Gasteizko jaiak 3: arratsalde-gau bat (umeekin)
Arratsalde honeta ez gara Prado parkera joango. Hainbeste-hainbeste! eta, beste barik, kalerik kale ibiliko gara.
Urten eta blusen zezenetatiko etorrerarekin egin dugu topo. Blusak zezenetara doaz eta zezenetatik datoz, baina horrek ez du esan nahi tartean zezenetan daudenik, batzuk bai eta beste batzuk ez, baina joan ez arren joan-etorreraren paseo musikatu girotuan... hortxe bai, hor bai apuntatzen dira. Ikusleok berdin.
Festetan kaletan ibiltzeak berez nahiko zerikusi ematen du, jendea bera ere bada nahiko espektakulu, baina horrez gain badira hor dohan, bakoitzak gura dituen txanponen truke, guztien aurrean egiten diren ikuskizunak, eta, bai, gizaseme pila erakartzen dute. Gero bakoitzak baloratuko du eskainitakoak eskertzea, diruz eskertzea, merezi duen eta zein neurritan.
Honek, esate baterako, merezi zuen:
Iluntzean, gorputzak beste lasaitasun bat hartzen du, dena diferente ikusten da. Betiko tokiak bestelakoak ematen dute, eta hotz-beroa egunekoa baino gozoagoa izan daiteke, aproposagoa paseatzeko.
Hamaika eta erdietan, zezensuzkoak. Puff! umeentzako badira erakargarritasun bi: bolanderak, txapliguak, suzko erroberak, suziriak, su artifizialak -deitu itzazue nahi duzuen moduan- eta zezensuzkoak.
Txapliguekin ez dute lortu konponbide onik, ez dute asmatu toki on bat lortzen bota eta jendeak toki askotatik ikusi ahal izatea. Botatzen diren ingurura hurreratu behar zara, bestela ez da erraza Gasteizen toki bat izatea txukun ikusteko moduan.
Susko zezenak berriz, eeeneee! hauek bai erakartzen dutela umeteria! Gure nagusitxuarentzako (8 urte) aurtengo 2009ean huraxe zen lagunekin elkartzeko punturik nagusiena. Huraxe ezin zen galdu! Besteak tira, baina hori? Egunero-egunero hantxe egon behar, gaueko hamaika eta erditan hasten badira, gutxienez hamabost minutu lehenago, ez gintezen hasita eta gero heldu. Txikitatik erakusten diegu
-aiuntamentuak lagunduta edo behartuta- gure txikiei gauez ibiltzen. Aitatxu kaskar honek ere ez du txarto ikusten. Edo ez genien utzi behar?
Adi! zezensuzkoen txinpartek benetan erretzen dute, hurreratu gura baduzue -jolasa horretan datza, hurbildu eta zezena ikutu suei muzin eginez- hobe txapel, txano eta erropa zaharra eroatea. Badaezpada, ez da tontakeria, horrelaxe hondatu genuen guk kamiseta bat.
Zezensuzkoak bukatuta (00:30) musika kontzertu onak egon litezke. Berez zezensuzkoak hasi eta orduantxe abiatzen dira (00:00) baina gure kimuei ez diete asko ardura, oraingoz behintzat, eta gurasoek badakite zein den beren eginbeharra: zezensuzkoak bukatuta etxera, lotara!, nahiko parranda izan dugu. Hori kontzertu hori ona zen, ikusiko genukeen, baina ala! denok ilaran etxera. Beste egun bat
izango da!
Aupa Imanol!! Hurrengo batean, ea hortik ikusten duzun Ustekabe, hor egongo naiz ni saxofoiari jotafuego, eta horrela zu agurtzen segundu batzuk eskakeatuko naiz putz egin gabe!