Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Etiam / Txiki eguna

Txiki eguna

Maite Rementeria 2004/08/24 00:10

Gauez etortzeko edozein egun da ona baina eguneko parrandak maite dituenarentzat Txiki eguna, abuztuaren 25 (aurten asteazkena), da aproposena.

Goizean goiz jeiki eta bakeroak, kamiseta zuria, eta painelu gorria jantzi. Diana goizeko 8etan izaten da baina 9:30-10:00ak aldera Plazara hurbildu ezkero nahikoa da. Gauez ere ibiltzen diren horietakoa naiz eta ez naiz beti sokamuturra ikustera jaikitzen baina Txiki egunekoa berezia da. Jende mordo bat ibiltzen da. Elgoibarko plazak poste, banko eta izkina asko dauzka eta gustatu egiten jata horietako baten ostian ipini eta zezenaren zai egotia. Postearen alde batera eta bestera mugitu eta zezena hurbilegi ikusten dotenian korrika piskat egin eta adrenalina mordo bat askatzia.

Sokamuturra ostian salda eta txorixoa eta aspaldiko ohiturak jarraitzia gustatzen jakuenak mahatsa erosi merkatu plazan eta haxe jan. Gero, txikiteoa hasten da. Ez dakit noiz hasi zan ohitura hau, baina kontua da, Txiki egunian, edateaz aparte elkarri ardoa botatzen diogula kamiseta zuria erabat rosa geratu arte.

Duela bost bat urte “Loreak Mendian” kamisetak modan jarri zirenean kamiseta hau diseinatu genuen Elgoibarko Izarrak zabaldu zuen Toletxe Kafe Antzokian saltzeko. Kamisetek kriston exitoa euki zeben baina Toletxe Kafe Antzokia itxita dago.

Barrutik eta kanpotik nahikoa buzti ondoren, txarangara. 14:00ak aldera Errosario kalera hurbildu ezkero nahikoa da. Bi ordu egiten ditu txarangak 200 metroko ibilbidea egiteko. Ehundaka pertsona, bata bestearen gainean dantzan, gehi ardoa, gehi izerdia... Itogarri bezain mundiala da. Bero egiten daban egunetan ur baldekadak botatzen dituzte balkoietatik.

Laurak aldera bazkaltzera juten gera. Bazkal ostean, batzuk pelota partiduak ikustera juteko ohitura daukate, mutilak batez ere. Aterpe tabernak, esaterako, (guk beti hor bazkaltzen degu) DJ bat edo taldetxo bat ipintzen dau eta dantza egiten degu 7ak aldera arte. Hortik aurrera ez dago egitaraurik, bakoitzak ahal dabana.

etiketak: beste kontu batzuk
ainhoa
ainhoa dio:
2006/11/22 23:14

Oso polita iruditu zait kamiseta eta....jakin nahiko nuke gaur egun ea al dagon aukerarik kamiseta hori aurkitzeko nunbaiten.erantzun mesedez nire e-postara(eseaitxikpes@hotmail.com edo bestela kontuzniaz@euskalerria.org).kamiseta hori nahi dut aurkitu eta....nondik hasi topatzen ere ez dakit.MESEDEZ ERANTZUN!!!!

Iban
Iban dio:
2004/09/01 18:14

Ez zait ba oso ohitura sanoa iruditzen ardoz bustitze hori... despilfarro demasekoa. Ni egon nintzen hondartza buelta horretako batean Elgoibarren. Fraka motzekin-eta... Trankil ere ez genuen txikitorik edan. Elgoibarko jendea dotore jazten da gero e? Gu baino gazteagoa den jendea oso preparatua joaten da, kolore biziz jantzia, tripazuloa bistan... Joe! Eta gure edadekoak ere halaxe, neska zein mutil.

Toletxe aipatzen duzu, Maite, lerro hauetan. Nik faltan bota nuen gauzetako bat izan da. Ze pena! Edarto jaten zen, musika ere ez zen taberna gehienetan modukoa... Orain beste taberna bat gehiago da, lastima!

Frakatxotan hasi zen pare bat zuritoko arratsaldea goizeko bostetako goiz amaitu zen, baina edarto. Elgoibarren egoten da bai anbientia!

Julen
Julen dio:
2004/08/24 03:00

Aukera paregabea parranda eder bat botatzeko. Izan ere, askotan gaua motz geratzen baita eta goizetik hasita, motz geratzeko aukera hori dexente murriztuta geratzen da :)

XME
XME dio:
2004/08/30 11:46

Nik iaz ezagutu nuen lehenengoz, eta halaxe iruditu zitzaidan benetan: mundiala. Pena, aurten ez dudala etortzerik izan. Hala ere, Elgoibarko lagunak gogoan...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: