Joxe Aranzabalegaz berbetan
Bizkaie! aldizkari digitalerako egindako alkarrizketea.
Nor da Joxe Aranzabal?
Berrogeita hamabi urteko gizon bat da, Historia ikasketak egin zituana Deustuko Unibersidadean. Aurretik Donostiako EUTGn egon nintzan, eta hori baino lehenago Seminarioan, zazpi urte, Saturraranen eta Donostian. Gero irakasle hasi nintzan Arrasateko Eskola Politeknikoan. 29 urtegaz eskola itxi eta Bego neska-lagunagaz batera Ameriketara joan nintzan, urtebeterako hasikeran eta bost urterako gero: Estatu Batuak, Kanada eta Israel korridu genduzan. Gero Bergarako Udal Euskaltegian hasi nintzan, eta, han nengoala, lagun talde batek deituta, eta, ni zuzendari izendauta, Arrasate Press sortu genduan. Arrasate Telebistak be urten eban, eta, horren ostean, neure kabuz hasi nintzan beharrean, barripaperak-eta argitaratzen. Gero, Goiena proiektua sortzen hasi ginan, eta, eginda egoanean, Mondragon Unibersidadeko HUHEZIn sartu nintzan. Hantxe harrapau ninduan gaixotasunak.
Gaixotasuna, gainera, mugarria izan da zure bizitzan. Sekula pentsauko ez zenduana...
Nik uste dot inori ez jakola okurriduten pasau ahal jakonik, eta niri be ez. Alde horretatik sorpresea izan zan. Baina batez be lehenengo orduak izan ziran sorpresea: inork ez eustan ezer esaten, eta ni hasi nintzan pentsetan zeozer potoloa egoala han. Eta mamuak etorten jatzuz burura, eta txarrena pentsetan hasten zara... Gero, gaixotasunari izena ipintean, gauzak beste modu baten ikusi nebazan.
Mugarri horren aurretik eta ostean aldaketa handia egon da Joxe Aranzabalen izakeran?
Gauza batzuetan bai, baina iraultzarik ez dot pentsetan egon danik. Beharbada ikuspegia, gauzei begitzeko modua izan da apur bat aldatu dana. Paseoan noala, Udalatx eta Anboto zuri-zuri ikustea... holako gauzakaz gozau egiten dot. Eta, beste alde batetik, gaixorik dagoan jenteagaz sentiberatasun handiagoa daukat, eta entzuteko orduan be bai. Lehen sano zentrauta egoten nintzan lanagaz, eta oin be lana inportantea da niretzat, baina beste gauza batzuek, esate baterako eguneroko bizitzak edo zaletasunek, garrantzi handiagoa hartu dabe nire bizitzan.
Zelan agertu jatzun minbizia?
Atzera begira ipinita, konturatu naz sasoi haretan ez nebala hainbeste jaten, eta, aldiz, beteta sentiduten nintzala. Gero, oporretan gengozala, Bego eta biok korrika egitera joaten ginan, eta berak 45 minutu egiten zituan bitartean, nik 20 bakarrik. Fondo falta edo... Handik denpora batera, korrika egitera joan eta min hartu neban tendoian. Hori normala da, baina gero, etxean trankil nengoala, bat-batean mina sentidu neban barean. Bazkalostean korrika egitera joan eta hori jazotea ez da arraroa, baina etxean trankil egonda... Eta joan nintzan masaje bat hartzera tendoiarenagaitik, eta, bide batez, komentau egin neutsan masajisteari. Etzunarazo egin ninduan, eta, holan, etzunda, argi ikusten zan tripa ingurua puztuago egoala ezkerrean eskuman baino. Ospitalera joan nintzan eta hematologia sailean sartu ninduen. Hurrengo goizean, Jesus Ojanguren medikua etorri zan, eta dana azaldu eustan: linfoma bat zan, baina ez ekian ze linfoma mota. Halanda ze, badaezpadan, Mantle linfomaren kontrako tratamentua emon eustien, hori da-ta linfomarik gogorrena; baina handik hilabete eta erdira ikusi zan linfoma folikularra zala, eta tratamentua bigundu egin eustien.
