Nire argazki erakusketari buruzko elkarrizketa Noticias de Gipuzkoa egunkarian
Jose Luis Irigoien Argazkilaria gipuzkoa
"Eibarko Klub Deportiboan lehiaketetan aritzeko oso maila altuko dozena bat argazkilari badaude behintzat"
Jose Luis Irigoien 67 urteko argazkilari ezagunak bere ibilbide oparoan egindako lana jasotzen duen '50 urte argazkilaritzan eta gero hau!' izeneko erakusketa antologikoa antolatu du. Urriaren 13ra arte egongo da ikusgai Eibarko Portalea kultur etxeko areto nagusian.
Jabi Leon, Sábado 28 de Setiembre de 2013
Eibar. Bilbon jaio, Santurtzin koskortu eta 1982 urtetik Eibarren bizi den Jose Luis Irigoienek Gipuzkoar eta argazkizale guztiak animatu nahi ditu bere azken erakusketa ikustera gerturatzeko (datorren astelehenetik aurrera egunero egongo da irekita, asteburuak barne, 18.30etik 20.30era bitartean). Bertan ikusten dena hobeto ulertzeko, bisita gidatuak izango dira astelehen eta asteazkenetan, 19.30ean hasita eta egilearen eskutik. Irigoienek ez dauka sekreturik eta argazkiren bat nola lortu duen galdetzen diotenean "azalpen guztiak" ematen dituela aitortzen du; "eta oso gustora gainera".
Zer ikus daiteke '50 urte argazkilaritzan eta gero hau!' izeneko erakusketa antologikoan?
Nire lan osoa. Alde batetik, paretetan zintzilikatutako 144 argazki ikus daitezke. Bestetik, karpeta desberdinetan gordetako beste 400 irudi daude eta erakusketa osatzeko mota guztietako 3.813 argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoa dago. Erakusketa era kronologikoan antolatuta dago, 1962 eta 2012 urte bitartean ateratako argazkiekin. Horien artean gai guztietako irudiak daude: paisaiak, bidaietan ateratako argazkiak, estudioan egindakoak, biluziak, erretratuak, jendea... denetarik ikus daiteke.
Noiz eta nola hasi zinen argazkilaritzan?
17 urte nituela hasi nintzen mundu honetan, Santurtzin. Bertako koadrilan une oro gauza desberdinen inguruan ikertzen aritzen zen lagun bat zegoen eta momentu batean argazkilaritzarekin hasi zen. Beste lagun batzuk berarekin batera hasi ginen irudietarako efektuak lortu nahian eta nik jarraitu nuen.
Garai hartan ez zen zaletu askorik izango, ezta?
Zaletu gutxi egoteaz aparte, ez zegoen produktu, teknika eta prozesuei buruzko inolako idatzirik erderaz argitaratuta. Horregatik, ingelesez aurkitzen genituen instrukzioak erderatzen aritzen ginen gure kabuz, ikasi ahal izateko.
Materiala lortzea ere ez zen batere erraza izango...
Batez ere guretzat, dirurik ez genuelako. Pentsaizu, lehen anpliadora (handigailua) guk egin genuela; bonbila Cola-Cao pote batean sartuta zegoela. Gero diapositibak errebelatzen hasi ginen...
Zer nolako teknikak erabili dituzu argazkiak ateratzeko zure ibilbidean?
"Dirurik ez genuenez, lehen anpliadora lagun artean egin genuen; bonbila Cola-Cao pote batean sartuta zegoela"
Uste dut teknika guztiak erabili ditudala. Zuri beltzeko argazki tradizionalekin hasi nintzen eta horren ondoren egun desagertuta dauden Colobir edo Cibacrom bezalako teknikak erabili nituen; modifikatutako Polaroid pelikulekin ere aritu nintzen, argazkiak margotzeko akuarela likidoa edo anilina bezalako produktuak erabiltzen nituen... Gero arlo digitalera pasa nintzen baina, hala ere, oraindik batzutan kamara analogikoa erabiltzen jarraitzen dut.
Kamara analogikoa edo digitalaren aldekoa zara?
Orain kamara digitala erabiltzen dut gehien bat baina gauza batzuetarako analogikoa hartzen dut emaitza askoz hobeak ematen dituelako. Kamara digitalarekin gauza batzuk ezin dira egin; edo nik ez dut oraindik lortu, behintzat. Zerbait aipa- tzearren, ezinezkoa egiten zait kamara analogikoarekin lortzen den granoa makina digitalarekin ateratzea. Efektu hori asko gustatzen zait eta kamara digitalarekin antzeko zerbait lortzen bada ere, ez da berdina.
Erakusketan ikusten denez, bildumak egitearen aldekoa zara, ezta?
Bai; gai batekin hasten banaiz ez dut amaitu arte lagatzen. Bilduma batzuk igual 20 bat argazkiekin osatutzat ematen ditut eta beste ba- tzuk, berriz, 150 argazkiekin. Gaiak harrapatzen banau irudiak atera- tzen jarraitzen dut; agortuta dagoela ikusi arte.
Nola ikusten duzu argazkilaritzari buruzko zaletasuna, orokorrean?
Afizio honetan bi motako zaletuak daude. Alde batetik, argazkilaritza era artistiko edo kreatibo batean praktikatzen dutenak daude eta bestetik, argazkiak une konkretu baten oroimenak izateko kamara erabiltzen dutenak. Bi aldeak oso ondo daude baina oso desberdinak dira.
Eta Eibarren?
Klub Deportibo Eibarren barruan erakusketak antolatzeko eta lehiaketetan parte hartzeko oso maila altuko dozena bat argazkilari badaude behintzat. Deporrek hiru erakusketa antolatzen ditu hilero Portaleako tabernan, Ambigu kafetegian eta Deporreko egoitzan eta Estatu osoko argazkilariak etortzen dira beren lanak erakustera. Gainera Deporretik antolatzen ditugun mota desberdineko ikastaroek arrakasta handia izaten dute.
Zerbait gehiago esateko?
Erakusketa antologikoari buruzko liburutxo bat argitaratu dudala. Nahi duenak erosteko aukera dauka eta, ere berean, blurb.es web gunean ikus daiteke; erakusketaren izenburua ipinita.
Jabi Leon
bertan