Ander Lipus
Antzerkiola Imaginarioko Ander Lipus (Markina, 1971) antzerkigileak Berrian esandakoak dira gaurkoak, oso elkarrizketa interesgarrian:
Egungo antzerkia
Ez dago sortzailerik, ez dago sormen lanik, ekoizpenak baizik. Egungo antzerkia ekoizpenari oso lotuta dago; hau da, ekoizleak dirua jartzen du eta zuzendariari zer egin behar duen agintzen dio, eta horrek aktoreak aukeratzen ditu eta aurrera.
Espiritualtasuna eta dirua, antzerkian eta gizartean
Antzerkia absurdo bihurtu da. Antzerkiari betidanik lotuta egon diren gauzek ez dute baliorik egun; esaterako, gure espiritualtasuna komunitatean partekatzea edo egungo gizarteari buruzko obra kritikoak egitea. Botereak harrapatuta gauzka. Egungo gizarteak berea ez den beste formula batzuk ametitzen ez dituzten mekanismo zorrotzak ditu. Espiritualtasuna, adibidez, ez da kontuan edukitzen ezta egungo kristautasunean ere. Dena da dirua. Eta, dena dirua denez, nik egiten dudanak ez dauka zentzurik. Nire antzerkia alferrikakoa da, baina niretzat, behintzat, sakratua. Antzerkiolan, geure antzerkitik etekin ekonomikoak ateratzeko baino gehiago, etekin espiritualak atera ahal izateko borrokatzen gara.
Antzerkiaren oztopoak
Publikoa egon badago. Kontua da ez dela loratzen, besteak beste programatzaileak daudelako, gobernu politika baztertzaileak... Benetako oztopoa ez da antzerkia bera, baizik eta antzerkiak egun dituen mekanismoak; antzokiak, adibidez. Antzokiak hilerriak dira egun, makrokapitalismoaren beste egitura bat. Eta hor dago koska: nola egin aurre botereari norberak boterea hartu gabe.