Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Dendarikale (eta III)

Dendarikale (eta III)

gabiria 2005/03/16 08:08

Dendarikalek badu beste ezaugarri nabarmen bat ere, deigarria lehenengoz ikusten duenarentzat eta, aldiz, egunerokotasunaren ohituragatik edo, bilbotar gehienek apenas erreparatzen diotena. Laino artean gogoratzen dut txikitan harriduraz begiratzen niola, baina ez dakit zergatik, ze, berez, ume bat ez litzateke harritu behar katedral baten horman dendak egoteaz: umeak, umearen definizioz, ezin du jakin munduan katedral gutxi egongo direla horma batean sartuta estankoak eta bitxitegiak dituztenak. Ume hura ere, jakina, ez zen harritzen Santiago katedralak ez duelako betetzen Jesusek tenpluko merkatariei esan ziena, ospa egiteko handik eta kontu horiek. Ezin harritu ezagutzen ez denaz, eta, beraz, ezin dut ondo ulertu zergatik begiratzen nien modu horretan lauzpabost denda haiei. Beharbada, eta hori da litekeena, ume baten neurrikoak zirelako. Zazpi Kaleak hiri erraldoia ziren niretzat, gorantz begiratu eta zeru gris zatitxoak baino ez zituena ikusten uzten. Pentsatzen dut harritzeko modukoa izango zela nire tamainako denda haien paretik pasatzea, egurrez egindakoak eta lehengo kartelak zituztenak.

Oraindik ere bitxia egiten zait denda horiena. Umetan ez bezala, nire oraingo harriduraren arrazoia da dendatxo horiek katedralaren atzeko horman sartuta daudela. Ba ote da holako beste kasurik Europako katedraletan? Ez dakit, baina Elizarekin konfiantza handirik ez duen honentzat, ia-ia miraria da estankoa, izozki-denda, bitxi-denda bi eta erloju-denda bat egotea katedral batean, gustuko miraria. Ukitua ematen dio elizari.

Gaur estankoan sartu naiz txikleak erostera. Dendan denbora luzeagoa ematearren, barrualdea hobeto ikusteko, klorofila ala sandia aukeratu ezinik egotearen plantak egin ditut. Atso bat sartu da laster, presaz: "es para hoy...", xuxurlatu du deabru zaharrak, baina mendafinezko txikleei begira jarri naiz. Gaur arte, sekula ez naiz denda horietako batean sartu. Nire neurrikoak dira. "Que no llego a misa, hijo...", esan du atsoak. Mailukizkoei begira jarri naiz, presarik gabe.

etiketak: Bertan Bilbo
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/22 22:59

Dendarikalen, orain dala urte batzuk arte, Bilbon oso ezaguna zan gozotegia egon da, "Confitería Santiaguito" hain zuzen be, malbabisko gozoki famatuak egiten zituztenak. Eta Santiaguito-rena, izen antzekoa (baina ttipitzaile barik) deukon ondoko katedralagaitik, ziur aski.

Kontua da orain dala urte batzuk Solokoetxen bizi nazela, katedraletik ez oso urrun. Eta, kasualitatez, neure telefono zenbakia gozotegi ezagun horren bera dala, ber-bera. Hasikeran gehiagotan gertatzen zan, orain ia sekula ez jadanik. Bai, eguneko edozein ordutan gozoki edo pastelen eskariak egiteko prest egoan jentea etxera egon da deika, lantzean-behin.

Faltan nabaritzen dot "Confitería Santiaguito?" hori. Bai, horixe. Imajinatu koartel baten zenbakia edo sex-shop batena edukitzea. Askoz be hobeto horrela.

Patxi
Patxi dio:
2005/03/18 03:23

Nik erdi-arora egin dedan bidaia bakarra, Logroñoko katedralera sartuta izan zan. Benetan zirraragarria, ahaztezina.

Eta duela gutxi, Donostiako Santa Maria katedralaren barruan, han sakon batean, beste aparizio bat ikusi nuen. Beste koadro zirraragarri bat. Gari (Hertzainak-eko Gari) zirudien santu bat, koadro batean. Hurrengo batean, argazkia aterako diot, antzarekin liluratuta gera zaitezten.

Ondo diozun bezela "egunerokotasunagatik edo, erreparatzen ez zaiena", baina Katedralak barrutik, sekulako istorio iturri dira.

Maisu Julen, segi begia zorrozten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.