San Andresetan bazkidetza kanpaina kalera aterako du MATRALLAKO irratiak
MATRALLAKO irratiak Bai, we can
bazkide kanpaina martxan jarri du, irrati proiektuaren egoera ekonomiko larriari buelta eman ahal izateko.
35 bazkide behar ditugu. Hilean 5 euroko kuota ordainduko dutenak badira, hobe!. Dena dela, 2 eta 10 euroko kuotako bazkidetzak edo bestelako ekarpenak ere onartuko ditugu.
Hileroko bazkide kuota hori honako kontu hauetakoren batean sartu daiteke:
KUTXA 2101 0035 13 0121412837 CAJA LABORALA 3035 0023 91 0230061080
Irratiaren ekonomia salbatzea lortuko dugulako jarri diogu Bai, we can izena kanpainari.
Eta orain hau irakurtzen ari zerala internetez, zergaitik ez sartu zure onlineko kutxan eta zure bazkide kuota helbideratu??
San Andres egunean, azoka den bitartean, Untzagan egongo gara eta bere laguntza eman nahi duenak han izango du bazkide bihurtzeko aukera edo zergaitik ez irratikide bihurtzeko.
Bide batez, MATRALLAKOri buruzko informazioa zabalduko dugu (hala nola, estreinatu berri dugun programazioaren ordutegia, Arrosa irrati sarea, nola lan egiten dugun...). Horrekin batera, gabon hauetan Eibarren modan jarriko den mahai jolasa ere salduko dugu: Kalamuako Partamentua
Entzuleei ahalegin txiki bat egin dezatela eskatu nahi diegu, bestela itxi egin beharko dugu eta. Inolako dirulaguntza eta publizitate sarrerarik gabeko irrati libre euskalduna egiten dihardugu Eibarren, azken sei urteotan. Diru sarrera bakarrak orain arteko bazkideek jarritakoak dira eta Arrateko txosnatik ateratakoak. Askotan lokalaren alokairuari eta teknologia berrien mantenimenduari eutsi ezinik ibiltzen gara.
Kanpaina martxan jartzeko euskara eta kultura munduko hainbat eibartarrengana jo dugu eta laguntzeko prestutasuna espero baino handiagoa izan da. Prentsa agerraldi honetan, MATRALLAKOren proiektuari babesa emateko, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Serafin Basauri, (euskaltzalea), Ziortza Ulazia (Basetxeko lehiakide ohia), Iñaki Amuategi (AEK) eta Nerea Ibarluzea (AEK) izan dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu eurei, bertaratzeagatik.
Programazio sendo eta osotua
Entzuleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Bestela proiektuak ez luke inolako zentzurik izango. Horrek motibatzen gaitu eta motibazio horrekin lortu dugu inoiz baino programazio sendoago eta osotuagoa une honetan.
Izan ere, geuk ekoiztutako sei programez gain, beste irrati batzuetako hogeitabi saiok betetzen dute matrallakoren uhinak, Arrosa proiektuari esker. Hasieratik egin genuen proiektu euskaldun horren aldeko apustua eta emaitza bikainak ematen ari da. Era berean, geure programa bat GECH (Gora Euzcadi CHistulari) Euskal Herriko hainbat irratitan ematen dute astero. Azken batean, elkarlanerako eta saioak elkartrukatzeko bidea da Arrosa.
Geureez gain, honako proiektuotako saioekin osatzen dugu programazioa FMko 102.8an: Hala bedi (Gasteiz), Molotoff (Hernani), Info7, Elhuyar Fundazioa, Tas-Tas (Bilbo), Gure Irratia (Baiona), Oiartzun irratia, Irulegi irratia, Eguzki (Iruñea), EHNE, Arrakala (Lekeitio), Gaztesarea, Xorroxin (Bortziriak).