Hilabete eta erdi aitatu dozu. Tratamentuak urte bi iraun ditu, gitxi gorabehera. Persona batek zelan agoantetan ditu holako tarte luzeak, jakin barik zer jazoten dan bere barruan?
Ospitalean sartu ninduenean, hamazortzi ordu egon nintzan jakin barik zer neukan. Horrek emoten dau astindu bat... niri, behintzat, ikaragarria. Rojas Marcos psikiatrak dino holako zartada bat jasoterakoan mamuak geratzen dirala norberaren inkontzientean: komenidu da horreek ateratea, ze, ostantzean, deabrukeriak egiten hasten dira. Hasten bazara mamu horreen gainean berba egiten edo idazten, mamuak beheko planotik goiko planora eroaten dituzu, plano arrazionalera, eta plano hori errazagoa da kudeatzea. Rojas Marcosen aholku hori itzela iruditu jatan, eta erabagi neban neuk be hori egitea. Eta egia da: holan errazagoa da arazoari heltzea. Beste alde batetik, nik banekian arazo bat neukala, eta pentsau neban nire indar guztiak ipini behar nebazala arazo horri aurre egiteko: erabateko baja hartu neban. Gogoratzen naz minbizia pasautako emakume batek, Marisabelek, esan eustala: "Hau gerra bat da eta prest egon behar dozu gerrarako, ostean galdu egingo dozu". Helburu bakarra neukan: osatzea. Indar guztiak horretara bideratu nebazan, eta osatzeko balio eustan guztia neuretzat hartzen neban, eta osatzeko traba egiten eustana albo baten ixten neban. Horrek ikaragarri lagundu eustan.
Baina jakinda zure etsaia nor zan... errazena kikiltzea izango zan.
Bai. Errespetua emoten dau, ze heriotza hor dabil. Gogoratzen naz egun baten Jesus medikuagaz autotransplantearen gainean berbetan egon nintzala, eta esan eustan hilteko arriskua egoala. Gero, pentsau neban: "transplantea egingo dogu, baina hilten banaz?", eta itzelezko penea sartu jatan, imajinetean lagunei zelan esango neutsen agur. Heriotza hor ebilen. Momentu honetan, onartzen dot heriotza edonoiz etorri daitekela. Onartu dot baina penea be emongo deust, loturak daukadazalako hemen eta negar egingo dodalako lotura horreengaitik. Bigarrenez hurreratzen bajat heriotza, ez dot etsiko, baina etorten bada, ba etorriko da.
Lotura horreengaitik negar egingo dozu, baina lotura horreek izan dira, hain zuzen be, indarra emon deutsuenak aurrera egiteko...
Horregaitik esan dot ez dodala amore emongo eta burrukan egingo dodala. Heldulekuak topau behar dira horretarako, eta bizitzak helduleku mordoa eskaintzen ditu, batez be familia, lagunak eta norberak topetan dituanak. Eta horrek emoten dau benetako indarra.
Beste helduleku bat Sustatun idaztea izan zan.
