Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Xomorroa buruaren barruan

Xomorroa buruaren barruan

xme 2005/12/01 08:48

(Durangoko Azokan zentsura izango omen da aurtengo gaia, eta bertan aterako duten aldizkarirako gai horri buruzko artikulua eskatu zidaten Gerediagakoek. Hona testua, datorren astean Landakon topo egingo dugulakoan)

Zentsuraz, orritxo bat. Errazago litzateke pankarta bat idaztea, “Zentsurarik ez” leloarekin. Edo tesi potolo bat, euskal kulturak urtetan sufritu duen eta oraindik pairatzen duen zentsuraren berri emanez. Oraindik ere bai?, galdetuko du baten batek. Bai, oraindik ere bai. Ez bi hitzeko kontsignarik ez trataturik: artikulu bat eskatu didate, eta saiatuko naiz zerbait esaten.

Okerrena debeku basatia da, noski: komunikabideak ixtea (Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria), kazetariak kartzelara sartzea Beste garai eta beste paraje batzuetakoak diruditen kontuak, eta guk orain eta hemen nozitutakoak. Justizia espainolak kasu horiekin lanean segitzen du gainera, ezin ditugu iraganekotzat jo eta ahaztu. Eta epaiketak “ondo” amaituta ere, ziurta al dezake inork ez dugula berriz halakorik izango?

Zapalkuntza zuzenik ezean ere, borreroak baditu beste mozorro ugari. Horra, euskal sortzaileen kontrako kanpainak: batean musika-taldeak, hurrena zinemagile bat, edo idazlea bestela. Disidentzia-usain txikienaren kontrako sorgin-ehiza, euskaldun den ororekiko xenofobia inperialista sakona ezkutatzen duena.

Boterearen trikimailurik handiena ez dira, ordea, armak, legea eta propaganda; horiek baino tresna indartsuagoa da autozentsura: inork ez zaitu behartzen, ez mehatxatzen, zeure buruarekin egin beharko duzu hortik aurrera borroka, bertan izango baituzu, ostatua hartuta, autozentsuraren xomorroa.

Xomorro horrek bi eratara egiten du lan, konduktisten estimulu positibo eta negatiboekin. Burubero ausart eta erradikalei makilaren hurbila gogoraraziko die batez ere: “Kontuz zer idazten (kantatzen, marrazten, filmatzen) duzun, bestea erne dago-eta, zure txiringitoa ixteko prest, zure subentzio koxkorra mozteko gertu; hobe, beraz, apur bat epeltzea zure kexua, ulerkorragoa izatea, zentzudunago jokatzea”.

Berez moderatuagoak direnei edo gizartean gora egiteko anbizio pixka bat dutenei, berriz, beste mezu bat bidaltzen die xomorroak: “Halako saria eman behar dute laster; harako ordezkaria izendatzekotan dira; beste haren katalogoan sartzeko aukera handiak dituzu”. Eta sortzaile gaixoak, txaloz eta aitorpenez nahi baino urriago dabilenez beti, badaki orduan zer egin: zer goxatu eta zer isildu, nor aipatu eta nor ezkutatu. Goikoak ez mintzeko, eta goikoaren morroiak lausengatzeko.

Izan ere, etsaia urrun, handi eta beldurgarri irudikatzen dugu sarritan, eta ez dakit aurpegirik duen ere. Baina agintearen eskumakilak gure artean dira beti, bizkarraren makurduran ezagutuko dituzu arretaz erreparatuz gero, irriaren okerrean bestela. Horiek ez dute zigortzen, eta laguntzat hartuko zaituzte deskuidatuz gero, baina ezinbestekoa da haien bitartekari-lana, aginteak bere horretan iraun dezan.

Zer egin dezake orduan, munduak daraman martxarekin konforme ez dagoenak? Ez dago errezetarik, baina hasteko argia izan beharko du, gauzek nola funtzionatzen duten ikusteko, eta ondoren zintzoa, bai bere buruarekin bai besteekin, zer nahi duen, nola lortu nahi duen eta zer sakrifikatzeko prest dagoen jakiteko.

Beste zentsura bat
Beste zentsura bat dio:
2005/12/05 21:53

Errespetu guztiarekin Xabier, Josu eta gainerako lagunak.

Hasteko, Josuk berak esan du zentsura ez dela ez abertzaleek pairatutako gauza bat. Horrexegatik gehitu dut nik gaiaren kampoan gelditzen direla.

Jarraitzeko, Durangoko azokan edo edozein tokitan antolatu daiteke edozein gaiari buruzko ekitaldi, baina denok prest egon behar dugu kritikak jasotzeko. Zoritzarrez, ikusita daukat euskeraren inguruko munduan, bat ausartzen bada esaten honi edo beste honi kutsadura politika ikusten zaiola, ba hori, probokazio bat besterik ez dela izaten dela erantzuna. Ene, erraz probokatu dakioke euskaltzale bati, ba!

Bukatzeko, eskerrik asko koakzio hitzagatik, eta errespetu osoarekin esango dizut, nire aburuz, koakzio beldurgarri bat dagoela herri honetan gogoraztea, hori ez dela bazterrak nahasteko nahian ibiltzea, baizik esukaldun askok ikusi nahi ez duen errealitate bat ekartzea denon begien aurrean.

Horrexegatik uste dut nik ez duzula nahi eztabaida honekin jarraitu.

