Liburu elektronikoen etorkizuna
Garai aldakorrean bizi gara, aurkikuntza iraultzaileak bata bestearen atzetik datoz. Orain txanda liburu elektronikoei etorri zaie. Lehenik eta behin aurkikuntza guztiak garrantzitsuak izan arren; denak ez direla berdinak azpimarratu nahi dut; izan ere, irakurgailu digitala beste asmakari batzuekin alderatuz puntako asmakizunik ez dela izango onartu behar dut; behintzat, nekazaritza eremuan traktorea edo uzta biltzeko modukoak ez direla izango agerian dago.
Egia da liburua sortu zenez geroztik, irakurketa ohiturek ez dutela funtsean aldaketa handirik izan, euskarria harria, buztina, egurra, papiroa, pergaminoa edo papera izan, irakurtzeko erak berdinak izan direla aurreko mende askotan zehar, eta horrek irakurzaleengan eragin handia izan du. Paperaren erabilera hedatu zenetik, batez ere Guttenbergek XV. mendean inprenta asmatu zuenetik, paperaren ukitze fisikoa, orriak banan-banan behatzez pasatzea, kapituluak bukatzea, orrietan atzera egitea, paper berriaren usain gozoa hautematea, azalen koloreak bereiztea, azal berak ikutzea... irakurketaren balio erantsitzat hartu dugu, eskuan liburua edukitzea, orrikatzea, irudiak mirestea... jakin-mina eta plazer bihurtu da, harik eta irakurleek balio horiek bereganatu arte.
Liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak ailegatu zaizkigunetik, liburu tamainako gailu batean liburu digital asko eta bestelako informazio osagarria gorde daitekeen aparailua merkatura heldu zenetik, abantaila ugari ekarri ditu: irakurtzeko erraztasunak, liburuak edonon eskura uztea, prezioa... harik eta liburu tradizionalen etorkizuna kolokan jarri arte.
Liburuaren egoerari helduz, literaturari buruzko paperezko liburuek sasoi luze batean liburu elektronikoekin batera merkatua partekatuko omen dute. Baina ziur nago urteak aurrera joan ahala, egun idiak soroetan salbuespen bihurtu diren moduan, paperezko liburuen presentzia ere denbora kontua dela, eta etorkizunean desagertu egingo dela.
Egun irakurketak sorrarazten dituen sentsazio gozoak usadio kontua baino ez dira, eta ezbairik gabe, ziur nago irakurketa elektronikoak orain ezagutzen ez ditugun plazerrak irakurri ahala sorraraziko dituela. Gakoa edukian baitago, liburuen edukian, hizkietan eta esaldietan hain zuzen ere, eta ez euskarrian; euskarriak sortutako gustuak, azken finean, ohiturarekin sortzen diren ezaugarri berezia direnez; belaunaldi berriek liburu tradizionalen irakurtzean nabarituko ez dituzten sentsazioak baino ez dira izango, eta, berriz, liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak bere bide naturala eginez gero, irakurzaleengan zirrara berriak eta ikaragarriak ekarriko ditu. Areago ziur naiz laster liburu elektronikoen xarmei buruz arituko garela.
Aurrekoak ez du esan nahi gustuko ditudanik liburu elektronikoak, edo paperezko liburuen desagertzearen alde nagoela, nigatik izango balitz, aizkora motozerra edo aitzurra kultibadorea baino nahiago dudan bezala, nahiago ditut liburu tradizionalak liburu elektronikoak baino. Baina idealismoa amets politak izateko oso ondo dago, baina errealitatea gordina da, motozerraren zarata jasanezina izan arren, beharrezkoa bezain lagungarria da basoak garbitzeko eta zuhaitz batzuk botatzeko, eta egun inori ez zaio bururatzen soroetako lanak aitzurraz egitea.
Dena den, paperezko liburuak desagertuko ote direneko eztabaida hau ere antzua da; borroka honetan, beste arlo batzuetan bezala merkatuak markatuko du bidea, merkatuak alde batera joz gero, jai baitaukagu irakurzale tradizionalen baloreak defenditzen, binilozko diskoen entzule amorratuei duela urte gutxi gertatu zitzaien bezala. Oker izan naiteke (oker banintz poz handia hartuko nuke) baina susmoa dut jarrera nabaria dela liburu elektronikoen alde, hasierako bidean izan bagara ere.
