Hemen zaude: Hasiera Blogak Joana Albret Artxiboa 2006 Abuztua

Artxiboa Abuztua 2006

Nafarroako Liburutegi Nagusi berria, 2009rako

Guarko (2006-08-12) Gara egunkarian berri interesgarri hau dator.

Nafarroako Liburutegi Nagusi berria, 2009rako

Eraikitze lanak datorren urtean hasiko direla adierazi zuen Corpas kontseilariak

Datorren urteko lehen hiru hilabeteetan hasiko dira Nafarroako Liburutegi eta Filmategia eraikitzeko lanak, eta zerbitzu berriak 2009an prest egon beharko luke, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak atzo adierazi zuenaren arabera. Iruñeko Udalak Mendebaldean eskaini duen orube batean eraikiko dute ekipamendu berria, Manuel Ferrer arkitektuaren proiektu bati jarraituz. Aurrekontua 28 milioi eurokoa da.

IRUÑEA

Mendebaldean eraikiko duten eraikinak 20.768 metro karratuko azalera izango du, lau mailatan banatuta (laugarrena, sotoan). Bertan, batez beste bi milioi dokumentu bildu ahal izango diutzte, liburuak, CD-Romak, aldizkariak, bideoak eta beste zenbait euskarritakoak kontuan izanik. Bibliotekako mailegu sailean, esaterako, 100.000 titulu egongo dira eskuragai. Mediatekan, berriz, 19.000, eta hemerotekan, 500 inguru. Haur liburutegi bat ere atontzeko asmoa dute.

Gainera, eraikin berriak Nafarroako Filmategia ere hartuko du. Filmategiko lehendabiziko funtsa 500 dokumentuk osatuko dute. Gehienak Antonio Jose Ruizen sendiak Nafarroako Gobernuari emandakoak dira. Filmategiak harrera eta kontsulta gelak, laborategiak eta biltegiak izango ditu, baita 250 lagun hartzeko moduko zinema areto bat ere.

Ekipamendu berria martxan jarri bezain pronto, San Frantzisko plazan egun dagoen biblioteka Alde Zaharreko biblioteka gisa geratuko da. Izan ere, ekipamendu berria Nafarroako Biblioteka Sistemaren burua ere izango da.

Yolanda Barcina Iruñeko alkatearekin batean atzo eman zuen prentsaurrekoan, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak nabarmendu zuen proiektuan batez ere kontuan izan dituztela «iristeko erraztasun, erosotasun, malgutasun, moldagarritasun, segurtasun eta eragingarritasun irizpideak».

Kostata, aurrera

IRUÑEA

Nafarroako Liburutegi Nagusia San Frantzisko plazan dago, baina aspaldi geratu zen motz. Izan ere, eraikin berri baten eskaerak 1983an hasi ziren.

Azken urteotan, alabaina, eraikin berriaren kokapena eztabaida-iturri izan da, batez ere Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala ez zetozelako bat. Azkenean, Mendebaldean eraikitzean adostu ziren.

Baina lekua hitzartuta ere, proiektua atzeratzen joan da. Azkenean, iazko azaroan, Corpasek oinarrizko proiektua aurkeztu zuen. Atzo, berriz, exekuzio proiektuaren txanda izan zen. 2009rako iragarri zuen zerbitzu berria.

