintzan hain erabiliak diren erretxinazko modelo horiek, edo natur zientzietako museoetan ikusten ditugun horietakoak, gizaki primitiboen eguneroko bizimodua irudikatuz edo hegazti migratzaileen habitat zingiratsua erakutsiz. Gabonetako “jaiotzak” ere dioramak dira eta baita umeei urtebetetze egunean oparitzen zaizkien playmobileko kit ezagun horiek ere: “erreskate taldea”, “polizia patruila” eta abar. Edonola ere, ez da maketa kontzeptuarekin nahastu behar, noski. Diorama zerbait bizia da, funtsean eszena bat irudikatzen baitu. Maketa soila, ordea, zerbait biluzia eta hila da.

Behin definizioaren kontua argituta, azal dezadan zergatik jarri diodan izen hori liburuari. Izena, azken batean, irakurleari egindako keinu bat da, esanez bezala, hor irakurtzen ari zaren eszena txiki horrek errealitatearen itxura izan dezake, baina kontuz, ez zaitez nahastu, ez da errealitatea, nik asmatutako artifizioa baizik. Bere funtzioa, nolabait, amandre ipuinetako formulena da. “Behin batean...”, “munduan askok bezala...” edo antzekoak entzun orduko, entzuleok badakigu kontalari iaioaren eskutik fikzioaren munduan sartuko garela. Ba, horixe duzu ideia, izen berezi hori jartzeko arrazoietako bat behintzat, fikzio mundu horretan barneratuko garela jakinaraztea.

**Zure hirugarren liburua da hau, “Haize kontra” eta “Behi eroak”en atzetik. Denak ere ipuin-liburuak, baina joera sumatzen zaizu gero eta ipuin laburragoak egiteko...**

Hori egia da. Horrelakoxea izan da orain arteko nire bilakaera. Ia neurri berekoak izanda --180 orri ingurukoak--, “Haize kontra” liburuak bederatzi ipuin izan zituen, “Behi eroak”-ek hamabi bat eta oraingo “Dioramak”, aldiz, hirurogeita sei. Azken honetan ipuin laburrak eta hiperlaburrak dira nagusi. Egia esan, labur kontatu behar hori joera orokorra da, bai ipuingintzan bai literaturan bai gaur egungo arte langintza askotan ere. Gero eta unitate txikiagoak erabiltzen dira esparru guztietan. Horrek abantaila garbiak ditu. Adibidez, ipuinen kasuan, errazago topatuko duzu non argitaratu laburrak baldin badira, irratian, aldizkariren batean, egunkarian, telebistan... Luzeak badira, berriz, liburuaren aukera baino ez duzu. Oro har, tamaina luzea oso zurruna suertatzen baita.

Bestalde, esan behar dut gustura nabilela formato txikian; izan ere, esperimentatzeko eta bide berriak jorratzeko parada ezin hobea eskaintzen dizu. Azkenean, eskema moduko bat eratzen duzu buruan, horrelako istorio laburrak harrapatzeko sare bat edo, eta berehala ikusten duzu zeure burua ehiztari gisa, eguneroko gertaera arrunten artean hurrengo kontagaia izan daitekeena atzeman nahian. Gainera, nolabaiteko hiltzaile sena garatzen duzu, istorioak jaio berritan “akabatzeko” antze berezia.

Dauden hurrenkeran irakurtzekoak

Zure diorama edo ipuin hauetan mila mundu agertzen dira; nahita bilatu duzu aniztasuna: estiloetan, istorio-motetan, agertzen diren toki eta giroetan...

Ondo ulertu duzunez, liburua aniztasunetik abiatzen da, aniztasuna gaietan, ahotsetan, ikuspegietan, gertalekuetan..., baina azken xedea erabat integratzailea da. Liburu honetan era guztietako istorioak batzen dira teilape berean, errealistak eta fantastikoak, psikologikoak eta lirikoak, absurdoak eta beldurrezkoak... eta, hala ere, eraikuntza orekatu eta harmoniatsua atera zaidala esango nuke, batere hotza ez dena. Oso pozik nago azken emaitzarekin.

Hain da oparoa gai aldetik ezen hipertestuaren egiturapean antolatzea ere nahiko erreza izango litzatekeen. Honetaz, noski, geroago konturatu naiz, liburua bukatu ondoren. Guztiarekin ere, testuan ageri dena izozmendiaren tontorra baino ez da, horko hirurogeita sei istorio argitaratu ahal izateko, ehunetik gora idatzi behar izan ditut, gero aukeratu, ordenatu eta hainbat kontakizun bazter utzi, ezinbestez. Hori da labur kontatzearen alde txarra: gehienetan ahalegin sortzaile handiagoa eskatzen dizu.

Hirurogeita sei ipuin dira guztira, eta nabarmen ikus liteke graduazioa: crescendo bat dago istorioen intentsitatean, ezta?