Bai, hori ospitalean bertan erabagi neban. Jakin nebanean ze gaixotasun neukan, orduan pentsau neban bertan idatzi behar nebala. Estatu Batuetan egon nintzanean, bi modutan ezagutu neban HIESa: gaixotasun madarikatua zan lehenengo, ezezaguna zanean; baina gero, Rock Hudson gaixorik agertu zanean, gaixotasun horren gaineko perzepzinoa aldatu egin zan. Eta konturatu nintzan ze garrantzitsua dan gaixotasunak arpegi bat eukitea. Handik urte batzuetara, Arrasate Pressen nengoala, HIESak gogor astindu eban Arrasate. Lagun asko jausi ziran. Ni bila ibili nintzan, ea topetan neban nonor erreportaje bat egiteko prest egongo zana, ze itzelezko astakeriak esaten ziran HIESaren gainean. Baina ez neban inor topau. Handik denpora batera, Jon Salaberri agertu zan, bera izan zan HIESaren arpegia hemen. Oin niri tokau jat: ez da HIESa, baina bai antzeko zeozer. Antzekoa, ez madarikatua dalako, tabu handia dalako baino. Eta ez neban hasi behar inoren bila: gaixo nengoanez, zer jazoten jatan kontau behar neban, beharbada modu horretan jenteak errazago egingo ebalako berba gai honen inguruan. Sustatu hasiera-hasieratik ezagutu neban, eta komuniketako bide horrek liluratu egiten ninduan. Eta koinatak esan eustan: "zergaitik ez dozu liburu bat idazten, erraztasuna dozu eta?", eta nik erantzun: "ez, liburu bat ez. Nik Sustatun idatziko dot".
"Medikuak esan dit minbizia dudala" izeneko lehenengo mezu ha argitaratu zanean ospitalean zengozan?
Barriro ospitalera eroan ninduenean, bezperan, gauean, Sustatura bialdu neban testu ha. Hurrengo egunean, goizean, eskanerrean nengoan, eta pentsetan neban: "ze demontre pasauko ete da artikulu horregaz?". Gero jakin neban erantzunak bata bestearen atzetik etorri zirala. Ordura arte ez zan holakorik ezagutzen.
Ez zenduan itxaroten.
Erantzun batzuk egon eitekezala bai, baina holakorik ez.
Hortik aurrera, Sustatuko mezuak idaztean, gehiago pentsetan zenduan irakurleagaz?
Ez, bardintsu segiduten neban. Banekian hainbat jente hor egongo zala, eta idazteko moduan kontuan hartzen neban hori. Alde horretatik, bai hartzen neban kontuan irakurlea. Terminologia teknikoa be baegoan, eta jenteari hori helduarazoteko modua zaindu egin behar zan.
Bizitza pribadua kontetan dozu, eta familiako kideak be agertzen dira liburuan.
Euren baimenagaz beti be. Eurak kontakizunean sartzen dira, nire historiagaz zerikusia daukien neurrian, ostean ez. Esan leiteke pertsonaia bihurtu ditudala. Medikuak, erizainak, gaixoak... horreek be pertsonaia bihurtu ditut. Gai honen gainean garbi berba egiten dozunean, ia derrigorrezkoa da hori egitea: zenbat eta pertsonaia errealagoak agertu, sinesgarritasuna be handiagoa da. Alde horretatik gordina izan naz. Aurreko baten, irakurle batek esan eustan liburua zala "ostia bat bezain zuzena eta muxu bat bezain goxoa", eta hori apropos eginda dago: zuzen eta gordin kontau dot dana, eta irakurlea astinduta geratuko da, eta hortik aurrera ez dau modu berean ikusiko gaixotasuna. Jentea honi buruz berbetan hasten bada, bildurra bigarren planora pasauko da.
Lance Armstrongen eta Miriam Suarezen liburuak irakurri zenduzan gaixorik zengozala. Baina zure liburua desbardina da: eurek gaixotasuna gainditu ostean idatzi eben, eta zuk gaixotasunaren tratamentuak aurrera egin ahala.
Zentzun horretan, liburua bada originala: gertatu ahala kontetan dira gauzak, eta hori interneti esker da. Bestetik, obra polifonikoa da: ez da nire abotsa bakarrik entzuten. Sustatun jasotako erantzun asko be batu ditugu, hori be interneti esker.
Baina, gainera, idatzi ahala ez zenkian zer pasauko jatzun.
Horrek be markau egiten dau idazteko modua. Gorabeherak dagoz: oin hobeto nago eta esperantzak daukadaz, baina gero aldaketak dagoz... Edo mediku batek gauza bat modu baten esaten deust, eta gero beste batek beste modu baten...
