Nafarroako Liburutegia eta Filmoteka
Mendebalde auzoan eraikuntza aurrera doa. Dagoeneko 11.343.793 € inbertitu dira. Eraikuntza berri honek hiru solairu eta sotoa dauzka, lehenengo solairuak, hau da beheko solairuak 6.000 metro kuadro inguru dauka. Blog honetan eta baita beste leku batzuetan ere askotan kritikatu dugu Nafarroako agintarien proiektuak edo proektu eza, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren jokabide txalogarri hau goraipatu nahi dugu.
Gerardo Luzuriaga
Politika bibliotekarioaren balorazioa
Aspalditik gogoa neukan EAJk zortzi legegintzaldi hauetan eraman duen politika bibliotekarioaren azaleko balorazio txiki bat egiteko. Labur-labur esanda, ez du gainditu, gutxiegi du. Nahi duenak blog honetan irakur daiteke ematen dugun gutxiegi horren arrazoiak: 25 urte pasa eta gero…, lehengo lepotik burua, taifen erreinua… Ez dugu lortu Euskal Herrian sistema bibliotekario komuna lortzea, ezta Euskadin ere. Ikus ditzagun adibide batzuk: banatuta jarraitzen dugu, gure hizkuntza jarraitzen du baztertuta izanda, Espainiako eta Frantziako eredu bibliografikoen mende jarraitzen dugu…
Zortzigarren legegintzaldi honetan ekimen parlamentario batzuk aurrera eraman badituzte ere, eta Euskadiko Liburutegien legea indarrean jarri bada ere, Espainiako ereduei jarraitzen zaiela heltzen bistan dago. Ezin baitugu ahaztu zein alderdiren botuekin atera zuten aurrera aipatutako legea, eta zer baldintzak jarri zituzten, non izenean ere ez ziren ausartu euskal eta nazional hitzak onartzen. Hona hemen azaleko adibide bat Euskal Liburutegi Nazionala golpe batez Euskadiko liburutegi bihurtu zen.
PSEk Eusko Jaurlaritza lortzen badu, aldaketa handirik ez duela ekarriko uste dugu, eta baldin badute atzera egingo dute kontu gehienetan: euskara politikan, EITBko ditsozko mapetan, baita liburutegi eremuan ere, jakina; baina berriengan gutxi espero arren, eremu honetan behintzat eman dezagun merezi duten konfiantzako epea.
Gerardo Luzuriaga
Krisialdi ekonomikoa
Baranaingo liburutegian Gara eta Berria egunkariak erosteko debekua politikoek eman ondoren, bazter guztietatik azaldu dira kritikak, batez ere ikusi dugunean Barañainen egindakoa Nafarroako herri liburutegi guztietara nahi dutela zabaldu, dagoeneko Iruñeko liburutegietara ere Berria eta Gara egunkariak erosteko debekua eman baitute.
Aste hauetan arduradun politikoen jarrera – Fermin Guillorme, Pablo Gomez, Paz Prieto – gogor kritikatu dugu, baita zentsuratzat ere jo dugu. Betidanik, askatasun esparrua izan diren liburutegiak haien esanetara baitute utzi nahi, herri liburutegietan zer irakurri ahal izango duten erabakitzen baitute, liburuzain profesionalen eta erabiltzaileen duintasuna zapaltzen baitute, azken finean irizpide teknikoak baztertzen baitute bere irizpide politikoak jartzeko.
EAEn duela urte batzuk, herri batzuetan, nik dakidanez, antzerako jukutria gertatu zen, -honekin ez dut esan nahi gaur ez dela gertatzen- Unescoren adierazpenak argudiatu genituen, eta eragina eduki zuenez, ea kasu honetan Nafarroan ere zorte bera daukagun!
Unescoren liburutegien adierazpenek informazioa eta ideiak eskuratzeko askatasuna bermatzeak daukate oinarri. Ikus ditzagun zer-nolako aginduak diren: liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hiritartasuna, erlijioa, kultua, iritzi politikoa, sexua kontuan hartu barik; fondo publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta erosteko almena edozein izanda ere, erabiltzaile komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte; materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienean; liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo beste motakoak kontuan hartu gabe, gutxiengoei, euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete, material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.
Antzerako arrazoibideak ikusita Nafarroako arduradun politikoek bere horretan eusten badiote ere, atzera egin dute eta beste argudio batzuek erabili dituzte. Gauzak horrela, liburutegi nafarretan eguneroko prentsa erostearen ardura udalei dagokiela edo aipatutako egunkariak ez erosteko arrazoi ekonomikoak direla adierazi du Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak.
Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan Gara eta Berria egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa bazen, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean. Egunkari batek euro bat inguru balio du. Urte osoan asko jota 800 € gastatuko dute aipatutako bi egunkari erostean. Benetan, arrazoi ekonomiko hau penagarri iruditzen zaigu, batez ere 800 € horiek 22.000 biztanle inguru artean banatu behar dituenean. Asma ditzaten aitzakiarik aproposenak, edo isil daitezen betiko.
Gerardo Luzuriaga
