Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga; eta El Paiseko kritika
trebi
2009/02/06 00:45
. Liburuaren eta kritikaren kritika: barrikadetara! Gora Euskadi askatuta! Arriba España!
Azken aldian Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea leitzen egon naiz. Denbora behar da, 475 orrialde ditu eta, baina denbora laburra da gustoko jardueretan.
Hasi eta gutxira harrituta nengoen, hori ez zen nik ezagutzen nuen Atxaga, hasieratik politikoki nahiko nabarmena zen, antifrankista, XX. mendearen bigarren erdiaren historiaz guk gehixenok izan dezakegun ikuspegi bertsua zeukan, baina Espainian -eta Atxagak merkatu horretan nahiko erosle omen dauka- erdiak edo gustoko izango ez zuena. Alde horretatik Atxaga benetan ausarta izan da, ez da berdina merkatu horretan ezer saltzen ez duenak horretan inplikatzea, edo horrelako gauzak kontatuz patrikan mina izango duenak bere egi hori kontatzea.
Ez dugu Atxaga deskubriduko, nobela ondo dago, oso ondo, eta gero eta aurrera egin hobeto. Baina balore literarioz gain ikuspegi ideologikoa ere oso inportantea da halako lan batean. Irakurlea kritikoa bada "frankismoaren" izenaren azpian gordetzen den guztiarekin errezago gustora leitzea, baina irakurlea frankismo horren hur badago -ez dagoela? Ja!- hasieratik amorrua sentiduko du idazle eta obra horren kontra.
Nik ez nuen liburu hori erosi, erregalau egin zidaten (seguruenean zer zen jakin gabe, "Atxagaren lan bat") eta arasean izan dut harik eta egun batean aurreko eleberria bukatu eta zer hartuko nuen garbi izan ez nuen arte. Koiu nuenean ez nuen gogoratzen El Paisen bere kontra botatako artikulu-misila [http://tinyurl.com/dlsvtq], baina irakurtzen hasi eta nobelaren gaia zein zen ikusi orduko akordatu nintzen egunkari horretan jaurtikitako "kritika" horrekin. Eta biak ikusita, liburua eta kritika, dena logiko iruditu zait. Esana dut, frankismoren mundutik gertu daudenak, normala eskumikazioka hastea, normala mezulariaren kontra gaitz guztiak botatzea, normala gorrotoz idaztea eta ahalik eta min gehiena egiten ahalegintzea. Lerroalde bat jaso gura dut, hori da eta kritikalariaren diskurtsoaren ernamuina:
"[A] La beatitud y el maniqueísmo de sus planteamientos hace inservible El hijo del acordeonista como testimonio de la realidad vasca. [B] A este respecto, la novela sólo vale como documento acrítico de la inopia y de la bobería -de la atrofia moral, en definitiva- que no han dejado de consentir y de amparar, hoy lo mismo que ayer, de forma más o menos melindrosa, el desarrollo del terrorismo vasco."
Hau da, [A]: "kontatzen duen historia ez da egia", bai, frankisten historia ez da, eta ez da ere ez gaur egun Espainian Euskal Herriaz kontatzen den historia ofiziala, ikuspegi horretatik zeharo antiegokia da; eta [B]: Aznarrek, Mayor Orejak, Savaterrek, Garzonek eta diotena errepikatuta, dena da e.t.a. edo e.t.a.ren laguna, jakina, Atxaga ere bai. Zertarako diskutiduko dugu.
Kritikariaren asmoa Atxaga izorratzea zen, dudarik ez dago, baina azkenean mesede bat egin dio, nobelari beste kapitulu bat erantsi dio eta. Halako gorroto biziak ez dira ba Atxagak kontatzen dituen hilketa, lapurreten eta etsaigoen beste erakusketa bat? Atxagak ba omen dauka bere bando partikularra, kritikariak ere badauka berea. Tangoak zioen, 70 urte ez da ezer, eta gerra "zibilatik" ona igual kontuak ez dira hainbeste aldatu.
Nik oso gustora leitu dut nobela hori, gauza askorengatik, eta, irakurtzea pentsatzen ez nuenez, batez ere, edo dena, pentsatzen ez nituen gauzengatik.