Kaperotxipi margolariarekin hasi gerra, eta matoi falangistarekin amaitu
Hona Flores Kaperotxipiri aipua, Jose Angel Urkia Araozko txiolariaren eskutik (ilustrazioa ere txio horretatik hartzen dut, Urkiaren amama Bittori Irazabal baita irudian agertzen dena).
Zioen Urkiak: "Gerra aurreko Elgetan gauzak lasai zeuden, Maurizio Flores Kaperotxipik Bittori Irazabal neskatoa txistulari baten ondoan margotu zuen. Baina orain 85 urte frankistak Debagoienean sartu ziren, eta haiek gorriak ikusi zituzten. Kaperotxipi Elgetan harrapatu zuen gerrak." Eta jarraitu nuen nik: Auto bakanetakoa zuen Flores Kaperotxipik Elgetan, eta gure aita eta aitita-amonen gerrako ihesaldiaren lehen etapa auto hartan izan zen, 1936an, Elgetatik Elorriora.
Gizon on horren laguntzarekin hasi zuten urtebeteko ihesaldia eta errefuxiatu bizitza, eta amaitu zen berriro Elgetan, etxeko bostak onik, gizon gaizto batekin topo eginda. Kontatzea merezi ote du? (erantzun positibo batzuen ondoren)... bueno ba, horra laburpentxo bat, errefuxiatu haien ibilerak.
Jaitsi zirela Flores Kaperotxipiren autoan Elorriora esan dizuet... Bueno, uste dut aitita-amamak jaitsi zirela autoan; haien hiru semeak, Jose, Luis [Jose Luis, gure aira] eta Miguel oinez joan zirelakoan nago.
1936ko uda hartan kokatu ziren Durangon, antolakuntza bat egon zen errefuxiatuak banatzeko han eta hemen... hilabete batzuk kezkaz beteak baina erosoak izango ziren. Pentsatzen dut aititak lan egingo zuela armagintzan (armak ezagutzen zituen, grabadorea zen, damaskinatzailea)
1937ko martxoaren 31n, Bizkaiko batailaren hasiera, Molak gidatutako eraso fronteetan eta bonbardaketen hasiera. Ezkurdi plazan, Durango erdian, hondar eta zuhaitz jausien azpian pasatu zuen ataka gure aitak, zauririk gabe, hementxe.
Aita bezala, gainerako familia ere onik irten zen. Baina Durango utzi zuten, eta Bizkaiko frontean zehar ahal bezala hasi ziren atzeraka. Baserri batean edo bestean babes hartuz (ez beti baserritarren gogo onenarekin, milizianoen eskaera edo lapurretekin ere bizi ziren haiek).
Egun batzuen buruan, Bilbon ziren, 1937ko ekain hasieran bertan zeharz kokatzen ditut ze nire aitak gogo-gogoan zituen Bilboko kaleetan egunkari saltzaileak "Euzkadi Roja con la muerte de Mola! Euzkadi Roja con la muerte de Mola!" oihukatzen, hala saltzen baitziren egunkariak orduan, pelikuletan bezala, mutilkoxkorren eskutik. Euzkadi Roja egunkariaren ale hura ekainaren 4koa izango zen, bezperan hil baitzen Mola. Luis Fernandez Zubimendi nire aitak, eta denek, pentsatu zuten gerra irabazia zegoela kriminal hura istripuz hil ondoren!
1937ko ekainaren 3 hartan hil zen Lemoaitzen beste Luis Fernandez bat, Luis Fernandez Agirre falangista boluntarioa; horixe kontatzen du Alberto Barandiaranen erreportaia liburu gomendagarri berriak: "Gurea falangista zen".
Bilbon zirela, aita eta anaiak apuntatu zituzten ebakuazio untzietarako... Ez zitzaien tokatu eta ni hemen nago hau idazten.
Eta Bilbotik bada, erakunderen batek zuzendu zituen Zaramillora, Gueñesko auzo batera. Etxe bat asignatu zieten eta aititak etxeko jauna saludatu eta eskertu nahi izan zuen. "Ha ido a la Quadra", esan zioten. "Kortara joan bada, laster da bueltan, hemen egongo gara atarian zain". Gauera arte egon ziren zain han, jakin barik La Quadra Gueñesko beste auzo edo herri bat dela...
Zaramillo zirela, herri hura ere bonbardatu zutela gogoan du aitak (baina jada ez zuten bonbek inoiz herri batean harrapatzen, basoan igarotzen zituzten egun argiak). Zaramilloko bonbardaketarik ez da agertzen Gogora Institutuaren mapa honetan, baina bai Gueñesko lau kasu, lau egun. Horietako batean Zaramillotik pasatu ziren, seguru.
Eta gero, bada, akabo gerra. Nazionalek hartu zuten Kadagua harana eta horixe izan zen. Nazionalen soldaduen kamioi batean ere egin zuten bueltako bidearen partea Bizkaian zehar familiak. Txakur bat itsatsi zitzaien kamioira igotzeko unean, hura ere familiakoa bihurtu zen.
lgetara iritsi 1937ko udan, eta alkate berria zegoen. Eskuindar katolikoren bat izango zen, baina gizon ona, nik uste, herritarrentzako oker gehiagorik nahi ez zuena, nahikoa sufrimendu izan zen Elgetan (Anttoni Telleriaren kontakizuna, kasu).
Etxea bonbek suntsitua aurkitu zuen familiak, baina alkateak beste bat eskaini zien. Ez zen jakina jabetza-opari bat, izango ziren gela probisional batzuk, edo alokairu aukera bat... Baina etxe hartan kokatzera joan zirenean, Bergarako falangista talde bat agertu zen. Falangista haien burua, matoi bat. Gure aitita errepublikonoarekin topo egin zuen.
—Nora hoia hi?
—Alkatiak eskaini jeskuk etxe bat eta...
—Alkatiak etxok hemen agintzen, hemen geuk agintzen juau oin, hoia hemendik!
Eta beste "exilio" moduko bat, akabo Elgeta familia harentzat. Senide batzuekin bizitzen jarri ziren lehenengo Antzuolan, eta gero Eibarrera aldatu ziren.