Horri be garrantzia emoten deutsazu: gaixotasunaren gainean komuniketako modua.
Hori sano inportantea da. Nik ez dakit medikuei irakasten ete deutsien zelan komunikau, baina uste dot horrek asignatura bat izan beharko leukela: ez liburuetako asignatura, zeozer praktikoa baino, mintegietan eta taldeka lantzeko modukoa. Garrantzi handia dauka komuniketako moduak. Gaixoak dana jakin behar dauen edo ignorantzia zoriontsuan bizi behar dan... Nik ezagutzen dot gizon baten kasua, belarri inguruan tumore bat topau eutsiena. Medikuak esan eutsan: "erradiologia egingo dogu, kimioa... eta dana ondo joango da". Beste barik: medikuak ez eutsan esan zer eukan. Eta apurka-apurka gaixoak beherantz egin eban. Eta, holako batean, emaztea beste mediku batekin berbetan egoala, mediku ha harrituta geratu zan, emazteak ez ekialako ezer. Medikuak esan eutsan: "baina ez deutsue ezer esan ala? Zure senarra txarto dago, hilteko puntuan!". Kasualidadez, emazteak lehenengo mediku ha ikusi eban pasillotik. Joan eta galdetu eutsan ea zelan ibili zan egia esan barik. Eta medikuaren erantzuna: "jo! Holako penea emon eustan ze!". Hori ezin da egin. Medikuek ez daukie eskubiderik egia ezkutetako. Baten batek beti jakin behar dau egia: gaixoak edo ingurukoek, baina nonork beti. Beste batzuetan, medikuek esaten deutsue jakin gura dozun punturaino, gehiago ez. Izan be, gaixo batzuek ez dabe jakin gura izaten. Nik, esate baterako, galdera zerrenda bat eroaten neban prestauta. Aurrera egiteko, gauza batzuk jakin behar nebazan.
Sarritan aitatzen dozu Ivan Nobleren kasua...
Ivan Noble kazetari ingelesa zan. 2002ko abuztuan minbizia topau eutsien, niri baino hilabete lehenago. Berak be, nire moduan, gaixotasunaren gorabeherak blog baten idaztea erabagi eban. Nik ez neban euki horren barri bere azken mezua idatzi eban arte. Hurrengo egunean hil zan. Beragandik oso hur sentidu nintzan, gaixotasuna ia sasoi berean topau euskuelako eta biok erabagi gendulako blog baten idaztea minbiziaren gainean: bera irailaren 12an hasi zala uste dot, eta ni 15ean. Bere blogean be erantzun mordoa euki eban, eta ikusten da zeozer ikutu ebala jentearengan. Nik uste dot hori giza izakerea dala: gizakiak gara eta, holako egoera baten aurrean, alkartasunak eta maitasunak urten egiten deusku. Enpatia igarten da kasu horreetan. Personak gara eta hizkuntza unibersala daukagu: alkartasuna. Gorrotoa be bada hizkuntza unibersala, baina kasu honetan alkartasuna.
Zure bloga aitatu dozu. Egunero idazten dozu bertan, indartsu.
Sustatuko prozesua amaitzean, pentsau neban bazala sasoia blog bategaz hasteko, eta Faroa sortu neban, lehenengo Blogger-en eta oin Goiena.net-en (www.goiena.net/blogak/faroa). Egunero idazteko proba egin neban, laneko zurrunbilotik urten eta beste zeozertarako tartea topau guran. Alde batetik konpromisoa da, baina bestetik ihesbidea.
Gaur egun zelan zagoz?
Irailean hasi nintzan beharrean, egun osoz gainera. Garagarrilean nintzan hastekoa, baina tronbosia izan neban. Laneko gauza batzuetan igarri dot arintasun edo erreflexu falta, baina normala da: urte bi egon naz laneko kontuakaz guztiz ahaztuta, burutik kendu egin nebazan eta. Baina sano giro ona daukat beharrean, lankideek ederto zaintzen nabe eta poz-pozik nago bertan.