Kez egindako erretratua / Bill S. Sallinger
Kez egindako erretratua / Bill S. Sallinger-ek idatzia, Joxemari Iturraldek euskaratua. – 2. edizioa. – Igela argitaletxeak aterata 1996an. – Sail Beltza.
Euskaraz sortutako eleberri beltzekin hasita euskarara ingelesetik itzulitako liburuetara pasatu naiz. Jeneroaren jatorria ameriketan dago, haiexek dira aitak (tartean “ama”ren bat ere badela) eta seme-alabak mundu guztian zehar laga dituzte. Igela argitaletxeak Sail Beltza plazaratuta dauka, dozena bat inguru titulurekin eta bertan gehienbat klasiko amerikarrak daude. Sail honi esker irakurri ahal izan ditut hiru edo lau titulu gogoangarri horiek sortutakoak.
Gaurko “Kez egindako erretratua”k berezitasun bat badauka. Nobela egileak gehienbat gizonezkoak dira eta protagonistek horrekin bat egiten dute, mutilak dira nagusi. “Kez ...” honetan berriz gure antiheroea neska bat da eta bere bizi ibilbidea kontatzen zaigu. Kontaketan bi zati egiten dira, bata neskarena, eta bestea neskaren arrastoan dabilen mutilarena. Bukaerarako kapituluetan baino ez dute bat egingo euren lerroek.
Literatura plazerra izan behar du eta honekin halaxe izan dut. Gauean irakurtzen ditut hauek gehienbat eta nobela honekin deseatzen nengoen ordu hori ailegatzeko hurrengo kapituluen berri jakiteko, beharbada aurreko beste eleberri batzuekin baino gehiago.
Kontaketaren haria sinplea da, erdi asmatu liteke gerokoak nondik joko duen, baina beti tira egiten zidan, “dirudiena gertatuko da?, eta orain zer?”. Gomendagarria.