Urte polarra, klima aldaketaz kezkatzeko eta hausnartzeko

Bereziki hezkuntza zentroetan ekimenak sustatzeko proposamena dator IPY.org webgunean. Tagzanian oinarritutako mapa handi bat ari dira osatzen Urte Polarrarekin zerikusia duten ekintzak egin behar dituzten ikastetxe eta gainerako zentroek.
Ez dadila egia bihurtu, Virtual Globe aplikazioarekin ikus daitekeen mundu hau, izotzik gabeko Ozeano Artiko bat:

Klima aldaketaren inguruan, Oscarra irabazi duen film hori, Al Gore politikariak zuzendua, ikusi genuen etxean lehengo egunean, Egia Asaldagarria. Asaldagarriaz gain, gomendagarria iruditzen zait, Egia da Al Goreren komunikazio eta propaganda saio pertsonal ondo antolatu bat dela. Baina bikain antolatua, antzoki batetik egiten duen aurkezpena.
Blog interesgarri batean jakin nuen film honen berri: Nando Quintana da nere lankide bat, Trapagarangoa, Elorriora ezkondua, egunero Eibarrera dator lanera, Gorostaballeko CodeSyntaxera.
Pelikulak kezkatuta uzten zaitu. Gurasoekin batera, Peru gure semea ere oso interesatua ikusten... eta neu, erdi izututa. Koño, hau beldurrezko pelikula bat da, hemen nago 8 urteko mutikoarekin ikusten, ze etorkizun utzi behar diogun berari...
Pelikula zeharka lortu dugu. Nandok bere blogeko sarreran erreparatzen dio film amaieran agertzen diren bi oharri:
- a) Animatu jende guztia film hau ikusteko
- b) Filmaren kopiak egiten badituzu, Estatu Batuetako legeak jazarriko zaitu.
Desdonostia

Probintziakoa sentitzen naiz Donostian, probintziakoa naiz eta. Eibartik etorri nintzen hiriburura. Hona ezkondu nintzen. Tira,
lehenengo etorri, eta gero ezkondu. Baina hona ezkondu. Oso soziablea ere ez naizenez, ez dut halako txoko propiorik eraiki. Tanborradak edo kaldereroek ez didate ezer esaten, Reala bost axola zait (bueno, axola zait: desiatzen nago jaitsi daitezen), eta inoiz ez dut esaten donostiarra naizenik. Hala ere, kexatzeko motiborik ez daukat. Eroso bizi naiz hemen. Herri polita da, eta New York izan barik, probintziako herri batean baino hiri-zentzu apur bat gehaigo aurkitzen diot hemengo bizitzari.
Zortea dut Donostian bizitzen, eta uste dut Donostiak ere zortea duela Donostia izaten: hiria den ez dakit, baina hiriburu bai, instituzio
batena bederen, eta hori igartzen da. Foru Aldundia Gipuzkoa plazan dago, eta foru departamentuak, hainbat lagunen lanpostuek dakarten inbertsio eta gastuekin, han eta beste makina bat lekutan hirian zehar. Foru liburutegia ere, gipuzkoar guztiena, Artzain Onaren elizaren atzean dago. Ze zortea Koldo Mitxelena Kulturunea. Primerako liburutegia iruditzen zait, erosoa eta zaindua, eta katalogo onekoa. Eibartarrena ere ba omen da, eta Elgetakoena, baina eibartarra bazara, hobe duzu nik bezala egin eta hona ezkondu erabili nahi baduzu...
Bentaja handiak ditu Donostiak, beraz, eta herriei ateratzen dien aldea gero eta handiagoa da. Erakunde berri bat, zentro, ikertegi edo dena-delako bat sortu behar bada Gipuzkoan babes eta diru ofizialekin... Haren egoitza hartzeko aukera gehienak Donostiak ditu. Harekin datorren bultzada ekonomikoa ere, Easo ederrean geratuko da.
Onerako, Donostian. Eta txarrerako? Zabor ekoizle handienak ere, herriz herri, biztanle kopuruagatik, donostiarrak izango gara, baina
grazia du, gero, erraustegia Donostian joan behar dela erabakitakoan, haren kokapena Zubietan izatea. Donostian, baina, probintzian, ez oso-oso Donostian, desdonostian esan dezagun, Usurbilera begira... Eta kartzela, berdin. Apur bat iruzurtia dirudi Donostia honek batzuetan...
Hauek dira hiru IKTeroak
Nor dira IKTeroak? Ordiziako Jakintza Ikastolako monstruo horiek. Adinean aurrera zoazela, nahastu egiten da bat nor den nor, gatxizen, izen eta aurpegiekin, eta neure burua ez gehiago bihurritzeko, post hau ezinbestekoa ikusten dut gaur, auto-erreferentziarako batik bat. Hauek dira IKTeroak:

Maite Goñi Sei.

Jokin Lacalle Jolaus.

Mikel Etxarri Magic
Euskal Herria txukunago goi-goitik
Euskal Herri osoko irudiak hobetu dira Google Maps-en eta Tagzanian. Behintzat, lehen erresoluzio handirik ez zutenak.

