Marrupatik
Kañoiak, udazkena deituriko post hartan sartu nituen argazkiak botatzen zituen pareta zurira. Atrilaren ondora hurbildu eta nik eman nion hasiera Party-literarioaren bigarren zatiari. Bai, atrila eta guzti ipini gendun testuak irakurtzera jaikitzeko. Gero gehienak bere lekutik exerita irakurri zuten arren, han jun nintzan ni, nerbiosa nerbiosa lehenengo testua irakurtzera. Hala ere, papera atrilian kolokatuta eukitziak gauza bat du ona, ez zaizula eskuaren dardarra antzematen.
Amaiak Afrikatik bialdutako testuarekin eman nion hasiera. Marrupa Mozambique Iparraldean dago eta Amaia urtebeterako jun zan ONG batekin proiektu bat burutzera. Benetako gustoa ematen dau handik bialtzen dizkigun gauzak irakurtzea. Behin Afrikak ze kolore zeukan geldetu nion eta honela erantzun zidan:
"Gure herriko koloreak ikaragarriak dira, uda hasieran gaude, garai sikoaren bukaera. Laister datoz euriak eta egunero igotzen du gradutxoren batek. Kolore guztiak daude gure basoetan, batzuk siku siku daude euria noiz hasiko zain osto berriak botatzeko. Beste batzuk berriz, azkartxoenak bota dituzte bere ostotxo berde berri-berriak. Ostorik galdetzen ez dutenak gorri gorri daude. Akazia batzuk more-more loratu dira eta beste batzuei atzo loretxo txuri-gorriak irten zitzaizkien. Etxe ondoan itsasoa baino zabalagoa den baso zabal bat dago herri azpikaldean eta nik ezagutzen ez nituen kolore tono asko ezagutu ditut bertan. Pantone liburu berria eta zabala dago Afrikan eta arratsaldero baso sail horren atzetik eskutatzen da eguzkia."
Hemen azpian Amaiak aukeratutako abestia eta testua.
Abestia:
Lau teilatu
Itoiz
Testua:
Marrupatik
Hementxe nan ni, nire amonak esaten zuen:
- Zer moduz amona?
- Hementxe, etorri egin nintzen behin eta ordutik hementxe!
Ez dakit zer moduz zaudeten, baina espero eta nahi nuke zoriontasunaren gailurra zeharkatu eta ilargiaren bidean egotea, saturnora iristeko prest!! Bizia motza, latza eta maiz tentela izaten da, baina noiz behinka txoriek abesten dute inguruan, izarrek argitu egiten gaituzte eta haizeak besarkatu eta orduan da zure momentua, orduan da tristurak alde batera utzi eta dantzatzeko, alaitzeko, jolasteko, dastatzeko zure unetxoa, ze eguzkia egunero esnatzen den bezala gauero lokartzen da.
Mila muxu eta besarkada eta kontatuko didazue, ez izan presarik, orain bizi!!
Amaia Gabilondo
Marrupa herritik
(Mozanbique)