Beraz, liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Ikus ditzagun liburu digitalen eta irakurgailu elektronikoen aldeko abantailaren batzuk: paperezko argitalpenekin alderatuz, prezioa izugarri jaits daiteke, printzipioz papera askoz gutxiago kontsumituz gero, basoak hobeto zaindu daitezke, ez dugu izango ekoizpen bibliografikoa gordetzeko orain ditugun espazio arazoak, paperezko liburuak gordetzeko sekulako lekua behar dugulako...
Gerardo Luzuriaga
Liburutegi Digitalei buruzko lehenengo egunaren kronika.
Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatu du ikastaro hau, lehenengo eguneko kronikaren laburpen bat egingo dut.
Oso giro onean igaro dugu lehendabiziko egunean, partaide artean ibilbide desberdineko profesionalak somatu genituen, baita adin desberdinekoak ere.
Karmele Artetxek eta Gerardo Luzuriagak eman diote hasiera ikastaroari. Markatutako denboratik hogei minutu pasatu badira ere, ulergarria bezain komenigarria izan dira eskupeko ordu erdi hori, bada adierazitako liburutegi digitalen informazio orokorra lagungarria izan baita egun osoan landu izan ditugun gaiak barneratzeko.
Karmelek liburutegi digitalen definizioak, oinarrizko elementuak deskribatu dizkigu. Halaber objetuen identifikatzaile standarrik zabalduenaz aritu da, PURL (persistent URL), DOI (Digital Object Identifier); liburutegi digitalen erronkekin amaitzeko, hala nola Interoperabilitatea, egile eskubideen kudeaketa, eta dokumentuen kontserbazioa eta zaintza.
Gerardok Euskal Liburutegi Digitalen panoramika aztertu du. Nafarroako egoera eta Euskadiko egoera deskribatu ditu, Euskal Liburutegi Digitala sortzeko arazo teknikorik ez dagoela, ezta arazo legalik ere, eta ez dela arazo politikorik ere izan behar azpimarratu du. 2009.ko urtean sortutako egitasmo batzuk aipatu ditu, izan ere, euskal proiektu digitalen erronka batzuk, hala nola web orrien edukien aipamen eta erreferentzia eza, proiektu publikoen aldameneko adierazpena, plangintza eza… aipatu ondoren bukatutzat eman dio bere hitzaldiari.
Teresa Agirreazaldegik Europeanaren sormena landu du, agerian utzi du Frantziak egindako ekimenei esker eta Europako Liburutegi Nazionalei esker sortu dela Europako Liburutegi Digitala. Jarraian Estatuan sortutako egitasmo batzuei errepasoa eman dizkio, Guttenber, Miguel de Cervantes, Biblioteca Hispanica, esate baterako. Halaber sektore honen ezagaurri hauek nabarmendu ditu: dinamismoa, digitalizazio masiboak hastear daudela, partaidetzaren egiaztapena, aintzindarien ekimenak erraz zabaltzen direla eta errepikatzen direla…
Fernando Juarezek, Euskal Herritik kanpo hain ezaguna den Muskizeko Udal Liburutegia hurbildu zaigu. Hamaika hitzaldi eman duelako estatuan, 7.000 biztanle daukan herri horren udal liburutegiaren berrikuntzak azaltzen. Hausnarketako ikurra asko bota dizkigu, Muskizen egindakoa beste liburutegietan posiblea al da egitea? Lekukoa. Agerian utzi digu nola herri txiki batean ere liburutegia teknologiari eta tresna berriei esker produktuak eta baita lan egiteko era ere erabat aldarazi dietela. Hona hemen liburutegi aintzindari horren lanabesak: RSS, Del.icio.us, Flirck, Netvibes, Firefox…
Arratsaldean mahai-inguruan Mikel Elorzak armiarma egitasmoa aurkeztu digu, Uxune Martinezek Inguma datu-basea, eta Buruxka liburutegi digitalaren gainean ibili zen, Ricardo Gomezek Google booksen materialen bildumari buruzko hitzalditxoa bota zuen. Interesgarriak hirukoak. Mikelek beste gauza batzuen artean astero literatura lan bat sarean jarraituko dutela igotzen adierazi digu, Ricardok azaldu digu nola lortu duen sortzea era erraz batean euskararen gaineko liburu bilduma garrantzitsua, esfortzurik gabe eta baliabide gutxirekin. Uxunek azpimarratu digu inguma basu-datutik zuzenean lan asko testu osoan lor dezakegula, baita ahozko lanak ere.
Arratsaldeko hitzaldiak eta gero, mahai-inguruan ibili gara, ikastaroko partaideen aldetik oso jarrera aktiboa izan da.
(Gerardo Luzuriaga)
