Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Ez gara fashionak, baina...

Ez gara fashionak, baina...

gabiria 2005/01/20 11:23

Atzo, Patxi Gaztelumendi pozik zegoen bere blogean, Kukuxumusuk telefono mugikorretarako jolas arrakastatsu eta original bat sortu duelako, Pernan Goñiren eskutik.

Gaur, ni berriro poztu naiz, eta arrazoia Kukuxumusu bera izan da. Lanera nentorrela, Bilboko kaleetatik paseatzen eta eskaparateei begira, bat-batean iruditu zait txarto irakurri dudala: instintiboki, pentsatu dut "Rebajas" jartzen zuela, baina zerbait arraroa zuen kartel hark. Berriro begiratu dut: "Revacas". Kristorena iruditu zait publizitatea, oso ona, kontuan hartuta Kukuxumusun behiek duten garrantzia.

Baina, segituan, barruan dudan itzultzailea esnatu egin da (gutxitan lokartzen da, baina gaur nekatuta zegoen), eta buruan galdera-ikur erraldoi bat agertu zait, eta beldurra ere galanta. Batez ere azken hori: beldurra. Galanta.

Segundo laurden batean, erreakzionatu egin dut: "Revacas", zelan jarriko genuke euskaraz? "Vaca", "Behia". Beraz, "Behierapenak" edo antzeko zeozer. Hitz-jokoa egiteko modukoa zen. Eta orduan bai, orduan sartu zait beldurra, pentsatzean Kukuxumusukoek errazenera jo eta ohiko "Beherapenak" jarriko zutela. Eta joan naiz dendaren beste eskaparatera, eta... arnasa gustura hartu dut: "Behirapenak". Zelako poza! Hitz-joko bikaina lortu dute euskaraz eta gaztelaniaz. Ez dakit zein izan zen lehenengo: euskarazkoa ala gaztelaniazkoa; ez dakit zein den jatorrizkoa eta zein itzulpena, baina ez da igartzen, eta asko da hori. Itzel daude biak, eta poztekoa da.

Gero, kalean aurrera eginez, Bilboko Udalak sustatutako SheŽs in fashion kanpainako pegatinak ikusi ditut eskaparateetan. Bilbo hiri fashiona da, eta eskaparate horietan, "Rebajas, soldes, saldi..." ikusi dut, munduko hizkuntza guztietan, euskaraz izan ezik. Fashiona da Bilbo, euskarari bizkarra ematea bezain fashiona. Hiri honi aukerarik ere ez zaio ematen euskaraz bizi ahal izateko, pentsa ze fashionak garen.

Euskara ez dago modan, baina pozak ematen dizkigu noizean behin. Ni, behintzat, irribarre batekin geratu naiz Kukuxumusuren erakusleihoa ikusi ostean.

Hurrengo kanpainetarako, iradokizun txiki eta apal bat, hartu nahi badute. Behi eroak ez daudenez guztiz ahaztuta, eta "Rebajas locas" askotan erabiltzen denez, "Revacas locas" ere oso polita izango litzateke, eta euskaraz, berriz, "Behieropenak" edo antzeko zerbait. Edozelan ere, txapo, Kukuxumusu!

etiketak: Hara-honakoak
Julen
Julen dio:
2005/01/20 17:40

Orduan, nire zalantza: itzulpena da egiten dena, Miren? hau da, gaztelaniaz pentsatzen dute lehenengo? esate baterako, "Revacas" da prozesuaren lehen urratsa? zuk ondo ezagutzen duzu mundutxo hori, eta akaso jakingo duzu.

Miren
Miren dio:
2005/01/20 17:27

Txapo Kukuxumusu, bai, egiten duten guzti-guztia euskaratzeagatik, baina oraingoan txapo batez ere Iruñeko Karrikiri elkarteko itzultzaileak, haiek itzultzen baitute Kukuxumusukoen lan gehienak. Eta Kukuxumusukideen eromenak ezagututa, lan zaila behar du izan.

Mirimi
Mirimi dio:
2005/01/20 18:30

Ai ama! Ez naiz blog kontu hauekin batere ongi moldatzen. Lehenik ere erantzun dizut, Julen, baina ez dakit erantzuna non sartu den, beraz gero bitan agertzen bada, barka. Kontua honela da: nik dakidanez, Kukuxumusukoek gazteleraz sortzen ohi dituzte bere bi web orrietako testuak eta gainontzeko testuak ere eta gero euskaraz eta ingeleraz itzuli. Eta nik, egia esan, eta sanfermin.com web orriari dagokionez bederen, jatorrizko testuak nahiago izaten ditut. Baina bueno, hori ere ulertzekoa da, ezta? Batez ere sanferminen inguruko hizkerak (terminologia propio zabala dute sanferminek, to!) gazteleraz izaten direla kontuan hartuz; niri batzutan arrotz egiten zaizkit euskarazkoa. Igual Kukuxumusu baliatzen ahalko genuke sanferminei buruzko euskarazko hizkera jatorra sortzeko (Berriako Serio Demonioko egileak ere lagungarri izango genituzke). Baina horretarako beste blog bat beharko genuke... Edonola ere, Revacas horretan arras ongi egin dute itzultzaileek.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.