Balenciaga museoa haurrei erakusteko aukera (doan, euskaraz)
Getariako Cristobal Balenciaga museoan umeentzako doako jarduera batzuk antolatu dituzte udan. Hasiera batean, badirudi hizkuntza irizpiderik gabe zirela, "en bilingüe" (gerturatukoen arabera, ba galdera egin eta hala... erdaraz, gertatu ohi den bezala). Honetaz idatzi izan dut Sustatun.
Baina museokoekin Twitter bidez elkarrizketa absurdo samar baten ondoren (ikus irudia), gauza bat esan zidaten: apuntatzen den lehen haurrak euskara aukeratuz gero, bisitaldia euskaraz izango dela.
Ba, hara, alaba apuntatu dut, Abuztuaren 27an, astelehena, Balenciaga museoko haurrentzako bisitaldi didaktikora. Eta lehenak garenez, hizkuntza aukeratu ahal izan dut, txiripaz edo: euskara. Baina, hara!, gutxienez bost haur behar dira. 6-12 urte arteko umeentzako da egokia jarduera hau, eta dohainik da haurrentzat, goizeko 10.30etatik 12.30etara. Mesedez, zabaldu, eta abuztu amaieran Euskal Herritik bazaude umeekin, animatu izena ematera: didaktika (a bildua) cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idaziz eman dezakezue izena.
Museo interesgarria dirudi, eta artista bera ere, Cristobal Balenziaga, 20. mendeko ikono bat dela iruditzen zait. Artea, industria, sormena, moda... hainbat faktorerekin lan egin zuen gizon bat. Gauza ederrak daude museoan, eta ona da historia eta sormena erakustea umeei. Animatu, beraz, eta izena ematen baduzue, utzi hemen ere erantzun txiki bat (horrela jakingo dut 5 umeen muga beharrezkoa gainditu dudala),
Horrez gain, parametro absurdo eta inprobisatuen ordez, ea datorren ikasturtean Balenciaga Museoak euskaldunontzako errespetuzko den hizkuntza politika bat ezartzen duen bisitaldietan. Eta horretarako oinarria litzateke euskaraz ERE antolatzea ekitaldiak, eta hala iragartzea (hau euskaraz, bestea gaztelania, hura ingelesez....); bakoitzak jakin dezan aukera duela bere hizkuntzan entzuteko, segun eta noiz doan.