Besarkada bat,

Koakzio hori dela eta ez dut nire izena emango.

Beste zentsura bat
Beste zentsura bat dio:
2005/12/05 15:31

Torrealdaik ezarritako baldintzak kontutatan hartzen badira, adoz, ez abertzeleek ez zuten zentsurarik pairatuko, boterea ez delako isilarazten dituena. Jakin nahiko nuke, ba, nola deituko lioke Torrealdaik Camorrak, Cosa Nostrak edo Mafiak erangidako beldurrez bat ez denean ausartzen uste duena adierazteko.

Nola nahi ere, oso polita iruditzen zait hitzaldien gaia mugatzea ez abertzaleak kanpoan uzten dituen gai batera. Eta gero esango dute euskera denona dela. Ba bai, baina batek baino gehiagok esango luke euskalgintzak kontrakoa ahalegindu arren.

Josu
Josu dio:
2005/12/05 16:31

Errespetu guztiarekin Bestezentsurabat laguna,

"Nola nahi ere, oso polita iruditzen zait hitzaldien gaia mugatzea ez abertzaleak kanpoan uzten dituen gai batera" diozu

Zergatik uzten ditu ba kanpoan ez-abertzaleak (alegia abertzale espainiarrak)???? Ez dut ulertzen, ez-abertzaleak ez dira gai sentitzen komunikabideak ixtea, edo programatutako ekitaldi bat suspendiaraztea zentsura dela onartzeko??

Orduan arazoa beraiena da. Bestela arrazakeriaren kontrako hitzaldirik ere ezingo zen antolatu "naziak kanpoan gelditzen dira eta".

Zuk aipatzen dituzun kasuez, Gatazkaren ondorio diren heinean, mila forotan eztabaidatu da (Argiaren azken mahainguruetan, kasu). Baina bakoitzari bere izena, hori ez da zentsura.

Ta portzierto, mafiak egiten duena ere ez da zentsura. Koakzioa izango da agian. Edo presioa. Edo terrorismoa... baina berriro diot, bakoitzari bere izena: hori ez da zentsura.

Finean eta laburbiltzeko. Errespetu osoarekin esango dizut, zure jarrera bazterrak nahasteko gogoz dabilen batena iruditzen zaidala. Beti zerbait esan behar duen norbaiten probokazio bat.

Horregatik ez dut eztabaida antzu hau gehiago elikatuko.

Besarkada bat, Xabier

Beste zentsura bat
Beste zentsura bat dio:
2005/12/02 13:26

Nik esango nuke zentsura beldurgarriagoa dela ez abertzale askok pairatu duena (agian oraindik pairatzen da). Ez abertzaleon artean jakina da gehiegi edo altuegi hitz egiten baduzu, txikiteoan, soziedadean, edo lagunak ez ezik jende gehiago dagoen edozein tokitan, ba hori, gehiegi hitz egiten bauduzu, erraz jaso dezakezula abisuren bat. Buzoia erreta egun batean, edo, beste batean, kotxeko gurpilak zulatuta, edo etxeko kristalak txikituta, etab. Eta segi altuegi edo gehiegi hitz egiten, eta erraz jasoko dituzu abisu beldurgarriago batzuk. Eta segi, eta suertea edukiko duzu Gorka Landaburu bezala bukatzen baduzu, alegia, atzamar batzuekin faltan. Suerte txarra baldin badaukazu, Jose Luis López de la Calle kazetari ohiari egingo diozu konpania hilerrian. Esaten ohi da gauzak aldatu direla, baina nor asuartzen da ziurtatzera? Pena bat da, Mendiguren jauna, oso euskaldun gutxi akordatzen dela beste zentsura honetaz. Are okerrago, akordatuz gero, izaten ohi da euskararen etsaiak direla zentsura hau pairatzen dutenak esateko. Pena bat benetan, Mendiguren jauna.

mari kruz soriano
mari kruz soriano dio:
2005/12/03 01:57

ba ingo nuke "beste zentsura bat" jasaten omen duten horiek baino gutxigo ez garela gogoratzen gu haiekin haiek gurekin baño. ta gañea guk ez degu subentziorik jasotzen gure ustezko oinperatze eta bestelako sofrikarioak lau haizetara zabaltzeko, edo jasandako kalteak kitatzeko. ridikulo samarrak ere bazerate, etengabe protagonismoa bilatu nahian!! en fin serafin!!

Beste zentsura bat
Beste zentsura bat dio:
2005/12/04 16:39

A ze gauza ederra den tolerantzia! Eta zer esateko errespetuari buruz!

Josu
Josu dio:
2005/12/05 14:19

Kaixo Xabier, Marikruz, Bestezentsurabat eta beste guztiok:

Gara-ko Mugalari gehigarrirako abenduaren 10ean aterako den zentsurari buruzko erreportaia bat idatzi dut nik, han hemen hainbat iritzi bilduz eta uste dut, inoren minari barre egin gabe, Bestezentsurabat oker dabilela.

Ez-abertzaleek nozitutakoak gauza asko izan daitezke, baina ez zentsura. Nik ez dut hala ikusten behintzat.

Joan Mari Torrealdaik bi baldintza ezartzen ditu diodan erreportaian zeozer zentsuratzat joa izan dadin: Boterearekin eta adierazpen askatasunarekin zerikusia izatea.

Luzeago mintzatuko naiz guzti honetaz hurrengo egunetan nire blogean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.