Hamar urte
Bart entzun nuen irratian, Roge Blascoren "Levando anclas" zoragarrian, Eneko Etxebarrietak eta Elza Miyuki Okabek larunbatean hasiko dutela euren proiektu berria: munduari itzulia tandemean.
Eneko Etxebarrieta gasteiztarrak lehen ere eman zion itzulia munduari, 46.000 kilometro eginez 1.420 egunetan, hau da, ia 4 urtetan. Bidean Miyuki ezagutu zuen, eta orain biek batera ekingo diote bigarren bira honi. Baina, esan bezala, oraingoan tandemean.
Proiektuari "Acercando el mundo / Mundua hurbilduz" izena jarri diote, eta web orria ere sortu dute (gehien-gehiena gaztelaniaz dago). Bertan, besteak beste, ederto azaldu dute zer egin nahi duten eta zer egin zuen Enekok aurretik, eta buletin bat ere badute, euren berri posta elektronikoz jasotzeko.
Babesle nagusi bi (F-3.net eta cdtarjeta.com) eta kolaboratzaile mordoa lortu dituzte, ez nolanahikoak gainera: Canon, The North Face, Santa Maria Katedrala Fundazioa, Etxeondo, Karlosnet, Orbea, Nokia, Geo Planeta, Ikatz...
Enekoren lehenengo itzuliaren berri astero jarraitu nuen "Levando anclas" saioan, eta orain ere gauza bera egiteko asmoa daukat. Baina atzo, irratia entzuten jarri eta, berandu zenez, erdi lokartzen hasi nintzen, eta ezin izan nuen dena entzun. Hori bai: oso argi esan zuten zenbat iraungo duen proiektu honek, eta harrituta geratu nintzen. Hamar urte. Hamar urte munduari bira ematen.
Lo geratu aurretik, burutik pasatu zitzaidan zer diren hamar urte. Pentsatu zuek ere.
Zer gertatu zaizue azken hamar urteotan?
Zer gertatu da munduan azken hamar urteotan?
1995etik hona, zer gertatu da zuongan, barruan eta kanpoan, edo munduan, edo herrian?
Zenbat ume izan dituzue hamar urtetan?
Zenbat jende hil zaizue inguruan?
Zenbat lanpostu izan dituzue eta zenbat neska edo mutil-lagun?
Zenbat etsai eta zenbat lagun egin daitezke hamar urtetan?
Zenbat hazi da zuen umea?
Zenbat zahartu zarete zuek? Zenbat gaztetu?
Zenbat zahartu da mundua? Hamar urteko zenbat bira gehiago eman behar zaizkio munduari, erabat zahartu dadin?
Ni ere memori txarrekoa naiz (orokorrean) eta derrigorrez inpresioen bidez funtzionatzen det. Nere inpresioa da, munduak bere hortan segitzen duela, aurrerapen izugarriekin, baina borondate mailan batere aurrerapenik izan gabe. Akaso oker nabil. Ze aldetara nabilen oker, ezin jakin.
Nere kasuan berriz, on guztiak gehitu, txar guztiak kendu, eta aberats ateratzen naiz. Nere aberastasunean pobre sentitzen naiz ordea, azkarregi bizi izan naizelako. Hori da daukadan inpresioa.
Datozen hamar urteei, nik aberastasun gutxiago, baina lasaitasun gehiago eskatuko nieke.
Hemendik hamar urtera, galdetuidazu, ahaztu gabe.
________
Bikote honi buruz... gustora galdetuko nieke, nola konpontzen diren aldapan gora alkarrekin hasarratuta daudenean. Zeinek eragiten die pedalei? Hasarratuen dagoenak ez behintzat. Amorruz pedalei eragin, bestea batere nekatu gabe igo dadin? Bai interesantea...