Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Erreala gainbeheran

Mikel Lizarralde 2009/01/09 20:01

Ez dakit Donostian jauzi den elurteak norbaiten garuna guztiz izoztu ote duen (edota inuzente eguneko adarjotzeren bat ote den). Errealak "el loco" Abreu fitxatu behar omen du. Honengatik da famatua gizon hau:

Espero dut oker egotea eta gizon honek Necatik baino emaitza hobea ematea. Errealaren historiari ea fundamentuzko zerbait ematen dion eta ez hor goiko horren moduko ezer. Hortxe bestela Zamoraren Gijongo gola, Satrusek Iribarri sartutakoa edota Arconadaren Zaragozako gelditua.

Alde instituzionalaz, hobe ez hitzegitea. Baretu dira urak eta jendea bere onera itzuli da. Gipuzkoako botere faktikoek berriz kontrolatzen dute kluba.

Herodes, herria zurekin!

Mikel Lizarralde 2009/01/08 00:32

Perlatxo hau osabak bota zuen atzo Donostiako Astelena jatetxean zegoen haur-zalaparta zela eta. Gaur lanera itzultzean maiz egin dut barre famili-bazkarian botatako esaldia oroituz. 

Oporrak luzeak izan dira eta denetarik egin ahal izan dut: leporaino betetzeko bazkari eta afariak, bidaiatxoa, eskia eta gaixotzea.

2008ko azken asteburua Kantabrian pasa genuen, Castro ondoko Islares Aisia hostal eta spa-n. Leku polita. Pena merezi du. Neguko eskaintza berezi bati esker merke pasa genituen bi gau. 105 eurotan logela, gosariak eta talasorako bi sarrera. Asteburu pasa joateko leku ederra iruditu zait. Santoña eta Laredon pasiada ederrak eman genituen.

Kantabriatik bueltan, Bermeon bazkaldu genuen eta Gernikan bueltatxoa eman. Chillidaren "Gure aitaren etxea" ikusteko gogoa neukan. Hablando con Chillida (Martin Ugalde) irakurri nuenetik maitasun berezia diot gizon horri. Tamalgarria benetan eskultura pintadaz zikindua egotea, margotu ditzatela beraien aiten etxeko paretak!


Argazkiak.org | Gure aitaren etxea - Eduardo Chillida © cc-by-sa: mikel

Pasa den larunbatean berriz eskiatzera joan nintzen Valdezcaray aldera. Baziren ia 8 urte ez nuela eskiatzen. Jendez lepo zegoen arren gustora ibili ginen. Belaunek kezkaten ninduten, baina eztarria ekarri nuen izorratuta, gaitzerdi, hori lehenago sendatzen da eta! Hori bai, Gernikakoan bezala, ikusgarria zenbat zabor zegoen eski estazioan, erretzaileen arrastoak edonon, parkina zikin-zikin egina eskiatzaileak joan ostean, ...

Herodes, herria zurekin!

Herodes, judutarren errege. Barrerik ezin atera ordea Gazan gertatzen ari dena ikusita. Barre, agian ironikoa, historiari begiratu eta pairatutako holokaustoaz horrenbeste kexatu eta besteena ikusten ez dutenengatik.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.