Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Araba maite / Gasteizko seminarioa

Gasteizko seminarioa

trebi 2010/02/28 23:15
Gasteizko seminarioa, bertan, besteak beste, UNEDa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta abadegaien ikastetxea dagoela.

 

          2009ko gabonak inguruan, tartean elurra zela, bisita bat egin genion Gasteizko seminarioari. Bada beste bat alde zaharrean, “seminario zaharra” deritzena, baina hau berau, Mexiko eta Tomas Zumarragakoa Doatsuaren kaleen artean dagoena, handiena eta beharbada ezagunena da. Demaseko historia dauka, bere garairik loriatsuena baliteke XX. mendearen lehen erdia izatea. Orduan abadegaiak mordo-mordoa ziren, ehundaka batzuk, milaka izatera ez baziren heltzen.

         Eraikina demaseko neurria dauka, bai zabaleran, 150 metro inguru, bai luzeran, beste horrenbeste. Ez da pentsatu behar dena dela karratu bat denikan, ez, barruan baditu hiru patio, bere forma, gutxi gora behera, lau haginetako sarda batena da eta.

         Horrez gain, inguruan dituen zelaiak kontutan izan behar dira. Zabalgune horretan bada gaur egun: a) ekialdean, UNEDaren alderdian, frontoi bat, zelai zabal bat (batzutan arku jaurtiketa egiteko darabilena), aparkaleku bat eta gaur egun atzeratuentzako zerbitzua ematen duen prefabrikatu itxurako etxetxo bat, hori ere erakunde publiko batek darabilena; eta b) hegoaldean golferako tarte bat (enpresa batek hartutako zatia, ez da golf zelai bat, aterpe batetik, toki fijo horretatik bolak botatzeko tokia baino, aterpetik landa zabal-zabal bat pelotatxoek gura beste hegan egiteko.

         Hasteko, bideo honetan fatxada nagusia ikusi ahal izango duzue:

 

           Etxea hain handia izanda erabiltzeko orduan hiru zati egin dute gaur egun.

          A.- Mexiko kaletik sartuz gero (sarrera librea da), hegoaldeko partera sartuko zarete, aparkalekua dagoen tokira. UNEDek alkilatu du zati hori eta bere jarduera akademikoetarako darabil. Nahiko berritua da barrutik eta beharbada gaur egun gehien erabiltzen den alderdia da.

2.SEMINARIOA-EZKERREKO HEGALA, UNED-EKOA

 

         B.- Etxearen erabilera-alderdien arteko belargune barruko komunikazioa hesi batzuek eteten dute gaur egun. Kotxez ezin da barrutik pasa, eta oinez neu ere ezetzean nago. Alderdi nobleenera sartzeko lehenengo urten eta berriro Tomas Zumarragakoa Doatsuaren kaletik sartu behark. Hor fatxada izango duzue, elizak bere zereginetarako gorde duena. Atean kontserje bat dago eta inora joan nahi baduzu berak jakin eragingo dizu nondik jo. Hortik sartuta, besteak beste bibliotekara joan zaitezkete (hirugarren pisuan?). Bertako liburuzainak erakutsi zidan, jende guztiarentzako dago zabalik, guzti-guztientzako, eta batez ere garai bateko liburuetan da itzel aberatsa, ez hainbeste gaur egungoetan. Erabiltzaile hutsa dena harrera gela apal bat besterik ez du ikusi eta ezagutuko. Biblioteka horren fondoak ikusita begi bistakoa da sasoi batean esaten zena, huraxe zela pobreen unibertsitatea, eta nik gehiago esango nuke: unibertsitate ona. Gasteizko intelektualitatea, Arabakoa, eta Euskal Herriko zati batena, hor zegoen, zalantza barik.

