Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Kanpeona

Julen Gabiria 2005/01/17 08:01

Izekok deitu zidan aurrekoan, pozik.

Izeko Begoñak arnasa hartu ahal izateko aparatua erabili behar du egunero eta gauero, duela urtebete baino gutxiagotik hona. Azken bi urteotan edo, gauez erabili behar zuen bakarrik, baina jada ezin zituen lau pauso ere eman kaletik, ito egiten zen, eta egunerako ere jarri zioten aparatua.

Esan ziotenean egunez ere erabili behar zuela, mundua gainera jausi zitzaion, jendeak zer esango ote zuen eta. Horren atzean beste arrazoi pertsonal batzuk ere badaude, guztiz zentzudunak eta erraz ulertzekoak, baina ez gara horretan sartuko.

Eta kontua da, hasieran, etxean geratzen zela. Egun batzuk baino ez ziren izan. Holako batean, erabaki zuen bost inporta zitzaiola jendearen begirada, eta etxetik irten behar zuela, besterik ez bazen ere nahiko ahulduta dituen hankak eta bihotza indartzeko. Eta irten zen, lirain, aparatuaren tutua sudurraren azpian jarrita, arnasa enlatatua baina bizigarria arnastera.

Aparatua ere gero eta txikiagoa dauka. Lehen zorro handi baten barruan eraman behar zuen, baina, bere urteekin, gerria ere ez dauka ondo, eta gero eta txikiagoa eman diote aparatua. Orain poltsa barruan darama kilo bat inguru pisatzen duen makina.

Hala ere kanposantura ezin da igo. Ze kanposantua, Gernikan, goialdetxo batean dago, paseotxoa zuretzat eta niretzat, baina alta montaña berarentzat. Eta kanposantuan bizi da osaba, eta izeko ezin izaten zaio joan bisitan.

Aurrekoan deitu egin zidan, pozik. Bakar-bakarrik esateko egun horretan kanpeona bat izan zela, horrelaxe esan zidan. Goizean osabarengana joatea okurritu zitzaiola, bainakeba pentsatu omen zuela, zelako gauzak pentsetan dozuzan, izeko (ze berak, bere buruari, izeko deitzen dio), ea zelan igoko zen bera hara goraino.

Eta, armozatzen zegoela, pentsatu zuela a muerte!. Horrela, a muerte, horixe pentsatu zuela. Hori esan zidan. Eta jantzi eta aparatua hartu eta kanposanturantz hasi zela, apurka-apurka, nor eta bera, azken aldian ozta-ozta heltzen zena frontoira eta buelta. Baina buruan hitz horiek zituela, eta berak osabarengana nahi zuela, Gabonak baino lehenagotik ez zelako egon berarekin eta kontatu nahi ziolako zer afaldu genuen eta. Hori ere esan zidan. Osabari, izekok osaba deitzen dio. Osabak ere izeko deitzen zion izekori.

Eta heldu zela esan zidan, jakina. Horretarako baino ez zidan deitu, kanpeona bat dela esateko. Baina hori nik banekien aspalditik.

etiketak:
Julen
Julen dio:
2005/01/17 15:50

Horregatik esan dut kanposantuan "bizi dela" osaba. Eta horrela da, benetan. Hil dira nire inguruan hau eta bestea, baina osaba bezain bizirik ez dago inor. Bizirik daudela dioten batzuk ere ez.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/17 15:39

Oso maitasun istorio polita.

Neri oso deigarria egiten zait, jendeak senarra, emaztea... dana dalakoa “bisitatzera” dijoala esaten duenean, kanposantura.

Ez dago, baina badago. Hor dago, eta hor egongo da ni bizi naizen artean...

Errausketarekin ez dago hondarrik txikiena ere. Ez dago. Diferentzia oso haundia da. Hain da haundia, jendearen bizitza baldintza dezakeela, izugarri.

Nere ezagun baten ama, zain egon zan, bere senar zenaren ondoko tokia noiz libre geratuko, hiltzeko. Eta baita asmatu ere. Elkarren ondoan daude.

Zure izekoak, zerbait badu, bizitasuna da. Eta bere ilobak, hau kontatzean, eta kontatzeko moduan, haren adinakoa erakusten du.

Zorionak bioi beraz.

zure laguna
zure laguna dio:
2005/01/26 22:10

"Kanpeona" artikuloa asko gustau jat. Gainera, asko esagutzen dot zure izekoa eta zuk beragaitik daukazun maitasuna ikusten dot.

Oso polita da be zelan deskribitzen dozun eurek zuekaitik deukien maitasuna, alkarreri izeko-osaba deitzen.

Nik be, ataraten dot indarra kanposantura igoteko, baina ez gorputzatik ez bada bihotzetik.

Gainera, oso ondo ulertzen dot idazten dozuzan artikuloak eta, horregaitik, itxaroten nago beste bat.

Euskerazko ikasle bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.