Nik irakurleari eskaini nahi diodana liburu oso bat da eta ez istorio potpourri edo saski-naski itxuragabea. Ideia hori oso argi daukat beti. Hortaz, unitate txikienak egoki antolatuz eta konbinatuz, egitura bat eman diot “Dioramak” bildumari. Zero mailatik abiatu naiz, anekdota xumeetatik hasiera batean, eta hortik aurrera, musikan bezala, intentsitate aldetiko graduazio bat eman diot tonu orokorrari, apurka-apurka gero eta argumentu eta kontakizun sendoagoak tartekatuz, beti in crescendo, liburuaren bukaeraraino. Esan liteke egituraren bidez suspense moduko bat sortzen saiatu naizela, eta indar hori liburua alderik alde zeharkatzen sumatzen da, haize korronte baten gisa. Horrexegatik abisatu behar dut garrantzizkoa dela liburuan proposatzen den ordena errespetatzea, bestela ipuin batzuen indarra gal liteke, hain dira fin eta delikatuak eskaintzen diren jolasak.

Hainbeste prisma erakutsita, idazlearen ikuspegia lausotu-edo egin nahi izan duzula dirudi. Errealitatearen voyeur huts bihurtu ote duzu zeure burua?

Ez dakit errealitatearen ikusle edo lekuko hutsa izango naizen. Baina zenbaitetan pentsatzen dut idazlea baino areago medium bat naizela, idazten ditudan kontuen bitartekari soila eta ordenagailuaren pantaila ektoplasma hodei gris bat non nire barnean bizi diren pertsonaiak gauzatu eta mamitu egiten diren noizean behin (barre algara). Nire ustez, istorioek aukeratzen zaituzte zu eta ez alderantziz. Idazleari dagokion lan bakarra kontakizuna forma aldetik janztea da. A priori oso jarrera pasiboa ematen du. Baina, kontraesankorra dirudien arren, idazleak oso erne egon behar du ondotik igarotzen zaizkion istorioen deia entzuteko lehenik, eta jantzi apaina eskaintzeko bigarrenik. Niri bost axola zait egilea, kontakizunaren alde egiten dut apustu garbia.

Hurrena ere, guztiz bestelakoa

Han-hemen erdi-ezkutaturik, metaliteraturazko zipriztinak daude; iniziatuentzako keinuak?

Beno, badakizu, gure artean Julian Barnesen eta Enrique Vila-Matasen eskutik jarri zen modan metaliteratura. Hori 80ko hamarkadan gertatu zen. Baina nik uste dut gogaiturik gaudela honezkero. Nire liburuan agertzen den apurra ez da kritiko pedanteari begira jarria, irakurle arruntarentzat eskainia baizik. Eta era natural batean dago integratua testu barruan, inongo enfasirik eta gehiegikeriarik gabe, Cervantes eta Lazarragaren garaitik egin izan den bezala.

Zein dira Iturregiren iturri nagusiak, literatura kontuetan?

Nik, idazle guztiek bezala, hiru inspirazio-iturri nagusi ditut literatura kontuetan. Munduko errealitatea, barneko esperientzia afektiboa eta urteetan zehar irakurritako liburuek utzitako oroitzapen hondar hori, nolabait esateko. Idazleen arteko aldea, iturri hauek zein neurritan erabiltzen dituzten izaten da. Ni (aitortzea beste erremediorik ez dut), miope samarra naizenez, ez naiz errealitatearekin ondo konpontzen, eta aukeran nahiago dut barne esperientziaren eta literaturaren esparrutik jasotako elementuekin aritu. Gauzak erabat alda litezke liburu batetik bestera ordea. Ez dago jakiterik..

Zaleen artean esan daiteke prestigiozko idazlea zarela; hala ere, ez zara komunikabideetan askorik agertzen. Zeuk hautatu duzu bakartze hori? Lagungarria gertatzen da sorkuntzarako?

Zer esango dizut ba? Ni ez naiz idazle profesionala, beste lanbide batetik ateratzen dut bizimodua. Irakasle nabil euskaltegi batean. Bestetik aita familiakoa naiz. Hortaz, demagun nire denboraren heren batean edo idazle naizela. Egunero lerro batzuk zirriborratzen saiatzen naiz, baina ez dut beti nire helburua lortzen. Gainera, nahiko mantso idazten dut. Hiruzpalau urteren buruan liburu bat osatzen dut. Orduan etortzen zait komunikabideen aurrean agertu beharra, lana promozionatuko bada. Eta horrek egonezina sortzen dit, nire ohiko paperetik kanpo jartzen nauelako. Nik maiteago dut literaturaren beste aldea, aurpegi tradizionala, eguneroko irakurketak, presarik gabeko lana, bizitzaren gaineko hausnarketa lasaia... Horrek ematen dit benetan bizipoza. Ez naiz idazle “mediatiko” horietakoa, eta ez dut aldatzeko gogorik, ez nau komunikabideen distirak batere erakartzen.

Ez duzu presarik izaten argitaratzeko, baina pentsatzekoa da ez zarela geldirik egongo. Hurrengo proiekturik bai?

Bai, baina erabat definitu gabea oraindik. Etorkizunean beste ipuin liburu bat ikusten dut --ez dut generoa bertan behera uzteko asmorik--, baina ez dakit zer nolako tankera izango duen. Niri, orain arte bezala, gauza berri bat egitea gustatuko litzaidake, aurretik egindakoen erabat desberdina. Ez dakit, ordea, posible izango dudan beste jauzi bat egitea. Egitasmo bakoitzak erronka berri bat dakar berekin. Nik, behintzat, horrela hartzen dut literatura, desafio bezala

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.