Sailkapen garaiak
Gure garaietako ezaugarri bat izango da beharbada dena sailkatu beharra. Ez da kontu berria, baina gaur, izaera uniformeko lanek sormen hibridoari lekua egin behar izan dion honetan, arteak ikuspuntu poliedrikoak eskaini nahi dituen honetan, duela urte batzuetatik nobelaren heriotzaz berbetan ari garen honetan, bideak etengabe gurutzatzen diren honetan, poesiatik antzerkira edo saiakeratik musikara segundo bateko tartea baino ez dagoen honetan, gauza bakoitzari bere izena eman ezean, ito egiten da jende asko. Eta beharra sentitzen dute, hitz bakarrean definitzeko obra bat, estilo bat, autore bat, garai bat, korronte bat. Horregatik, niri miresgarria iruditzen zait irakurle batek azaltzea zer sentitu duen liburu batekin, edo kontatzea zelan imajinatu duen liburuko paisaia edo pertsonaia bat, idazleak guztiz kontrara imajinatu badu ere. Literatura ez da farmazia-laborategi batean prestatutako errezeta: 20 gramo sinbolismo, 35 miligramo errealismo, eta etika eta estetika koilarakada bana, besteak beste. Ez daukat gogorik literaturarekin UCI Pro-Tour bat sortzeko eta funtsezko sentimenduak alboan lagatzeko.
Joxean Agirrek, "Romain zen bere izena" liburuan, Barthesen aipu bat jaso zuen: "testu bati egilea izendatuz, mugak jartzen zaizkio eta sakoneko esanahi bat ematen". Kritikariek, muga horien erreferentziekin baldintzatuta, egilea epaitzen dute sarritan, liburua barik. Irakurleak, aldiz, oso bestelako irakurketa-saioa egingo du, hainbeste sailkapenik gabekoa eta sentimenduetan oinarrituagoa, laborategiko errezetarik gabekoa. Ez duelako erreferentzia horien pisua gainean, eta, batzuetan, nork idatzia den jakin barik ere irakurtzen duelako liburua. Zaborra ere kritikariak baino errazago onartuko du, ordea.
Lehen aipatutako liburu berean, Agirrek Foucaulten aipu bat ere sartu zuen: "ona litzateke urtebetez-edo literatura liburuak egileen izenik gabe aterako balira".
badut nik jolas txiki bat, nire buruarekin jolas egiteko
irratian musika klasikoa entzun orduko norena ote den asmatzen saiatzen naiz, eta ezin izaten dut diala aldatu asmatu dudan edo ez jakin arte
(gero, sarritan, halako ipuitxo batzuk asmatu behar izaten ditut nire ezjakintasuna zuritzeko)