Ezin denean ezin da
Neska gazte eta eder bat da Nelly, gauzak oso ondo ez doazkiona: gainbehera doa senar ganorabakoarekiko harremana, eta diruz ere larri dabil, lan egiten zuen argitaletxea itxi eta gero. Halako batean, kasualitatez, Arnaud jauna ezagutuko du, berak baino 35 bat urte gehiago dituen erretiratu dotore bat, epaile eta negozio-gizona izandakoa, trukean ezer eskatu gabe laguntza eskaintzen diona.
Horrela abiatzen da "Nelly et Monsieur Arnaud", Claude Sautet-en filma, joan den astean telebistan eman zutena. Maitasun-harreman bat sortuko dela pentsa dezake ikusleak; izan ere, zenbat aldiz ez ote dugu pantailetan ikusi emakume gaztea gizaseme helduarekin txoratuta? Alderantzizkoa ez bezala. Emakumea banintz sutan jarriko nintzateke: egunero entzun eta entzun zein sexyak diren Sean Connery, Paul Newman, Robert Redford... Mesedez! Adinak bere mugak ditu, eta zimurrak zimur dira beti, begi urdin batzuk inguratu arren.
Hau ez da ohiko film amerikarra ordea. Lankide-harreman bat sortuko da neska gaztearen eta gizon zaharraren artean, honen oroitzapenak orrazten eta makinaz jartzen lagunduko baitio hark. Horrez gain, adiskidetasun moduko bat loratuko da bi arima bakarti samar horien artean, eta sumatzen da Arnaud txorrotx eta ttenttea (Michel Serrault) maitemintzen ere ari dela Nelly malenkoniatsuarekin (Emmanuelle Beart).
Pelikulak baditu beste zenbait hari: Nellyk editore ligoi batekin daukan afera laburra eta beste, baina muina agurearen pasio isil hori da: bera ohartzen da inor baino hobeto bere grinaren zentzugabekeriaz, eta inola ere ez luke barregarri edo negargarri aritu nahi. Hitz gutxiz eta dotorezia handiz kontatzen digu Sautet-ek amodio ezinezko honen historia, eta kontraste nabarmena egiten du gogoan ditudan zenbait libururekin. Baina horretaz, hurrengoan hitz egingo dizuet.
Artikulu hau irakurrita filma sujerentea iruditu zait eta andreari komentatu diot: "Ikusi nahi nuke filma hori Eibarrera ekartzen dutenean". Berak ezetz, aspaldiko filma dela eta telebistan eman berri dutela. Orain joan naiz IMDBra eta kontxo! 10 urte ditu filma horrek!
Eskerrik asko ekartzeagatik Xabier. Bideoklubean bilatu behar... (ez da egongo, seguru)