Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Iya guriak egin du

Iya guriak egin du

gabiria 2005/01/13 10:06

Ingurukoek badakite oso memoria txarra dudala. Ez soilik despiste kontuetan, despistatuetan despistatuena bainaiz; baina, gainera, memoria txarra daukat txikitako, nerabezaroko eta nire bizitza osoko gauzetarako.

Gauza asko horregatik idazten ditut nik, gogoratzeko. Normala denez, ez ditut idazten gertatu ziren modu-moduan: nire oroimena pizteko balioko duen izpitxo batetik abiatuz, irakurle guztientzat balioko duen zerbait idazteko ahalegina egiten dut. Baina, bai: kasu asko eta askotan, gogoratzeko idazten dut. Gogoratzeko beharra dudalako eta nire oroimenak ez duelako hainbesterako ematen.

Atzo bete ziren 170 urte direla Xenpelar jaio zela. Euskadi Irratiko "Arratsaldekoa" saioan esan zuten. Gero "Iya guriak egin du" bertso sortaren zenbait bertsio jarri zituzten, tartean, jakina, Xabier Leterena, eta bat-batean etorri zitzaizkidan mila irudi, nire gaztarokoak.

Gianni Rodariren "Fantasiaren gramatika" liburu zoragarria etortzen zait horrelakoetan burura. Gehien maite ditudan hamar liburuen zerrenda inoiz eskatzen badidate, zoritxarrez liburu asko geratuko dira kanpoan, baina Rodariren hori barruan egongo da, egon zaitezte seguru. Bada, Rodariren liburua etortzen zait burura, memoria lantzeko jolas bat proposatzen duelako bertan, gero nik ere erabili izan dudana literatura tailerren batean edo bestean. Baina horretaz beste egunen batean egingo dugu berba.

"Iya guriak egin du" bertso sortak beti jarri izan dizkit ileak tente. Atzo berriro entzun nuen, eta hotzikara sentitu nuen. Ez dakit musika den, ez dakit hitzak diren, ez dakit ez ote den dena batera. Biek ala biek, musikak eta hitzak, badute halako harrotasun bat, burua tente eramatera bultzatzen gaituen halako indar bat... eta hunkitu egiten nau.

Gaztetan hunkitzen ninduen modu berean. "Iya guriak egin du" lehenengoz noiz entzun nuen? Bada, ez dakit ziur, baina izango nituen 13-14 bat urte, hor nonbait. Garai hartan bertso eskolan nenbilen, eta aldian-aldian afaria egiten genuen Muxikan (batzuetan Muxikan bertan eta bestetan Ariatza auzoan), gure irakaslea Jon Enbeita zelako, muxikarra bera. Afalostean, zelan ez, bertsotan aritzen ginen, eta gero unerik politena heltzen zen niretzat, bat-bateko lana utzi eta kantuan hasten ginenean. Eta horrelako afari batean, Jon Enbeita eta Ireneo Ajuria, ahots bitan, "Iya guriak egin du" abesten hasi ziren. Eta lehen aldia izan zen entzuten nuena, eta harrituta geratu nintzen, ileak tente. Harrituta musikarekin, aho zabalik hitzekin.

Baina afari hura baino, niri hurrengoa geratu zitzaidan buruan: ondo gogoratzen dut Ariatzan izan zela, elizaren ondoan dagoen soziedadean. Afalostean, bertsoak; eta bertsoen ostean, kantuak. Mordotxoa kantatu genituen, baina "Iya guriak egin du" ez. Gogoratzen naiz denbora gutxi falta zela mahaitik altxatzeko eta etxera joateko, edo inpresio hori daukat gutxienez, erloju kontra nenbilela eta nire abestia ez zela heltzen. Eta gogoratzen naiz Enbeitak, keinuren batekin, adierazi zuela abestiak amaitzen ari zirela eta bazela ordua altxatzeko. Eta orduan, ikusita aukerak amaitu egin zitzaizkidala, eskatu egin nuen: "abestu hori... buruen tirue jotiena".

Eta sekula ahaztuko ez dudan une bat izan zen: Enbeitak irribarre egin zidan, eta gero biek, Jonek eta Ireneok, bataren besoa bestearen sorbaldan jarri zuten, eta kantuan hasi ziren. Eta niri begira kantatu zuten bertso sorta osoa. Lelokeria dirudi gaurtik ikusita, baina ahazten ez den gauza horietako bat izan zen niretzat, gauzak ez ahazteko idatzi egin behar baditut ere.

Eta abestu zuten, besteak beste, "buruen tirue jotiena":

Ez naiz ni gerraren zale
baizik pakearen alde.
Zeinek nai duen galde,
berari tira alde,
bala bat sartu buruan.
Aspertuko da orduan.

Ahots bitan eta niri begira.

etiketak: Akordatzen
Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2005/01/13 16:05

oroitzapenak eta aldaketak

Ez dakit zer interes izan dezakeen, baina hau bloga denez, eta ez "atzera-bueltarik gabeko liburua", animatu egingo naiz Xenpelarren bertso horiek ("Iya guriak egin du" edo dena delakoak) noiz eta nola entzun nituen lehen aldiz kontatzera.

  1. ingurua izango zen, edo 1979a beharbada... Ni Azpeitiko Institutuan nebilen, BUPeko 3.a edo COU egiten, eta Luis Daniel Ispizua genuen euskarako irakasle: Zumaiako idazlea da Ispizua, euskaraz nahiz gaztelaniaz narratibako hainbat liburu argitaratua, "El País"-eko "País Vasco"-n ohiko kolaboratzailea (euskal nazionalismoa arrisku lazgarritzat duten horietakoa, hitz gutxitan eta akaso merezi baino zakarrago definitzeko).

Hark irakurrarazi zizkigun bertsook, eta baita kantatu ere ederki asko, ahots ederrez, eta ez dakit zer komentario egin zuen, baina argi geratu zen Ispizua irakasleak ETAren kontrako mezua ikusten ziela bertsoei, eta guztiz bat egiten zuela mezu harekin, sutsu bat egin ere.

Kontua da niri harrigarria egin zitzaidala orduan, zinez harrigarria gainera, irakasle gazte (hala zen orduan) eta euskaldun bat (jatorra eta gertukoa gainera, eta guapoa ere bai) ETAren aurka hain sutsu agertzea. Horrelakorik ikusi gabea bainintzen.

Geroztik, apurka-apurka, gero eta normalago gertatu da hori, eta orain kasik esan liteke kontrakoa litzatekeela harrigarria: ETAren alde dagoen norbait aurkitzea (edo kontra ez dagoena behintzat) irakasgelako oholtzan, horixe aldarrikatzen.

Bilakabide hori aztertzea ez litzateke tesi baterako gai makala!

Edo bai? Ez dakit.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.