Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Euskara, berandu

Josu Mendicute 2009/03/23 10:31
Fotolog.com euskaratu dute duela aste batzuk. Argazkiak.org sortu denean, erabiltzaileak Tuentira joan direnean, eta Tuenti euskaratzeko eskatzen ari direnean. Eibarren esaten den moduan: 'Ura juandakuan, presia'.

Fotolog zerbitzuak izugarrizko hazkundea izan zuen gaztetxoen artean mundu osoan, baita EHn. 2007ko irailean 200 fotolog zeuden ofizialki Eibarren, horietako 120 bizirik (azken hilabetean eguneratuak). Baina horiek datu ofizialak besterik ez ziren. Hortik datu errealera egon daitekeen desfasea bikoiztetik gora egon daiteke, erabiltzaile askok beste toki batzuetakoak direla jartzen baitute. Herriaren izenean "Niñooo ponte el" idazten dute, eta herrialdean Jersey aukeratu. Edo "Merry, Christmas Island". Eta holakoak, zientoka. Beste askok ez dute "Eibar, Guipúzcoa, Spain" ikusi nahi eta "Eibar, Euskal Herrixa" idatziz jartzen dute. Horiek ere klasifikatu gabe geratzen dira. Beraz, izango ziren 500-600 Eibarren bakarrik. Proportzioak mantenduko balira, 30.000tik gora Euskal Herrian.

2008an zehar erabilpena jausten joan da, seguraski Tuentiren eraginez. Eta orain, jendea Tuenti euskaraz jar dezaten eskatzen ari denean, eta argazkiak.org agertu denean, Fotolog euskaratu dute. Txalogarria da Argazkiak.org-en saiakera merkatu hori (fotologero euskaldunak) bereganatzeko, baina zaila zeukan eta ez du lortu. Izan ere, Fotolog-en arrakasta ez zen argazkiak igotzeko erraminta hutsa (hortan hobeak dira argazkiak.org edo Flickr), baizik eta erabiltzaileen artean sortzen zen harremana. Lagunen fotologak egunero bisitatu eta komentatu behar zituzten erabiltzaileek, batzuen artean bazegoen nolabaiteko konpetizioa ea nork komentario gehiago, lagun berriak egiteko ere balio zuen... baina ez da batere konfidentziala. Edonork irakur ditzake bi erabiltzaileren arteko elkarrizketak. Hori izan da azken urtean zehar Tuentira iritsitako erabiltzaile-uholdea eragin duen argumentu nagusia.

Momentu honetan, gazteen harremanak ezin daitezke ulertu hiru tresna gabe: msn messenger, tuenti, eta sakelekoa. Eta edukia euskaraz bada ere, hiru tresna hauek gazteleraz daude gehienetan.  Eusko Jaurlaritza badabil sakelekoak euskaratzeko kanpainak egiten. Tuenti euskaratzeko eskaerak egin dituzte zenbait erabiltzailek. Baina Fotologen kasuak erakutsi digu beste erremediorik ez dugunean baino ez digutela egingo kasu. Tuentiren modak ere egingo du ihes eta erabiltzaileak Facebookera etorriko dira, aukera berrien bila. 2009an. Garaiz iritsi gara hona.

Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.