Gerardo Luzuriaga 2006/08/12

Eusko Jaurlaritzako 2000ko EPEko goi-mailako lanpostuak, euskara eta zentsura

Kopiatzen dudan eskutitz hau, horrela zegoen maketatuta HAEE-IVAPek aste honetan kaleratu duen "Administrazioa Euskaraz" aldizkarian (inprentara presaka eta korrika deitu behar izan baitute eskutitzaren lekua beste informazio batekin ordezkatzeko). Orain dela hilabete aipatutako aldizkarira eskutitza bidali nuen, karaktere gehiegi zeukala erantzun zidaten baina edukiaz ados zeudela; laburtu nuen (nire ustez, zeuden ezaugarri interesgarri batzuk baztertuz) eta aldizkariaren zuzendariarengandik argitaratzeko baieztapena jaso nuen. "Administrazioa Euskaraz" aldizkariko zuzendariak artikulua ez dutela argitaratuko adierazi didanarekin batera ezuste galanta jaso nuen. Zerbitzuaren arduradunarekin hitz egin ondoren, eskutitza ez argitaratzearen arrazoibideak IVAPeko zuzendariari eskatu dizkiot, eta elkarrizketa honetan emandako arrazoi bakarra, agindua goitik datorrela izan da.

Ditxosozko 2000ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan deitutako goi-mailako lanpostuak betetzeko exijitutako hizkuntza-eskakizunaren datuak biziki esanguratsuak dira. Datu guztiak -Hizkuntza Normalkuntzako Teknikarienak eta Itzultzaileenak aparte utzita, jakina- ezin adierazgarriagoak dira: 289 lanpostutik 177 lanpostu (% 60,9) hizkuntza-eskakizunik gabe, 8 lanpostu (%2,7) 2. HEarekin, 72 lanpostu (%24,9) 3. HE, 32 lanpostu (%11,4) 4. HE atera zituzten. Barne-promoziokoen datuak antzerakoak dira: 27 lanpostutik 20 lanpostu (%73,9) hizkuntza-eskakizunik gabe, plaza 1 (%3,7) 2. HE, 3 plaza (%11,1) 3. HE, 3 plaza (%11,1) 4. HE atera zituzten.

Gauzak horrela, bistan dago 2000ko EPEn ez dela euskara-maila handirik eskatu. Nahiko eskas ibili dira horretan ere. Oro har lotsagarria izan da. Bestalde, susmoa daukat hizkuntza eskakizunak administrazioaren interes eta langile jakin batzuen beharren baitan egon direla berriro ere.

Jo dezagun, bada, adibideetara. Nola da posible, bada, hainbeste urte oposiziorik gabe eman eta gero, zertaz eta komunikabideez arduratu behar den kidegoan (kazetariez ari naiz) bost lanpostuetatik hiru Hizkuntza Eskakizunik gabe ateratzea, eta bakar batean soilik 4. HE eskatzea? Eta Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentalista kidegoan, berriz, barne-promoziorako lanpostu bakarra egonik, justu horretan, hain zuzen, 3. HE eskatzea? Hala propio erabaki zuten horrela egitea aurkezteko aukera genuen hiru pertsonetatik batek hori oraindik egiaztatuta ez zuela jakitean? Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak euskararekiko duen jarrera okerra eta eskasa delakoan nagoenez, niri gertatutakoaren berri ematea erabaki dut. Kasu bakarra balitz, inola ere ez nuke salatuko, baina EAEko administrazioaren arazo orokorra denez, salatu nahi izan dut lerro hauen bitartez.

Egia esateko afera hau gero eta gehiago korapilatzen ari denez, bukatutzat eman baino lehen honako hau blog interesgarri honetan salatu nahi nuke:

  • Nola uler daitekeen 2000 urtean Eusko Jaurlaritzak EPEa ateratzea eta goi-mailako lanpostuetan ia-ia euskara jakitea ez eskatzea? %61 hizkuntza-eskakizunik gabekoak txanda irekian eta %73 barne-promoziozko lanpostuetan, hain zuzen ere.
  • Gaiontzeko %39 eta %27, kasu batzuetan, gehienetan ez esateagatik guztietan, langile jakin batzuen beharrean jarrita izatea.
  • Eta kasu honetan, batik bat IVAPeko jarrera ulertezina jakinaraztea. "Administrazio Euskaraz" aldizkarian horrelako mezua teknikoen onarpena jaso ondoren atzera botatzeak autokritika falta eta zentsura garaian bizitzea suposatzen baitu.
Gerardo Luzuriaga 2006/08/12