Gizasemea adibide
Badaukat lagun bat gazteleraz baino ez dakiena, nahiz eta euskararen alde dagoen. Sarritan, elkarrekin egonda, entzun dizkit honen moduko komentarioak: "jo, otro letrero que ponen sólo en castellano", "mira esa anuncio, la versión en euskara está mal"... Lagunak diozta begi hiperkritiko bat daukadala, beti nagoela euskararen kontrakoa noiz harrapatuko. Ez, erantzuten diot, gertatzen da euskara eta gaztelera gutxienez maila berean ikusi nahi ditudala, eta nabarmena dela hori, eguneroko paisaian, ez dela gertatzen. Uste dut edozein euskaldunek ikus dezakela bere burua islatuta egoera honetan.
Ba omen dut beste begi hiperkritiko bat, beste lagun batzuren ustetan. Konturatzen naiz testu asko idatzita daudela gizona, gizasemea, gizartearen zentroa bezala izango balitz. Hau da, munduko biztanleak gizasemeak baino ez balira bezala, emakumeak gizarte honetan salbuespen bat izango balira bezala.
Beraz kontu honekin ere ematen die matraka nire ingurukoei, askotan besteek ezer ikusten ez duten arren.
Denbora gutxian bi testuk eman didate atentzioa esandako horrexengaitik: bata Anjel Lertxundik Berrian eta blogean idatzitako bat: "Erregeak eta bilauak, nobleak eta morroiak, aita-santuak eta fraide baratzainak, den-denak berdintzen ditu Heriok". Joño, pentsatu neban, erreginak, neskameak, monjak, hilezkaitzak dittun!.
Bigarren argia Quim Monzók Franckforteko liburu azokaren irekieran irakurri zuen diskurtsoa irakurtzerakoan piztu zitzaidan. Dio Monzok: "De fet, si tot discurs és part d’un ritual i, com en tots els rituals, el que importa realment és la forma, el protocol, l’americana, la corbata (o l’absència de corbata)". Korbata batzurendako, besteendako soineko luzea, bururatu zitzaidan momentuan
Ez da nire asmoa, inondik inora, hain gustora irakurtzen ditudan idazle handi hauen zuzentzaile lanak egitea, ez da nire atrebentzia.
Era berean ziur naiz oso zaila dela bereizketarik gabe idaztea, ezin dela, eta seguru idazleak ez duela helburutzat, uneoro genero biak aipatzea, nekagarri eta astun izango litzateke oso.
Kontua da testu bi horretxek irakurriz, irakurlea segituan ohartzen dela, bi kasuetan, adibide moduan gizasemeak baino ez aipatuta, pertsona guztiez ari dela. Ostera, bi testuotan egiten diren aipamenak emakumeak baino izendatuko ez balituzte ("erregina", "neskamea" batean, "soineko luzea" bestean), idazlea emakumeez baino ari ez dela ulertuko genukela gehienok.
Tostoiak bigundu dituzte
Urtero gustora egiten doten lan baten truke, sari gozoa jasotzen dot (eskerrik asko, Mari Carmen!): Larrañaga gozotegian xigortutako kafe poltsa bat eta tostoi poltsa bat, baita ere Larrañaganekoa (kafea eta gozoak, ez nau bat ere ezagutzen!). Egia esan, horri esker jaten ditut tostoiak, ze urtean zehar ez daukat erosteko bat ere ohiturarik, nahiz eta gustora jaten ditudan.
Aurten plastikoa eta paper zuria zabaldu, usaindu, bat atera, eta, sorpresa! Tostoiak bigundu egin dituzte!
Inoiz tostoirik probatu badozue, daukaten ezaugarririk nabarmenena da oso gogorrak direla. Jateko haginka fuerte egin behar da, edo bestela esnetan-edo busti, eta hala ere, kosta egiten da jatea. Ostera, atzo jan genituenak, itxuraz lehengoen berdinak, askoz bigunagoak ziren, gaileta normal baten gogortasuna zuten. Gustoa ere ez zen zeharo lehengoa, edo hori iruditu zitzaigun, testura bigunagoa izanda, gustoak ere xuabeago ematen zuen.
Tostoiak ere aldatu dira, beraz. Askotan komentatuta geneukan Bergaran lagun artean, tostoia piska bat aintzinako gauza moduko bat zela, pasta gogorregia gaur egungo aho finentzako, oraingo turismoak eta barne kontsumoak beste gauza bat eskatzen zutela. Eta begira, itxura denez egokitu dute aro berrietara. Bigundu egin dute gaur eguneko zaporeengandik gertuago egoteko.
Tostoia eguneratu eta egokitu badute, ezer gutxi geratzen da Bergaran ezin ikutzekoa!
España, España!
Asteleheneko Goienkarirako
"Banderak guztiok ordezkatzen gaitu.- Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Paulino Luesmak, azpimarratu zuen bandera dela espainol guztiak batzen gaituen ikurra. Espainia bera eta bandera espainol guztiona delako, esklusibitaterik gabe, eta aldi berean, guztion ikur". Diario Vasco, 07-10-13.
Espainiako herritarrak batzen dituen ikurren bat aipatzekotan, nik ez nuke bandera aukeratuko. Eta baten ordez, bi azpimarratuko nituzke Espainiar guztien ordezkaritza seinalatzekotan: futbol selezkzioa ("la selección") eta Espainiako telebista kateak, publiko zein pribatuak. "La selección"en partiduak eta telebista espainolak dira, alde handiz, espainiar nortasunaren garatzailerik nabarmenenak, espainiar guztiak biltzen dituenak.
