Harkaitz Cano Bilbon
Bihar, asteazkenean, 19:30ean, Harkaitz Cano izango dugu Txurdinaga-Santutxun, Belarraren ahoa bere azken liburuaz berbetan, Asapala Elkarteak hilero-hilero antolatu ohi duen "Irakurlearen Tartea" solasaldiaren barruan.
Hitzaldiok hileko azken asteazkenetan egiten dira beti, AEK-k Txurdinagan duen euskaltegian. Hilabete lehenago, irakurleei jakinarazten zaie zein izango den irakurriko dugun liburua eta aurrean izango dugun idazlea; oraingoan, esan bezala, Harkaitz Cano izango da gurean, iazko azaroan argitaratu zuen liburuarekin.
Ekimen hau 2003ko urtarrilean hasi genuen, eta, geroztik, euskal literaturako makina bat idazle ekarri ditugu gure artera. Aurtengo ikasturtea Eider Rodriguezekin hasi eta Fernando Morillorekin jarraitu genuen, eta, abenduko ohiko geldialditxoaren ostean, urtea gogor hasiko dugu, gaur eguneko idazlerik oparo eta interesgarrienetako batekin.
"Belarraren ahoa" (Alberdania) narrazioan, autoreak Historia berrasmatu eta berreraiki egin du, ohi duen ukitu poetikoarekin eta imajinazio itzelarekin. Honela dio liburuaren kontrazalak:
"Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela, Britainia Handia barne. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera. Itsasontziko sotoan preso, Charles Chaplin komediantea.
Demagun, 1886an, Frantziatik New Yorkera Askatasun Anderea puskatan daramaten itsasontziaren soto haietan Olivier Legrand izeneko polizoia doala Ameriketara.
Askatasun pertsonalaren alegoria ederra egiten du Harkaitz Canok bi historia horiek bat egiten duten unetik aurrera, kontakizun bizkor, samur, poetiko honetan".
Liburu ederra, lagunarte ederrean gozatzeko. Egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 19:30
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
--------------------------------------------------------------------------------------- Hurrengo zita: otsailaren 23an, Andoni Egaña "Hogeita bina" liburuari buruz berbetan.
eta bilbo aukeran urrun daukagunontzat gaur anjel lertxundiren hitzaldia getarian,
Letra, Getaria bidean
izenburupean, zortzietan alondiganinformazio gejhiago nahi duenak http://www.urola-kostakohitza.info/hitza_n.php?herria=GETARIA&fetxa=2005-01-25&izena=p00004849&eskualdea=UROLA-KOSTA&produktua=UROLA-KOSTAKO