3.SEMINARIOA-FATXADA NAGUSIA BERE EZKERRETIK

 

            Elizak berak darabilen zati horren egoera ez ei da lar ona, berritze lan handiak behar omen ditu, teilatua berritu (fotografiak egin eta aste batzutara hor ikusi nuen garabi bat horretan), barruko gelak konpondu... Egia da ere bai, bertan toki pila, baina pila, hutsik dutela, egoera eskasean, horrekin zer egin ez dakitela. Zer izan diren eta zenbat bajatu diren.

4.SEMINARIOA-FATXADA NAGUSIA

 

 Gaur egun badarabiltzate seminario legez, abadegai berriak prestatzen. Asko ez dira eta hauentzat, normala den moduan, ondo atonduta dute. Talde txikia dira eta bere edadeko ikasle jendearengandik pixkat aparte gelditu dira, euren ikastetxea bestelako unibertsitatioengandik fisikoki bereizita gelditu delako. Niretako historikoa, baina historikoa, da elizak azkenengo 50 urteetan izan duen beherakada. Bi mila edo mila bostehun edo mila urtetan ez dute horrelako krisirik izan, eta badirudi elizaren agintariak ez direla kontziente, nahiz eta eurak, seguru, halaxe uste.

5.SEMINARIOA-FATXADA NAGUSIA BERE ESKUMATIK

 

            C.- Azkenean etxearen eskumako aldea frontisatik begiratuta Eusko Jaurlaritzak alkilatuta dauka Herri Kontuen Euskal Epaitegitegiaren zereginetarako, Tribunal Vasco de Cuentas Públicas horrentzat. Honek ere sarrera bereizia dauka, Tomas Zumarraga Doatsuaren kaletik, aurreko atalerako bezalaxe, baina hau hogei bat metro gehiago urrunduz. Sartzeko hemen kotxeek nolabaiteko baimena behar dute, sarrera langa altzagarri batekin zainduta dago eta, ostean oinez ez dago batere arazorik aurrera egiteko. Egona nintzen lehenago, paseatzen, eta igarri da bai PSOE-PP gobernuaren aldaketa, normaltasun ikur moduan Espainiako bandera (toki nagusian nola ez) eta ikurrina eta Europakoa jarri dute eta.

6.SEMINARIOA-ESKUMAKO HEGALA, EUSKO JAURLARITZAK ALOKATUA- ESPAINOLISMOA

 

            Zalantzan nengoen, nik pentsatzen nuen etxe guztia elizarena zela eta halako zatiak alkilatuta eta bakarrik alkilatuta zeudela, baina bandera horiek ipinita neure buruari galdetu nion: “ba beharbada E.J.ak erosita dauka”. Baina ez, seminarioan barruan beharrean dabilen batek halaxe baieztatu zidan, ezetz, bakarrik alkilatuta, salduta ez dago ezer. Eta horretara, elizaren eraikin batean, alkilatuta izanda ere, halako banderak jartzea, edo beste edozein esango nuke nik, zer da? Kristo bati pistola batzuk jartzea legez? Onargarriagoa litzateke Kristo hori jabe pribatu batena balitz? Hori bultzatu eta egin egin dutenek onartuko lukete elizaren eraikin batean ikurrin bat jarriko balitz? Eliz katolikoak berak ontzat emango luke? Espainiako komunikabideek ez lukete sekulakoa montatuko? “Normala” zer den norberaren gustoaren eta interesen arabera doa? Edo segun eta zeinek zer egiten duen orduan Amen esan behar? 

7.SEMINARIOA-JESUKRISTO PISTOLEKIN-DSCN4214

 

etiketak: Seminarioa, Gasteiz
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

 

    Blog hau gai batzuen inguruan egiten da, egilea bera, berez, ez da eta batere interesante. Arlo bi jorratuko ditugu gehienbat:

1. famili artean Araban egin daitezkeen txangoak, eta

 2. liburu kritikak.

 Horrez gain, batek daki, idatzi ixilik ez egoteagatik, harrokeria.