Pirritx, Porrotx eta Marimotots Mendizorrotzan
Larunbat honetarako Pirritx, Porrotx eta Marimotots datoz euren ikuskizun berriagaz: Irrien lagunak. Gure txikia (5 urte) deseatzen dago joateko, nagusiak berriz (8 urte) handitzat ikusten du bere burua eta ez du joan nahi, hori “ñañarruentzako” da eta. Amak bi sarrera erosi ditu bat txikiarentzako eta bestea guraso batentzako, beste gurasoa nagusiarekin geratu beharko da. Neri eskatu dit neu joan nadin. Baiiii! Gura dooot!
Ekitaldi bi ematen zituzten egun horretan, bat arratsaldeko bostetan eta bestea zazpiretan, gurea azkena da. Joan orduko banekien aparkatzeko ez zela erraza izango, eta gainera nahiago dut autobuses joateko. Garaiz abiatu eta garaiz ailegatu, hamabost minutu lehenaga heldu gara. Lasai asko sartu gara, lasaiegi, lehenengo inpresioa da bete-bete eginda dagoela, ez dirudi erreza guretzako toki ganorazko bat topatzea. Aurkitu dugu bat. Goian gaude, eta hor behean arduradunak –badira batzuk- umeak ondo jartzen jarduten dute.
Oraindik ez da hasi. Jendea hara eta hona doa bere tokia bilatzen, eseritzen da, ikuskizunaren azken ikutuak doitzen dira, umeak beren tokian jartzen dira. Prestatzen gara.
Hasi da! Hasi da! Oraindik ume guztiak beren tokian daude, dena ordenatuta, pailasoek dantzan eta kantetan energia gastu itzela egiten dute, begibistakoa da, baina badirudi ez dutela nahi neska-mutilak beraien tokietatik gehiegi mugitu daitezen, eta logikoa, momentu baten behera jaitsi direnean ehundaka ume mugitu dira batera. Bai, neri ere arriskutsua eta dena begitandu zait.
Gurasoak ondo pasatzen dugu, geuk ere ikusten dugu espektakulua lanuda dela, baina, jakina, gehienbat umeek pasatzen dute ondo.
Aurrera goaz, umeak honezkero jaiki dira eta oholtzara urreratu, aurrez aurre dira. Rock kontzertuetan legez pailasoen laguntzaileak “izarren” eta ikusleen artean jarri dira –fijatu zaitezte- denak bereiztuta mantendu daitezen.
Bukatu dugu, azken traka eta agurra: “Bihotza, burua, eskua! Sentitu, pentsatu, ekin!” Eta gero musuak eta etorriko dira, eta denak poliki-poliki mugitu gaitezela.
Ba al dago gaur egun euskal ikuskizun bat hainbeste zale erakartzen duenik? Ez dut uste, eta baietzean bazaudete, esaidazue. Fenomeno batzuk dira, berbaren zentzu guztietan.