Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Jose Ramon Etxebarria, erretretaren bezperan

Jose Ramon Etxebarria, erretretaren bezperan

Markos Zapiain 2018/05/20 13:45
Datorren igandean 70 urte beteko ditu

Jose Ramon Etxebarria 1948an jaio zen Gernikan, eta han igaro zuen haurtzaroa; nerabezaroa berriz Eibarren, Serafin Basauri, Juanito San Martin eta Imanol Laspiurrek adoptatu eta babestua; eta helduaroa Bilbon, zehazki Santutxun. Hiru herri horiek erabaki dute haren nortasuna. Ingeniaritza Industrialean doktore, 1971n ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean Fisika irakasteari, Leioako campusa inauguratuz. Etxebarriak den-dena ikasi zuen erdaraz eta euskaraz modu autodidaktan alfabetatu zen, batez ere Anaitasuna aldizkaria astiro eta arretaz irakurriz; ondoren, aldizkari horretako zuzendari Imanol Berriatuak euskararen ezagutza sakontzen lagundu zion. 1972an Guardia Zibilek La Salven torturatu zuten. Hurrengo urtean Lore Akaiturrirekin ezkondu zen, ikastolako andereño, ekimen handiko euskaltzale eta dohain deigarriak dituen gozogilea baita. Adituek bere opil eta bixkotxak internetez saltzera animatzen dute, baina deus ez. Hiru alaba dituzte eta hiru biloba. Jose Ramon Etxebarria Lemoizko nuklearraren aurka nabarmendu eta Iberduerok, mendekuz, etxeko argindarra kendu zion zenbait hilabetez, alabak txikiak zirela. Zigor hari esker, kandelen argi misteriotsuak girotutako abentura harrigarrien oroitzapenak dauzkate gaur egun. Etxebarriak ez zuen Espainiako funtzionario izan nahi: zenbait lankiderekin batera irakasleria propioaren aldeko borrokari ekin eta 1992an unibertsitatetik kaleratu zituzten. Hamabost urtez egunero-egunero unibertsitateko sarreran pankarta baten atzean protesta egin ostean, 2007an itzuli zen unibertsitateko irakaskuntzara, eskatzen zuten moduko lan-kontratu baten jabe. Azken urteotan euskara teknikoa irakasten dabil Ingeniaritza Eskolan, 60ko hamarraldian karrera ikasi zuen ikasgela beretan. Datorren igandean 70 urte bete eta jubilatu egingo da.

San Mames ondoko Ingeniaritza Eskolan duen bulegoan egin ditugun elkarrizketa luzeetan (atzo, maiatzak 19, Noticias taldeko Ortzadar-en sintesi bat argitaratu zuten), Etxebarriak behin ere ez du erakutsi asko idazten dutenengan ohikoa den egolatria malenkoniatsuaren arrastorik ere. Apartak ditu talentua eta txinparta, ikusgarriak mintza-doinuaren ezusteko aldaketak, barre-algarak, teatroa, kantua, umorea, bizitasuna. Lau ordu inguruko solasaldi intentsuetan ez du ezer jan ez edan, ur tantarik ere ez, eta amaieran hasieran bezain fresko egoten da. “Pentsatu egin behar da” eta “oso pozik nago” dira maizenik darabiltzan esaldiak, eta bat datoz haren bizimoduaz suma daitekeenarekin, irudi baitu etenik gabeko gogoeta alai goi-mailako batek bizi duela, eta bere etxea maitasunaren, herrigintzaren eta zientziaren bidegurutzean eraiki duela.

Serafin
Serafin dio:
2018/05/24 13:39
Maitagarria Jose Ramon. Erretreta hartu arren ez da geldi egongo. Zorionak eta besarkada estu bat.
Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2018/05/25 08:39
Zorionak. Jon eta M. Luisa
markos zapiain
markos zapiain dio:
2018/05/31 08:24
Eskerrik asko, Serafin, M. Luisa eta Jon, zorionduko dut zuen partez. Jose Ramonek bizi-bizirik gorde du oroimenean 60ko hamarraldiko Eibar hura. Orduan jarri zion duela zenbait urte auto-istripuz hil zen Egia adiskide minak "txepetxa" ezizena, eta "Txepetxa" izenpetu ditu "Anaitasuna" aldizkarian argitaratu dituen bertsoak, edota bertsoen inguruko artikuluak. Oso ondo menderatzen du Eibarko euskara, hitanoa barne. Koldo Zuazorekin, esaterako, Eibarko euskeriaz egiten du, hika.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Pantailen lohian sartuta ez da mundua, baizik ... DOMO, 2020/11/17 23:34
laugarrena my friend! Kanta horretan bertan, ... Noam harira:, 2020/11/17 19:28
6-Zeure begia, haien zizare; hor geldirik, zeren ... Ainhoa, 2020/11/17 18:35
Bigarrena June, 2020/11/17 18:29
Laugarrena Mau, 2020/11/17 18:25
Laugarrena Mattin, 2020/11/17 18:23
laugarrena! Amaia, 2020/11/17 18:20
Seigarrena. Yeneko, 2020/11/17 18:14
7-Izenik ez daukan kezka ez da benetakoa, izenik ... Leire, 2020/11/17 18:14
Hauxe: Poxpoloak ahaztu du nola erraten den su. Ainara, 2020/11/17 17:59