Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Belostikale

gabiria 2005/03/23 08:20

Oraindik egun argia zen, baina, hala ere, gora begiratu behar izan nuen, derrigor, beste edozeinek egingo zukeen moduan. Egun argia, baina eguna argia galtzen hasten denekoa edo, alderantziz, argia eguna galtzen hasten denekoa. Argi mota hori zen, lurrera begiratu behar duzunekoa txakur-kakaren bat ez zapaltzeko, eta Kebabetako jabeek pertsianak igotzen dituztenekoa, katuak agertzen direnekoa kale bazterretatik.

Belostikale. Erdi-erdian dauden kaleek suertea izan dezakete, eta gune bihurtu. Edo Belostikale bat izan daitezke, eta erdi-erdian geratu, ez erabateko kale komertziala izanda, ez, are gutxiago, gaztetxoen parranda gunea izanda. Belostikalek ezin zaitu arrazoi sendo batekin erakarri. Belostikalen bizi daiteke zure neskalaguna, eta zu enteratu ez (kalearen izenaz, ez neskalagunaz). Belostikaletik pasatzen bazara, izango da istripuz, despistez, galduta zaudelako edo pertsona bitxia zarelako. Baina horregatik gustatzen zait kale hau, besteek ez duten lasaitasuna duelako eta, bat-batean, lagun batek isilpean esan diezazukeelako zure neskalaguna bertan bizi dela. Zazpi Kaleek horrelako sorpresak ematen dituzte. Zer esanik ez neskalagunek.

Belostikalen ikusi nuen neskato bat negarrez, mozorro-denda baten kanpoaldean, eskaparatearen ondoan. Gora begiratzen zuen, ikusten zuen sorginaren mozorroa, eta negarrez hasten zen, eta inor ere ez zeukan ondoan. Txakur bat baino ez, hanka lamizkatzen hasi zitzaiona eta txiza egin zuena gero, hurrengo portalean.

Eta, batez ere, gauza bat entzun nuen Belostikalen. Emakume bat bi umerekin: mutila eta neskatila. Zarataka joan ziren, baina, holako batean, neskatilak esan zuen: "ama, ilargia gura dot". Liburu batean idatzita ikusi izan banu, gozokeria sinpletzat joko nukeen, baina entzun egin nuen, kalean, bizi-bizi, erreal. Gero neskatilari begiratu nion, eta berriro esan zuen, gorantz seinalatzen zuen bitartean: "gura dot ilargia". Bere atzamarrari jarraituz, nik ere gorantz begiratu nuen: farola borobil bat zen, orduantxe piztu zutena, katuak agertzen diren ordu horretan.

etiketak: Bertan Bilbo
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/24 00:45

Nik neuk sorpresa bat emon neutsan neskalagunari Belostikalen (holan, ganera, hiru berebekin esaldia osatu dot). Berton eskatu baineutsan neskalagunari ezkontzeko, lehenagoko garaietan legez ia-ia. Arriola tabernan izan da, eta orain dala ez asko.

Belostikalen, ganera, ohiko bideo-kluba badeukogu. Oso pelikula onak dituzte. Lastima gero eta gitxiago gelditzen dala VHS-n eta dendakoak apur bat xoxoak direla...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.