Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Sortzailearen errekonozimendu falta

Sortzailearen errekonozimendu falta

Markos Zapiain 2022/06/28 09:10

 

Badago noski datu objektiboetan oinarrituriko errekonozimendu falta bat. Jende gutxi bizi daiteke sortze artistikotik. Arte plastikoetan latza da egoera. Lagun batek Mexikon, Japonian, Txinan erakusketa garrantzitsuak egin ditu, hainbat sari ospetsu irabazi, baina hala ere ezin hortik bizi eta basozain dabil.

Idazleen arazoetara mugatzearren, zenbat literato bizi da gurean nahi duena idaztetik? Zenbat satelite ditu Pluton nanoplanetak? Saiogile bakar bat ere ez. Beno, literatoek saiogilea ikusi ere ez dute egiten, ez dute sortzailetzat, Jainkoari esker. Ai, Jainkoa, hura bai ganorazko sortzailea, Pluton bezalako nanoplanetak eta bere sateliteak xehero-xehero irudikatzen!

Arraroa da, tristea, idazleak, saldutako liburu bakoitzeko, ehuneko hamar baino ez kobratzea. Mundu osoan gertatuko da antzera, baina hor zerbaitek huts egiten du.

Ordea, badago bestelako errekonozimendu falta bat, ez hain objektiboa, sortzailearen ezaugarri nabarmenetakoa: inoiz ez du bere burua merezi bezain onartua ikusten, beti sentitzen du gizartearen eta kolegen errekonozimendu falta. Hainbat Euskadi Sari jasotako sortzaileek ere, etenik gabe daudenak hedabideetan, jendeak benetan maite dituenak, hala ere ez dute aski. 

Gurean, esaterako, sortzaile jeltzaleak garbi sentitzen du baztertua dela, sormenaren esparrua ezker abertzalearen esku ei dagoelako. Sortzaile konstituzionalistak, zer esanik ez. Alderantziz, ezker abertzaleko sortzaileak aldarrikatzen du ezker abertzalekoa izateagatik baztertzen dutela Euskadi Saritik, Gutun Zuritik. Zerrenda beltzak egiten omen dituzte Batzokietan, ezker abertzaleko sortzaileak zokoratzeko, eta zerrenda zuriak, jeltzale jatorrak promozionatzeko. 

Hor badago misterio psikologiko bat, eta uste dut giltzetako bat dela zure burua baztertua edo ez merezi bezain errekonozitua sentitze hori sormenerako akuilu izan daitekeela. Orain baztertzen nauzue, baina hurrengo liburuarekin ez duzue nire talentua aitortu beste erremediorik izango. Sentimendu horrek amorru sortzaile halako bat pizten duela dirudi. Berrogeita hamar urte barru bai, jakingo dute nire obra miresten, Nietzscheren, Van Goghen eta Kafkaren kasuetan bezala. Nire garaikideak infantilak dira, itsuak, ergelak. Oraindik ez dut herririk. Sortzeko orduan, etorkizuneko tribuak ditut gogoan.

Amatiño
Amatiño dio:
2022/06/28 11:07
Polita. Ez zaizu arrazoirik falta, ezta ironiarik ere. Hala ere, hau ez dut ondo ulertu: "literatoek saiakeragilea ikusi ere ez dute egiten, ez dute sortzailetzat, Jainkoari esker."

Bat nator lehen bi esaldiekin. Ez dut, ordea, ulertzen hirugarrena: "Jainkoari esker".

