Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Lehenengoz mikrofonoaren aurrean

Lehenengoz mikrofonoaren aurrean

gabiria 2005/03/22 08:25

Aurrekoan, institutu batean, engainuaz aritu ginen. "Connemara gure bihotzetan" liburua dela eta, institutuetan beti planteatzen dut joko hori, eta batzuetan saltsa sortzen da. Aurreko hartan ere eztabaida piztu zen, eta 15-16 urteko gaztetxoak suelto-suelto hasi ziren barkatzeaz eta ahazteaz. Batek esan zuen "barkatu daiteke, baina ahaztu ez", eta beste kontzeptu bi horiek irten ziren mahai gainera. Traizionatu, barkatu, ahaztu... berba potoloak.

Atzo bertan, irratian, albistea entzun nuen. Gerran frankistek fusilatutakoen seme-alabak ziren hizketan ari zirenak. Euretako batek esan zuen sekula ez zuela gorrotorik sentitu, bere ama hil zuten arren: "sekula ez dut gorroto izan". Berriz ere, berba potolo bat, gorrotoa. Maitasuna, gorrotoa, barkamena, ahaztura, oroimena. Hori esan zuen, gorrotorik ezetz.

Gero, irratirako luzeegi geratu zen segundu baten ostean, esan zuen: "hori bai: ez dut ahaztu, eta barkatu ere ez dut egin. Ze, barkatzeko, norbaitek barkamena eskatu behar dizu, eta niri inork ez dit barkamenik eskatu".

Hotzikara sentitu nuen sorbaldan. Ahoa bete dezakegu berba potoloz, eta inoiz engainatuak izan gabe hitz egin dezakegu engainuaz, edo heriotzaz hitz egin dezakegu inoiz heriotza gertu sentitu barik, edo errealitatea telebistatik baino ezagutzen ez duenak bizitzari buruzko lezioak eman ditzake. Beharbada lar ohituta gaude lau haizeetara hitz egiten, baina badago jendea behin egiten duena berba, behin jarri diotelako mikrofonoa aurrean, eta behin horretan munduko egiarik handiena esaten duena, egia bizi izan duelako, jakin duelako zer den gorrotoa, zer den gogoratzea eta zer den ez barkatzea. Horrelako sinplea da bizitza, horrelako konplikatua. Agertzen da gizon bat irratian eta zeure lekuan jartzen zaitu: kostatuko zaigu gutako askori horrelako egia bat esatea, hamar blog eta hogei mikrofono izan arren gure eskuetan. Niri, behintzat, kostatuko zait, aitortzen dut.

Bitartean, jarraituko dut literaturari buruzko hitzaldiak ematen institutuetan, ez naizelako gai barkamenari buruzko hausnarketa txikirik egiteko lagun artean.

etiketak: Lurrekoak
Josu
Josu dio:
2005/03/22 14:00

Egi handia esan dozu, bete-betean asmatu.

Artikulu akojonantea Julenziano!

Zuk idatzia emoten dau.

satortzulo
satortzulo dio:
2005/03/22 16:42

bikaina benetan julen,

hori bai proposamen bat egitera ausartuko nauk zergatik ez "lurrekoak" beharrean, "muturrekoak" edo "belarrondokoak", halakoxeak jasotzen baitik nire kontzientziatzo trixte honek sail honetakoak irakurtzean

biba hi!

Patxi
Patxi dio:
2005/03/22 11:07

Aurreko mezuari erantzun, azken hau irakurri gabe, eta horra!

Nik zerbait miresten badet norbaitengan, hori umiltasuna da. Begiak zabalik eukitzea, bestearen tokian jartzea. Ez dago inor egiatik gertuago, jende klase hori baino.

Y no miro a nadie!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.