Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zer egin arbitroa erosia dagoenean?

Zer egin arbitroa erosia dagoenean?

xme 2005/03/15 10:09

(LAB sindikatuaren "Iraultzen" aldizkariaren eskariz idatzitako artikulua, Aukera Guztiak taldea dela-eta)

Umeari sortzen zaion dilema etiko eta politiko goiztiarrenetako bat da. Futbolean ari da, edo beste edozein kiroletan; beharbada oso ona da, edo erdipurdikoa bakarrik, berdin dio. Halako batean konturatzen da arbitroa bestearen alde dagoela, nabarmen gainera, eta berak ahalegin guztiak eginda ere beste horrek "auzoko matoiak" irabaziko duela partida, nahi adina tranpa egiteko borondatea eta ahalmena dituelako.

Zer egin? Protesta izaten da lehenengo erreakzioa, alferrikakoa. Negarra eta kasketa etor litezke gero (neurriz gain arituz gero, patetikoa). Jolasteari uko egin eta etxera joatea bururatuko zaigu hurrena, guztiz naturala. Baina haurrak jolastu egin nahi du, jolastu beharra du, baloia auzoko matoiarena baldin bada ere.

Antzeko zerbait gertatzen da gure egoera politikoan. Legeak kanpoan eginak dira kanpokoak irabazteko; lege hori aski ez dutenean aldatu egiten dute, partidaren erdian behar izanez gero; eta, halaz guztiz estutzen baditugu, beraiena dute arbitroa ere, arauak komeni zaien moduan interpretatzeko. Horrela ez dago futbolean ibiltzerik, ez politikan aritzerik. Baina hala ere segitu beharra dago, jokatu beharra dago, bizirik gaudela erakusteko, eta, mila aldiz galdu arren, hurrengoan irabazteko esperantzari eusten diogulako.

Testuinguru horretan jaio da Aukera Guztiak: ekimen herritar bat, eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematiko eta bidegabearen aurrean, salaketarekin batera konponbidean lagunduko duen tresna praktikoa ere izan nahi duena, ahots guztiak entzun daitezen eztabaidagune guztietan. Baita Gasteizko Parlamentuan ere.

Asko dira horretara bultzatzen gaituzten arrazoiak: aspalditik arrastaka daramagun gatazkaren irtenbidea hurbilago egon litekeela sumatzen den garaian, denen partehartzea beharko da egiazko bake bat eraikiko badugu; herriaren borondatearen ispilu izan nahi duen erakundea ere hankamotz geratuko litzateke herri horren zati handi eta esanguratsua bertatik kanpo utziz gero; eta, azken batean, demokrazia batek nekez eutsi diezaioke izen horri herritar guztiek parte hartzeko eskubiderik ez badute, hautagai nahiz hautatzaile moduan.

Begi-bistako argudioak dira, edozein ideologiatako jendeak onartzeko modukoak. Horregatik hurbildu zaizkigu horrenbeste gizon eta emakume, beren animoak eta zorionak ematera, beren sinadura eskaintzera hautes zerrendak aurkeztu ditzagun legearen arabera.

Eta, hala eta guztiz, legez kanpo utzi nahi gaituela esaten dabil Estatuko Fiskal Nagusia, guztion eskubideak bermatzeko ardura izan behar lukeen gizona. Ez dut esango ulertzen ez dudanik, edo harritzen naizenik. Aspaldi gainditu genituen herri honetan harriduraren edo ulermenaren marka guztiak. Baina idazteko ohitura dugunok gauza bakoitza bere izenez izendatu behar dugunez, astakeria eta bidegabekeria dira Fiskal nagusiaren asmoari dagozkion hitzak. Bidegabekeria, justiziaren kontrakoa delako; eta astakeria, bakera eraman gaitzakeen bidearen kontra doalako.

Futbolaren analogiara itzulita, zinemazaleek gogoan izango dute "Evasión o victoria" (Escape to victory) izeneko filma: II. Mundu Gerran, naziek partida bat antolatu dute beren armadako futbolari onenen eta preso dauzkaten etsaien selekzioaren artean. Baldintzak ez dira inola ere berdinak: aliatuak presondegietan goseak ahuldurik daude, ez daukate entrenatzerik, eta arbitroa ere alemaniarretako bat da, bere nagusiaren morroi zintzo eta esanekoa. Partidaren helburua Hitlerren propaganda egitea da, normaltasun-itxura emateaz gainera bere herriaren nagusitasuna erakusteko. Hala eta guztiz, futbolari presoek jokatzea erabakitzen dute, irabazteko esperantzaz baino gehiago beste zer edo zer lortzeko itxaropenez.

