Bertsolaria kazetari, kazetaria bertsolari
Euskal prentsako azkenaldiko berrikuntza interesgarrienetakoa Amets Arzallus izan da, bertsolari-kazetari hendaiarrak Argia-n egiten dituen elkarrizketek beti baitute zer edo zer jakingarria, ofizioz egindako interviewtik harago doana. Oraindik ez diote Rikardo Arregi saria eman, baina larri ibili.
Aste honetan Juan Sastre izan du solaslagun, Pablo Sastre euskal idazlearen anaia zaharrena, Kuban medikuntza ikasi eta Nikaraguan urteetan ibilia, contren kontrako gerra garaian fronteko mediku. Kontu mamitsu franko du elkarrizketak, baina alderdi formal bat hartuko dut nik gaur ahotan.
Ezaguna da bertsolariek azken urteotan era guztietako eginkizunak hartu dituztela beren gain, eta bertsoa bera edozertarako tresna bihurtu dela, maitasun deklaraziotik errenta-aitorpenera. Hemen Arzallusek ez du bertsorik botatzen, baina bertsolaritzan ohikoa den teknika bat darabil galderak egiteko. Horra:
Galdetzen du Arzallusek: Alderdi humanoari begiratuta, konta ezazu soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, bere gogorrean.
Erantzuten du Sastrek: Hamazazpi urterekin mendira joan, eta gosea ikusi egiten zitzaion aurpegian. Gorputzean gaixotasunak zituzten, parasitoak, arroparik gabe zebiltzan, erdi hanka-hutsik, onddoak ateratzen zitzaizkien, beti bustita zebiltzan... Negarrez ere ikusten zen jendea.
Hurrengo galdera: Eta kontatu orain soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, baina bere ederrean.
Erantzuna: Borroka lekuan laguntasun giro izugarria bizi da. Han ateratzen dira pertsona bakoitzaren alderdirik maitagarriena eta alderdirik zikoitzena. Sentimendu aldetik oso une beroak pasatzen dira, elkarrekin egonez, eta bakoitzak bere esperientziak besteekin konpartituz. Hain testuinguru gogorra denean, pertsona barru-barruraino ikusten duzu.
Baliabide polita, ezta? Beste behin erabiliz gero gastatua eta errepikakorra iritziko genioke baina.
Loreen artean arantzatxo bat barkatzen bazait, Arzallusek ez du zertan kultura espainolean jantzia egon, baina erredakzioan arduratu beharko ziren zenbait huts konpontzeaz, itsusi samar geratzen baita Ignacio Aldekoari Iñaki deitzea, Caballero Bonal idaztea Bonald behar zuen tokian, edo Haiti eta Tahiti nahastea.
Zein zaila den elkarrizketatzaile on bat topatzea, formulario topikoetatik haratago elkarrizketa lantzen dakiena.
Azkenaldian beste joera bat indartzen ari da elkarrizketetan: galderen ordez komentario ustez ingeniosoak egitearena. Elkarrizketatuak ez du modurik izaten taxuzko erantzun bat emateko, elkarrizketatzaileak zein azkarra eta ingeniosoa den erakusteko beste asmorik ez baitu. Ikus Karmentxu Marínen elkarrizketa asko eta asko El País-en.
Rikardo Arregi sarirako boto bat Ametsen alde!