Oimbéa
“Euskaditik Kongora. Bernardo Atxagak mapa berri bat marraztu du Zazpi etxe Frantzian nobelan. (...) Oraingoan euskal idazleak abentura eleberrien atzealdea islatu nahi izan du. (...) Nobelak mundu izugarri baten alde bat kontatzen du, literatura mota honetan kontatu ohi den estaldura ideologikoaren eta poetikoaren atzean dagoena”. El País, 09-3-28.
Kontatzen du Atxagak nobela honetan Kongoko twa jendeak argitasun bat sumatzen zuela batzuetan gorputzaren inguruan, oimbé deitzen zena, eta haren kolorea aldatu egiten zela aldartearen arabera. Oimbéa morea zen pertsona triste sentitzen zenean, urdina pozik zegoenean, eta gorria edo beltza larritutakoan. Nobelaren protagonistetako bati, Kongon kokatuta dagoen militar buru belgiarrari, kolonizatzaile denez sarraskigilea ofizioz, poeta sentibera bihotzez, atentzioa ematen dio oimbéaren kontuak, eta adiskidetasunezko formula moduan erabiltzen du bertako beltzarengana gerturatzeko, bere izugarrikerien lekuko mutu den horrengana gerturatzeko. Kolonizatzaile europar kultoari bitxikeria begitantzen zaio Afrikako beltzen mundu-ikuskera, morroiek argitasuna sumatzea gorputzaren inguruan, kolore ezberdinekoa pertsonaren egoeraren arabera.
Mende bat beranduago, Afrika erdialdetik gero eta gertuago dagoen Europako bazter honetan, argi-kutsadura larregi daukagu norberaren oimbéan erreparatu ahal izateko. Hala ere ez dago aztia izan beharrik egoeraren arabera, pertsona bakoitzaren aldartearen kolorea igartzeko, koloreak kolore eta tradizioak tradizio.
Egin beharreko hausnarketa txikia da asmatzeko Atxaga beraren oimbéa une honetan lasaitasunezkoa izango dela (horia?). Patxi Lopez-ena garaipenezkoa: urdina izan daiteke, nahiz eta euskaldunen artean, Patziku Perurenaren arabera, urdina kolore nahasia izan. EAJko kideek oimbé beltza dute, momentuz, Diputazioetako lubakietan. Euskaldunona oro har, kolorea edozein dela, iluna. Eta krisiak eragindako langile guztiena, duda barik, gorria. Izaskun Jimenez berriz, oimbérik gabe geratu da dagoeneko. Morea baina berak guri utzitakoa: amorruarena, emakume zapalduekiko elkartasunezkoa.
Besarkada apurtuak
Onartzen dut ez naizela bereziki Almodovar zalea. Berandu deskubritu nuen, “Mujeres al borde de un ataque de nervios” Donostiako Astorian estrenatu zutenean, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Ondoren, intermitente: “Atame” ez, “Tacones lejanos” bai. “Kika” ez, “La flor de mi secreto” bai. “Carne trémula” bai, “Todo sobre mi madre” inondik inora. Eta hortik aurrera zinera joatea luxu txikia bihurtu zenez, ez nuen denbora gehiago galdu Almodovarrekin.
Baina bi ordu libre, Callao zine-aretoa parean, eta bost minututan hasten zen pelikula bakarra. Patuak Almodovarren azkena ikus nezala nahi zuen.
Sartu zinera, hasi pelikula eta itxaron zerbait gertatu arte. Gertatuko da, gertatuko da… ezer ez. Filmea aurrera doa, Almodovarrek berezko duen estetika guztia zabaltzen du: pareta urdindun etxeak, titi ederreko neskak, istorio bat beste baten gainean geruzaka eta katramilatuta, beltzezko fundidoak, flashback-ak, detaileetan geratzen den kamara. Ikustekoa, baina funtsik ez. Penelope zuzendariari gustatzen zaion estetikarekin, soineko gorriak, takoidun zapatak, 90 hamarkadako belarritako horiak, eta iragan latza eta bizitza bikoitza. Baina gatzik ez.
Bukaerarte itxaron behar da sekretu gordinaren berri jakiteko, nahiz eta ikusleak sekretuaren erdia Blanca Portillo handia eszenan sartzen denetik igarri duen, eta ordurako asper samar eginda dagoen.
Salbatzeko bakarra, azkenerako uzten dutena, Penelope eta Carmen Machi aktore direla pelikularen barruan errodatutako beste pelikula baten sekuentzia. “Mujeres al borde de un ataque de nervios”i omenaldia. Hortik laburmetrai bat atera omen du Almodovarrek, “La concejala antropófaga”. Behar bada hari horrek bilbe hobea eman dezake. Besarkadekin behintzat, ohial eskasa.