Ez da konparazio biribila, noski. Gu ez gaude kontzentrazio-zelaietan, eta gure aurrean ez daukagu nazien Alemania. Besterik gabe esan nahi nuen jokatzen jarraitzeko asmo sendoa daukagula, jokoan dagoena ez baita, umetan bezala, baloiarekin dibertitzea, baizik eta gure herriaren etorkizuna.

etiketak: Politika
Patxi
Patxi dio:
2005/03/15 18:29

Gaur bertan irakurri det egunkarian, Aukera Guztiak zerrendan zaudetenok, ez zaudetela inola ere Batasunarekin harremanetan. Horrek esan nahi du, normalean futbolean ez zeratela aritzen, eta adiskideak dituzuela, talde guztietan.

Arbitroa ezin erosiko dezue. Txikiegiak zerate. Talde irabazleari pausorik txikiena emateko eskatzea ere, inuzente xamarra litzateke...

Neri bururatzen zaidan gauza bakarra da, irabazleen taldeen zaleekin egotea, zaleekin eta zaleengandik gertuen daudenekin, ezagutzen dituzuen hoiekin, eta haiei konprometitu daitezen eskatzea.

Eskatzea libre da, badakizue.

Eurek, "todas las opciones" talde berri batek, lagun independientez osatua (talde irabazleen zale batzuk ere tartean direla), akaso ez luke azken emaitza aldatuko, baina bai sortuko luke eritzi korrente bat...

Orain berandu bagabiltza ere, hurrengorako.

Polita litzateke.

Petrus
Petrus dio:
2005/03/17 02:21

Xabier, zorionak Aukera Guztiak delako plataforma horretan zure lan eta aurpegia emateagatik eta, aurreko batean esaten nizun bezala, nerbio politiko zabal eta baikor hori gure bazterretan hedatzeagatik. Goiko artikuluari buruz, ohar xume pare bat: lehena, baloia GUREA da baina matoiak dio berea dela; eta bigarrena, gainera matoia aldameneko etxean bizi da eta bere patioa utzi ta gurera pasatu da eta patioa ere BEREA dela dio. Gu umezurtzak gara eta bera, askoz handiagoa den bully bat izateaz gain, bere gurasoak funtzionarioak dira: batak Herrizaingoan lan egiten du eta besteak Defentsan...

Julen
Julen dio:
2005/03/15 20:55

Dudarik gabe jendea gainean egongo da babesa eskeiniz haurrak azkenean futbol partida jokatzeko. Seguru herritarren erantzuna oso positiboa dela. Animo!!

markel
markel dio:
2005/04/06 11:28

Guk, gaztetan, futbolean aritzen ginenean, esaldi bat erabiltzen genuen: "denok jokatu edo baloia zulatu". Orain kontua da ea ados jartzen garen "baloia zulatu" zertan datzan, argi baitago denok ez dugula jokatuko. Desobedientziaren garaia ote?

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/27 19:34

Aita ertzaina eta ama teniente-koronela dituen matoi horretaz gain, Petrus, beste matoi bat dago partidan.

Ez dago gure taldean, aspaldi futbol zelai ondoko mendira joan baitzen, futbola ez jakolako interesatzen eta futbolzale garenok nahiko motelak eta bigunak garelako haren ustez. Hark gurago dau menditik objeto arriskutsuak bidaltea futbol zelaira lantzean-lantzean. Batzuetan talde aurkariaren jokalariak edo zaleak jotzen ditu, baina bestetzuetan geure jokalariak edo zaleak be jo izan ditu zuzenean (punteria kaxkarra dala eta izango da). Eta askotan partidak bertan-behera gelditu dira horrexegaitik, irabazle (1-0) beste taldea dala.

Ganera, aurkako taldeak ez eukan zale larregirik euren alde etxean jokatzen genduanean. Baina, azken urteotan, ez bakarrik jokalariak baizik eta kaleko zaleak be jotzea erabaki dauanetik, gero eta zale gehiago deuko kontrarioak, inkluso geure estadioan. Ia-ia geu baino gehiago dira. Partida batzuetan ia-ia barik, gehiago baitira (partiden arabera).

Azken aldiotan, are okerragoa da, ez dago giro estadioan. Geure zale batzuk txistuka egiten deutsie geure jokalari batzuei, eta beste batzuk beste batzuei. Kontrarioak etxean legez jokatzen dau askotan, azkenean. Arbitroa eroso-eroso, txistuen eta irainen helburua beste batzuk direla...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.