Ruper, Atxaga, Juan Carlos Perez,...
Barkatu! Luzea atera zait. Bihar motzago.
Badaki Txinok Ruper zenbat gustatzen jatan eta “Ba al hator zapatuan? Ruper, Atxaga eta zelan da Itoiz-eko kantantia zan haura? Hori, hori, Juan Carlos Perez ikustera?. Eta, ez esan inori, baina entzun dot Mikel Laboa ere eramatia nahi debela. Gu 8:30etan geratu gera.“ Mikel Laboarena, marketing kanpainaren parte izan zenaren susmoa daukat, zeren bi bidetatik gutxienez iritzi zitzaidan informazio berdina eta modu berean: “ez esan inori baina...”
Dena den, ni ez nintzan jun baina Txino oso gustora atera zan. Berak musika gehiago bota ei zaban faltan. Josuren ezagun baten hitzetan “aspaldian ikusi doten ikuskizun onena”. Hemen azpian, berriz, eta permisoa eman didanez, email bidez kronikia bialdu dian lagun baten berbak kopiatuko ditut.
Orain pena daukat bertara hurbildu ez izanaz, baina zapatuan hain nengoen nekatuta! Hurrengoan izan beharko. Dena den, aurreko post-etan begira egon naiz eta oraindik ez dut kontatu azkenengo Ruperren kontzertuan gertatu zitzaidana. Lehenengo kronikia eta gero nere anekdotatxoa.
----------------------
Gu eta gure hizkuntzak, Irakurketak, kantuak & hibridoak
Parte-hartzaileak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Joan Piris eta gonbidatuak.
Oso, oso ondo egon zen. Ez da normala horrelako emanaldi baten horrenbeste jende gustura ateratzea. Zenbat eta zenbat errezitaldi, poesia emanaldi, irakurtaldi... Eta jenderik ez entzuteko? Jende pila bat batu zen hala ere polikiroldegian. Berriz ere demostratua geratu da polikiroldegiak ez dirala horrelakoak egiteko lekua, hala ere jendea asko eta gustura. Demostratua baita ere Atxaga famosoa dela eta bildu zituen kolaboratzaileak demasekoak zirela. Noiz dugu aukera Itoizen aspaldiko kantu bat entzuteko ba? Eta Ruper kitarra lagun bakar duela kanta zaharrak kantatzen?
Atxagak maisuki jokatu zuen. Emanaldia nola izango zen aurkeztu zuen eta hasi zen gustatzeko guztia duen ahots sendoarekin irakurtzen. Oso ondo irakurtzen du Atxagak. Gainera, ondo irakurtzen du mikrofono aurrean ere, edarto! errepikak egin behar direnean eginez, eta bizkorrago zati batzuetan, xuabe eta pausatuago beste batzuetan, tono aldaketa eginez, baita bazterrera joan eta Fas Fatum kantatuz ere (noski, mikro barik). Ardatza irakurketa izan zen eta beltzetik argira egindakoa gainera. Optimismoarekin amaitutako irakurketa izan zen. Eta bizi garen garaian eskertzen dira horrelakoak ere. Esnezko ibaia ere topatu omen dute Aranzadikoek, gainera...
Motza egin zitzaidan, seinale on!
Grabatu eta banatu beharko lukete. Henry Bengoa, Inventarium gogoratzen? Ba hark lagatako marka utzi dit Oñatiko emanaldiak. Barruan daramadan aztarna.
-----------------------------
Bueno eta orain nere anekdota.
Ruper Bilboko jaietan
Bilboko jaietan ikusi neban azkenengo Ruper. Lehenengo Algarako txosnan txanda bat egin neban eta gero Ruper ikustera jun ginan kuadrillan. Algara, Bilboko Kafe Antzoki inguruko konparsa da eta ni bertako kide naiz. 15 bat konparsakide hurbildu ginan Gugemheim inguru hortan ipini zeban eskenatokira. Ailegatu eta kriston bajoia: kontzertua jarrita zan. Aulkiak zeuden ipinita. Duela ez asko, Bilboko Kafe Antzokian bertan ikusita neukan kontrabajo batekin bakarrik lagunduta ,eta izugarri gozatu neban, baina oraingoan dantza egitia apetezitzen jatan.
Halere, lehenengo filan jarri eta han ibili ginan musika txaloz laguntzen kantuak eskatzen zabanian. Hango txistua eta hango txalo zaparrada kantu bat amaitzen zaban bakoitzian! Eta bero berotan, justu abesti bat bukatu zabanian barru barriutik irten jatan: “Guapeton!!”. Zergatik isildu ziren denak batera nik hori esan nabanian?
Ruper bera ere lotsa lotsa eginda geratu zala uste dot. Kontzertuetan esan ohi dituen espitx horietako bat botatzera zoian eta mutu geratu zan: ”Eh, eee, eskerrikasko! Ez gaude ohituta eta...”
Neri atera zitzaizkidan koloriak baina seguru nago bera ere gorri ipini zala. Fokuekin ez zan igartzen, ordea. En fin! Orduan ere oso ondo pasatu gendun. Gero espitxarekin jarraitxu zeban. Ondo gogoratzen dut zein kantu izan zan hurrengua: azken diskoko “Gauza erabiliak”.
Gauza arruntak, gauza sotilak,
gauza erabiliak maite ditut gehien.
Eta hitzak ere,
baita hitzak ere,
askok esandako horiek.
Eta hitzak ere,
baita hitzak ere,
gutxik esan arren.
Bai bai, ni ere han egon nintzen. Lekutik hasita, Bilboko kontzertua ezin hobeagoa izan zen, pantaila erraldoia eta guztiz. Han ikusi genuen Ruper bere "handitasunean". Pantailatik begiak kendu ezinik ibili ginenak jabetu ginan; Maite entzun eta gero, han ibili zen gixajoa speech moztuta ezin jarraitu, ehhhhh, uhhhh, mmmmmm. Fijo oraindik bere belarrietan piropo honen ohiartzuna entzuten dela.
Ondo pasatu genuen egun hartan be.