Artxiboa Azaroa 2007
Printze urdinak
Asteleheneko Goienkarirako
Maitasun perfektuaren bila klown ikuskizunean.-"Sentimenduzko heziketari buruzko klown parodia” taularatuko dute gaur (…) Virginia Imazek zuzendu du (…). Pupika eta Puxika pailazo ameslariak dira. Ametsetako gizonaren zain daude, bere “printze urdina” noiz agertuko den itxaroten. (…) Hala, hainbat mitoren inguruan hitz egingo dute, ironiarekin. Esate baterako, zein da liluratzeko, limurtzeko modua? Nork hartu beharko luke aurrea? Maitasuna ala desira? Erromantizismoa, musuak eta leialtasuna ere hizpide izango dituzte. Berria, 07-11-25.
Hamabost urterekin, erromantizismoak pertsona (bereziki emakumezkoa) gogorren eragiten duen bizitzako garai horretan, “las niñas ya no quieren ser princesas” kantatzen genuen Sabinarekin, metxeroa eskuan. Ez naiz ausartzen esaten ordurako printze urdina barne-barneko pentsamenduetatik erabat baztertuta geneukanik. Eta printze urdin bat ondoan izateko esperantza galduta ez genuen arren, argi geneukan hala ere, ez genuela printzesa izan nahi, bere bizitzaren jabe diren emakumeak baino.
Beste belaunaldi, beste mende batean gaude, garai haietatik geratzen den ia bakarra praka pitilloen moda da, eta horiek ere, eraberrituta, bueltatu egin direlako. Baina umeei ekarri diedan jostailu-katalogo dotorean, neskatila guztiak printzesekin dihardute jolasean eta soineko arrosa luzeak baino ez dituzte amets. Neskatila nerabeei nobioa izateak prestigioa ematen die, euretariko ama baten esan kezkatsuetan. Ondorioa: gizarteko bufoioek espilu konkaboa ipintzen digutela, printze urdinarena ateratzen da, eta errealitatea desitxuratua islatzen da. Desitxuratua, baina errealitatea.
Errealitatea baita neskek printze urdinaren zain segitzen dihardutela, bizitza Disneyren filme azukretsu bat izango balitz bezala. Planta oneko mutila, orojakile, egoera ororen konpontzaile. Errealitatea da zenbat zalantza eta autoestima falta sortzen dituen liluratzeko modua ez topatzeak, zenbat eztabaida eragiten dituen aurrea hartzeko kontuak, nola banatzen den desira mutilentzat, maitasuna neskentzat.
Gure hamabost urteetako praka pitilloak algodoi hutsezkoak ziren, gaur egunekoak ostera elastina ere badaukate, askoz bigunagoak dira eta gorputzaren formari moldatu egiten zaizkie. Pitilloak eguneratu diren bezala, hala zabaldu eta eguneratu beharko litzateke printzegai berriei egin beharreko galdera zerrenda: guapoa da? Ondo ematen ditu musuak? Eta, etxeko lanak eta umeen zaintza partekatuko ditu? Nire lanbideari ez dio oztoporik ipiniko? Nire lagunekin irteteari eta nire aisia izateari ez dio trabarik jarriko? Ez da saiatuko nire bizitza kontrolatzen, ez psikologikoki, ez indarkeriaren bitartez? Alegia, elastina piska bat ipiniz gero betiko printze urdinarentzako betebeharretan, harremanak askoz erosoago.
Musu bana benetako printze urdinei, maite gaituztelako gure ondoan dauden gizon horietxei, alor guztietan maila berekotzat gauzkatenei. Horrexegaitik gehiago maite ditugulako. Eta printze urdin bila dabilenarentzako, kontuz paper arrosa hutsa baino ez diren horiekin. Bizitza askoz errazagoa baita erromantizismoak praktizismoan oinak ondo errotuta dauzkanean.
Txinatarren ipuina
Asteleheneko Goienkarirako
"Dendari txinatarrek kezka dute Jaurlaritzak onartuko dituen merkataritza ordutegiekin.- “Inori ez diogu kalterik egiten”. Euskadiko Txinatar Elkarteko idazkari Zhong Jing Yangenak dira hitzok. “Inguruko dendek merkataritza gune handiengatik saltzen dute gero eta gutxiago”. Besterik uste du Eusko Jaurlaritzak, eta 400 metro koadrotik gorako muga berberak ezarri nahi dizkie 150 metro baino gehiagoko guztiei. Bazar txinatarrei, alegia". Berria, 07-11-3.
Gizartean aldaketak oso azkar ematen diren garai honetan, inor gutxi akordatuko da norbere herrian lehen denda txinatarra noiz zabaldu zuten. Gogoan daukagu denda txinatarra ez zegoenekoa, nola zapatu arratsaldean ez zegoen modurik herrian bertan errotulagailu batzuk, zeloa, gabonetako zuhaitzarentzako argiak, plastikozko kaxa bat edo tarta bat egiteko molde bat erosteko.
Ordea, txinatarrak etorri ziren eta jauzi handi bat eman zen aurrera: halako batean, posible egin zuten aste osoan etxean egin ezin duzun hori egiteko beharrezko duzuna erostea. Etxetik salto batean eta zapatu arratsaldean. Nik behintzat eskertu egin nuen.
Gero herrian beste denda txinatar bat zabaldu zuten, eta beste bat. Hurrengoak aurrekoa baino handiagoak. Baita ere jatetxe bat. Mesfidantza sartu zitzaigun orduan: konturatu orduko denaren jabe egingo dira, lokalak “takatá” erosten dituzte auskalo zein dirurekin… Komentario onik ez, susmo txarra barra-barra. Nola ez, ez dago amaren alabarik txinatarren berbetan ulertuko dituenik, eta gainera denak berdinak dira.
Saltokien ordutegiak arautzea ez da kontu erraza izango. Aurrera doan herriak lehenik erraztasunak ipini zizkien egun osoa zabalik dauden megadendei, hirigintza planak aldatu zizkien, errepideak eta sarguneak egin zizkien, dena erraztasuna beraientzat. Gerora konturatu zen lelo berriaren premiaz: denda non, bizitza han. Herriguneak jendez husten ari zirela, alegia. Debagoieneko herriren batetik zapatu arratsaldean osteratxoa egingo ondoren, ziur.
Eta herriak aurrera segi dezan dendak eta bizitza suspertu nahian dabiltzan horretan, kale kantoiko denda zerbitzu-publiko txinatarrari, egurra. Saltoki handien muga berberak ordutegi aldetik. Honez gero nahastuta gaude, zein ote zen helburua? Aurrera joan, bizitza suspertu eta herri erdian dauden denda txiki eta ertainei erraztasunak eman, ala hesiak ipini?
Gizarte aldaketetara azkar ohitzen garenez, nekez akordatuko gara urte gutxi direla herrietan domeketan ogirik ez zegoela, zapatu edo domeka arratsaldetan aldizkari edo egunkaririk erosterik ez zegoela. Gaur egun aukera horiek eusten diote kale giro apurrari. Denda txinatarrek, lagatzen bazaie, lagun dezakete bila gabiltzan herri bizitza hori berreskuratzen, gaur egun errealitate delako denda (txinatarra) non, bizitza han.
Gerora bururatua
Bazar txinatarrak ordu gehiegi zabaltzeari muga. Mugak ere izango ote ditu kapital txinatarrak Realeko akzioak erosterakoan?