Hor goiko irudi horretan bezala ikusten da orain Eibar. Lehen hala zen, ostera.

Irudi sorta bat daukat Flickr-en, nola ikusten den Euskal Herria satelitetik eta goi-goitik Interneteko irudi eta mapa aplikazioetan.
Hala ere, Eibarren erresoluzioa ez da Bilbokoa bezainbestekoa. Kaleetan ezin daiteke zoom egin Bilbon bezainbeste. Konparatu Tagzanian:
Portugal, Frantzia, Espainia eta Belgika osoa hartu ditu irudi berrikuntza honek.
A8: urteroko iruzur eta gezur matematikoa
Aurtengo prezioak hemen, Gipuzkoako buletin ofizialeko 2006ko azken alean (nik ezin ditut hauek Firefoxekin ireki, GAO-ren web diseinua aldatu zutenetik, neure problema ote?)
Alderatu daitezke 2006an indarrean ezarri zirenekin, edo aurreko urtekoarekin. Argumentazioa ere hor dago, "ibilgailu arin eta (1) astunentzat %3,42 igotzea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko lehen abuzturako zehaztutako (%3,60) urtearteko prezioen indize orokorrak izan duen bariazioaren %95, "...
Hau da, prezioen indizea baino gutxiago igotzen dituztela tarifak. Baina, ez, ez da egia. Beti biribiltzen dute iruzurra gorantz, eta adibidez, goiko zifra horietan Itziartik Elgoibarrera %7.69 igo da, eta Elgoibartik Azitainera, %5.26. Donostia-Eibar tartea, %4 igo da, portzierto, 3.75tik 3.90era.
Ondorioa zera da. Urtero bezala, ez da KPIren azpitik ezer igotzen, alderantziz baizik, eta urterokoa gehituz gero, zer esanik ez.
Biribiltzeak logika luke, akaso, tarifa oinarrizko baten arabera igoerak kalkulatu eta biribilduko balitz (zentimoa indarrean ez dagoen unitatea non dekretatu den ez dakidan arren), baina kalkuluak ez dira sekula egiten oinarrizko tarifa batetik, baizik eta beti, aurreko urtean gorantz aurpegi guztiarekin biribildutako tarifa inflatutik. Iruzurra iruzurraren gainean akumulatzen da, beti Bidegi eta Diputazioaren mesedetan, sekula ere ez, sinetsarazi nahi diguten bezala, kontsumitzaileen mesedetan, nahiz eta mozorro hori erabili, KPI baino gutxiago igotzen dutelako gezurra.
Zapateroren umiliazioa
Su-eten bat bizi izan genuen Lizarrakoarekin. Eperik gabea, uste dut. Oraingoa, iraunkorra. Eperik gabeak amaitzen badira, iraunkorrak berdintsu amai zitezkeela argi zegoen, ezta? Hurrengoari, beste epiteto bat eskatu beharko diogu.
Dena pikutara joateak ez nau harritu, baina bederatzi hilabete hauetan, gauza batzuk ezin ulerturik ibili naiz. Batez ere, Espainiako Gobernuaren eta haren buru Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarrera. Ezertxo ere egin gabe, eta Aznarren garaiko lege eta epaitegi ustelak ukitu gabe, halaxe konpondu behar ziren gauzak, ETAk etsi, eta Batasuna pozik, eta biba Espainia. Tarte horretan, deklarazio hutsalak besterik ez. Baita atentatuaren bezperako Zapateroren mezu optimista estupido hura, gauzak hobera joan daitezkeela...
Espainiako demokrazi honetako gobernuburu guztiek izan dute tentazioa, bakoitzak sinesteko bera izango zela ETAren amaiera akta sinatuko zuena. Zapaterok ere hori pentsatu zuen, baina, aurreko batzuek ez bezala, atzamarrik mugitu gabe lortuko zuela sinetsi ere! Aznar berak ere mugimendu gehixeago erakutsi zuen: PSOEk bideo batez hark baino gutxiago egin zuela erakutsi zuenean aurtengo udazkenean, horixe izan zen mezua, hura mugitu zen, gu ez. Hain inteligentzia eskasa... nola liteke? Ze buru du Zapaterok? ze aholkulari edo ministerio ditu berarentzat lanean?
Hala ere, hantusteak puztutako gobernuburu bat baino gauza okerragorik bada. Umiliatutako eta erretxindutako gobernuburua. Aznarren azken agintaldia horren lekuko: umiliazioa sentitu zuen, ez ETAk su-eten hura hautsi zuenean bakarrik, baita 2001eko maiatzeko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako Mayor Oreja eta Redondo Terreros erridikuluan utzi zituenean Ibarretxek. Eta erretxinduta geratu zen bigotedun gizon triste hura, ez horregatik bakarrik, baita ETAk zinegotziak bata bestearen atzetik hilez, eman eta eman egin ziolako . Erresumin haren ondorioak zein diren badakigu.
Zein ote dira Zapateroren erresuminarenak? Hori izango ote da bere erreakzioa? Ala talante hutsalarekin jarraituko du? ala inteligentzia izpiren bat ikusiko ahal du!