Zer esan nahi duzu?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/28 11:24
Bestela idazle sortzaileen bileretara, kongresuetara eta lunchetara deituko liokete, konpromisoan jarri, eta saiogileak bakea behar izaten du, eta bakardadea (neurri batean, jakina; Hannah Arendtek adierazi du ondo saiogilearen baitako tentsioa, pentsatu ahal izateko bakartzearen eta pentsatutakoa adierazteko tribura itzuli beharraren artean. Egia esan, onartu beharra dago antzera ibiliko dela literato asko, eta beraz berezitasun horrek ez dituela literatoa eta saiogilea behar bezala bereizten).
Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2022/07/02 16:35
Kaixo, Markos:
Barrura iritsi zait gai hau.
Egoak gidatu ohi gaitu eta artistak beti du gizarteak gutxiesten ote duen pentsatzeko tentaldia.
Beharbada, norberak artea eginez lortzen duen plazeraz ahaztu ere egiten gara.
Artetik bizitzea pribilegioa da. Badira, arrakasta lortzeko arima deabruari saltzeko prest ere egon litezkeenak, alegia, kantatzeko hizkuntza edo gaiak hautatzerakoan, alderdi politiko bat edo besteri begira jardun edo jokoa eginez, oihartzunaren giltzak dituztenei koipea emanez, … Ikusiak ditugu eta ikusten dira halakoak.
Agian, sinpleagoa litzateke beste bizibide batekin bizimodua atera eta artea ahal den bezala kudeatzea.

Bestalde, beti ez da ematen talentua eta lan guztiak ez dira bikainak, baina talentua izateak ez dakar berez errekonozimendua, ezta diru-iturria ere. Eta euskaraz arituz gero, zer esanik ez, baina hori euskaldunok badakigun zerbait da.

Bai, idazleak % 10 a eta musikariek ere antzera, bitan banatuta, egileak eta interpreteak. Desberdintasuna, musikariak zuzeneko saioak eskaintzerakoan lor dezakeen ordain-saria.
 Beste zerbait ere badago, medioek eta jendeak heroiak nahiago izaten dituzte. Orduan, bat edo beste, onenak edo, aldarrikatu eta nabarmentzen dituzte eta gizarteak adorazioraino iristen den aitormena egiten die aukeratutako gutxi horiei, baina, sortzaile bikainak irten daitezen sortzaile-haztegia egoteko baldintzak egon behar dute gizartean eta sortzeagatik diru-sarrerak nabaritu egin behar lirateke gutxienez iraun ahal izateko. Hori bai dagokie kultura erakundeei.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/07/04 11:34
Alfonso, idatzi duzun guzti-guztiarekin ados. Egia diozu, jendeak eta medioek heroiak behar dituzte; gainera, beren burua suntsitzeko joera baldin badute, hobeto, entretenituago. Artista handien suizidioak ezin dira publikoaren beneraziotik bereizi; esate baterako, benerazio horren desagertzetik kolpez. Distantzia egokia jartzen asmatu behar du artistak, eta zaila izaten da, antza.

Ez dakit nola ibiliko diren musikariak Frantzian, baina lehengoan idazle batek zioen jasotzen duen diru-laguntzarekin egunero aukeratu behar izaten duela: edo jan (otorduren bat), edo bestela tabakoa.

Erakundeek haztegia zaindu behar dute, noski. Eta kontuan hartuta, zineman adibidez, Asier Altuna bezalako kontsakratuak (Aupa eta Agur Etxebeste, Amama, Bertsolari, Urte berri on, amona!) nola dabiltzan (Akitanian bai, lortu du “Karmele” film berrirako diru-laguntza; hemen berriz arazoak), ez dakit ba.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Bai, izebarekin zein aitarekin bihotzez ... Markos Zapiain, 2022/08/03 10:38
Hala ere, umorea galdu behar ez den moduan, eta ... Amatiño, 2022/08/03 07:48
Kar-kar-kar, zein poliedrikoa den giza ... Markos Zapiain, 2022/08/02 16:39
Aukeran datorkidan gaia. Aurretiazko Borondateen ... Amatiño, 2022/08/02 16:11
Filosofiaz kanpo ere bai, zoritxarrez. Bestela, ... Markos Zapiain, 2022/07/18 17:10
Sergio Ramos andaluziarra da, eta Darwinek ... Amatiño, 2022/07/17 18:41
Alfonso, idatzi duzun guzti-guztiarekin ados. ... Markos Zapiain, 2022/07/04 11:34
Brabo, Markos!!👌 Izaskun Olaskoaga, 2022/07/03 15:46
Kaixo, Markos: Barrura iritsi zait gai hau. Egoak ... Alfonso Guilló, 2022/07/02 16:35
Gari, mila esker ni pentsalarien artean ... Markos Zapiain, 2022/06/28 11:30