Ze bandera, ba tira, zuk jakingo duzu, irakurle, nolako erakarmena sortzen dizun. Espainiako eskuma eta ezkerraren artean, azkenaldian ikusitakoaren arabera, ez dirudi ikur paketsua denik. Nirea bai, zurea ez, nirea gehiago, harena ez. Harrotz eta inposatzaile gertatu zaigu aspalditik piperpotoa, hain beste, ezen legoko fitxetan horia eta gorria bata bestearen ondoan ikusterik ez dugun jasan; hain beste, ezen erropetan ere, horia eta gorriaren nahasmen txikiena agertzen zela, ez genuen erosten.
Gurean behintzat (ia) gehienontzat ez da ikur bandera famatua.
Baina "la selección"en partiduak? Zeinek ukatu Euskal Herriko kaleak husten direla bere partiduak ikusteko? Zeinek ukatu tabernetan elkartzen den jendetza futbol hori ikusteko, eta lotsa sentitu barik, jokaldiak miresteko eta gaitzesteko? Gogoa piska bat makillatuta, hori bai, euskaldun asko dagoela selekzioan eta animoa merezi dutela, etab. Futbola gustatzen zaigula-eta, eta horregaitik ikusten dugula. Aitzaki-maitzaki. "La selección"en partiduak futbol soila dira bandera hori-gorria trapu soil bat den moduan, hau da, bata ez da bakarrik futbola, bestea ez da bakarrik trapua.
Telebista espainola da espainiar guztien batasunaren beste eragilea, guztion ikur eta erreferentzia. Halako garrantzia du Espainia kontzeptuaren hezurmamitzean, gaur egun ez dudala ulertzen Felipe IIak nola eutsi zion inperioaren batasunari telebistarik gabe. Zer ez ote zukeen egingo telebistarekin! Ze, izango dugu hezkuntza sistema propioa, izango ditugu euskal komunikabideak, baina Espainiako telebistari esker, mundura Espainiatik abiatzen gara: Espainiako notizietatik, kotilleotik, kiroletik, mapatik...
Espainiako botereak badaki hori, eta maisuki erabiltzen ditu futbola eta telebista aberria egiteko. Banderarena amu hutsa da, bestearekin, orain arte bezala, konturatu ez gaitezen. Bitartean, jarraitzaile ugari izan zituen joan zen zapatuan "la selección"en telebistako partiduak, eta gaur gauean, "Mira quién baila".
Publikoaren alde
Publikoki adierazten dut gauza publikoaren alde egite asmotan, astean behin zerbitzu publikoa erabiltzen dudala, eskubide publiko bat gauzatzeko joan-etorria egiteko. Astean behin, behintzat, autobusaz baliatzen naiz Bergara-Eibar ibilbidea egiteko, lanerako joan-etorria egiteko.
Publikoa oro har pozik dago zerbitzuarekin. Batez ere enpresa publiko baten ustiatzen duen errepide publikotik doan zerbitzua. Autopistari esker, ordu laurdenean egiten da ibilbidea, nahiz eta oso maiz Bergarara autobusa atzerapenaz etortzen den. Orain gainera ordutegia publiko egin dute, geralekuko poste batean orri bat itsasiz. Lehen ordutegi-orri bat zeukan bidaiari zortedunak miresmen publikoa jasotzen zuen geralekuren batean ateratzen zuenean. Bidaiariak inoren sorbalda gainera igotzeko kapaz ginen autobusaren ordua jakiteko.
Bidaia laburra da, baina edozer gauza gerta liteke tarte horretan. Zerikusi handia daukate gidariek. Denetarik dago: garraio publikoan zaildutako txoferraren letxe txar zuzena daukatenak, funtzionario publiko topikoaren axolagabekeria agertzen dutenak, edo publikoarekin lanean ohituta, bereziki atseginak direnak. Zeresan handia du horrek bidaiaren nondik-norakoan. Hala ere, ia guztiek ipinita izaten duten irrati katea publikoa da, publikoan gehien hitz egiten den hizkuntzan egiten dena.
Autobus barruko zertzeladak ere konta daitezke. Behin, publiko txikian, bost bidaiari ezezagunen artean, suetenaren etena analizatu genuen. Gero esango dute zaila dela zenbait gauzaz publikoki hitz egitea! Beste behin, autobusean neu publiko bakarra izanda, txoferraren ondoan joan nintzen, berarekin berriketan.
Aste honetan nobedade bat daukagu garraio publikoaren komunitatean: txartel bakarra. Publikoa gustora somatzen da: erosoa da eta merkexeago aterako da. Administrazio publikoak baina publikoan azalduta inon ikusi ez dudan trikimailua egin digu: txartelaren prezio publikoa 1,30 eurotik 1,75 eurora igo dute, urte hasieran izan zen 5 zentimoko igoeraz gain. Hau da, 2007 urtean Bergara-Eibar bidai publikoa %40 garestitu dute. Justo txartel batuarekin lortuko den prezio beherapena.
Badago modu publikoan, publikoaren aurrean, honen zergaitia argudiatuko duen zerbitzu publikoaren arduradunik?
